Bildumaren zerrendara itzuli


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK


 

ABERATS

 

Ez zaigu aberasteko asko falta.

Egon hor, pazientzia apur bat,

gure aurreikuspen moderatuenak

betetzearekin nahikoa izango dugu.

Ez alde egin oraindik, ez etsi,

ez dut zoria aipatuko,

izan konfiantza nigan.

Eta gero ez da inor konturatuko,

zin dagit ez duela inork jakingo.

Nahi duzuna egingo dugu,

disimuluak dena estaliko du,

joan gaitezke Jordaniara,

Singapurrera, Brunei aldera,

irri egingo dugu hango sultanaren bizkar

eta mundu zabaleko xaloen omenez.

Kasino eleganteen albotik pasatzean

ez gaitu ezerk liluratuko,

guk betiko alkandorak jantziko ditugu,

baita tirantezko galtza laranjak ere.

Ez ditut zuk erregalatutakoak baztertuko,

ez ditugu gure ametsak arbuiatuko.

Benetan, itxaron apur batean,

ez zaitez errenditu oraindik.

Zin dagizut:

ez zaigu aberasteko asko falta.

 

 

 

© cc-by-sa Beņat Sarasola

 


www.susa-literatura.eus