Bildumaren zerrendara itzuli


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK


 

MUNDUAREN EGOERA

 

Jende guztiak gordetzen du

joandako amodioetako

oroitzapen baliagarriren bat.

Keinu bat agian,

itsasertzeko irudi bat,

melodia epel bat

besterik ez bada.

Gerra dorpeenetan ere

beti erdiesten bide da

akordu eredugarririk.

Baina esan didate horretan ere

zu ez zarela

gainontzeko guztien lakoa.

Iragana suntsitzeko gai zarela

inolako ausikirik izan gabe gero.

Ahanztura borondatezkoa dela zuregan,

presentean atxikirik,

ez dituzula jada

nik kutsatutako hitzak erabiltzen,

«entrañablea» edo «lelo» adibidez.

Non laga dituzu behialako arropak?

Zein koloretako kontainerretan

bota dituzu plastikozko lore ximeldu haiek?

Zein ispilutan konprobatzen duzu orain

munduaren egoera?

Istant honetan bertan

non zara?

zer ari zara ospatzen?

 

Ni?

Ni hemen naiz,

hemen egongo naiz,

zure balizko musuak

masailean karminez pintatzen.

 

 

 

© cc-by-sa Beņat Sarasola

 


www.susa-literatura.eus