Kapital publikoa
Kapital publikoa
2014, poesia
104 orrialde
978-84-92468-64-5
azala: Xabier Gantzarain
Jose Luis Otamendi
1959, Azpeitia
 
2019, poesia
2007, poesia
2000, poesia
1999, narrazioak
1995, poesia
1990, poesia
1987, poesia
 

 

BIZIAK ETA HILAK

 

egunerokoan hildakoez

asko arduratu ez arren

hor dira beti

gogoan baino ezin dituzu

atxiki erabili atera

ezin diezu konturik zorrotz eskatu

eskerrak zuzen eman

eta memorian gorde edo ez

jaki erraza dira irensten

gehiengo nasaiarentzat...

egingo nuke

ebakitako zuhaitzek

hautsitako promesek

desagertuek

eragiten diotela nagi

munduari bira

 

orain haien edertasun irritsak

beste nonbait dira

gozamenaren zentzuak

ez du zertan bat etorri

zintzo edo makur jokatzearekin

egitate ezeztatzen zaila da

inoren heriotza

eta hilak mulkotan aletzen hastea

edo nahigabe bezala

orenen orbanen eremuan

sartzea aski da

haien bake karroinduak

asalda ditzan biziak

 

hala

nahitaez

hildako guztien ondoan maite dugu elkar

ez dago pausoa ematerik

ez arnasa hartzerik

hilak

haien kontzientzia jarauntsiak

zotin edo usin batean gure jabe egin gabe

 

eta biziak bezala

hilak ere ez dira berdintzen zelai isiletan:

beti datozkit gogora maite ditudanak

nor bere ateraldi eta keinuez

eta luze-sakon gorroto nituenak ere bai...

badira hala ere

bizi zirela aski maite izan ez

eta bidezkoa ez den arren

besteri oinordetzan

utziko nizkiekeenak

 

hildako guztien ondoan maite zaitut:

eta urteak eta hilak metatzen goazen eran

ez dakit nola kabitzen garen hainbeste jende

ohe bakarrean