Bildumaren zerrendara itzuli


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK


 

ARRAINA

 

Arrain laranja bat erregalatu zidaten

umetan  urtebetetze egunez.

Bost urte-edo izango nituen garai hartan,

inozentzia apur izango nuen seguru aski,

ze nik uste bainuen arrain hori zela

unibertsoko arrain laranja bakarra.

Zarautz eta Landen tartean kokatzen zen

nire unibertsoa, baina oraingoa baino,

infinitua eta irudika ezina delarik ere,

askoz ere handiagoa zen.

Ez nuen egundo halako arrainik ikusi,

arrandegikoak zilarrezkoak,

zuriak edo marroiak izaten ziren,

han ez zegoen arrain laranjarik.

Egun batez, ama ontziko ura aldatzen ari zela,

uretatik salto egin eta harraskan behera

joan zen nire arrain maitagarria.

Handik aste batzuk barru gurasoak

ikusi nituen etxean aurrera-atzera,

kaxa handi bat besoetan, ezkutuan bezala.

Ez nion garrantzirik eman, egia esan,

baina egun hartan bertan

arrain laranja topatu nuen berriz,

orain bañerako uretan igerian.

Tuberien labirintoan ibiliko zen

arrain gizajoa, noraezean,

halaxe kontatu zidaten gurasoek,

eta azkenean bainerako zuloa aurkitu

eta horrela iritsiko zen atzera gurera.

Urte batzuk geroago, pentsatzen jarrita,

gauzak modu diferentean ikusi nituen.

Orduan ohartu nintzen:

problema ez da ez Olentzero,

ez Meltxor, Gaspar edo Baltasar,

ezta Perez sagua ere.

 

 

 

© cc-by-sa Beņat Sarasola

 


www.susa-literatura.eus