Kapital publikoa
Kapital publikoa
2014, poesia
104 orrialde
978-84-92468-64-5
azala: Xabier Gantzarain
Jose Luis Otamendi
1959, Azpeitia
 
2019, poesia
2007, poesia
2000, poesia
1999, narrazioak
1995, poesia
1990, poesia
1987, poesia
 

 

GAITZESPENAK

 

gaitzesten ditut trafiko ezbeharrez

gertatzen diren heriotzak

eta gainerako kalteak

eragileak babesleak

eta euren isiltasunarekin

nolabaiteko aterpea ematen dietenak

 

lanean gertatzen diren

heriotza guztiak gaitzesten ditut

eta zauritu zein ezinduak

eta makur horien gibelean

dauden helburuekin bat egiten dutenak:

okerron sustatzaile intelektualak

 

gaitzesten ditut genero indarkeriak

gaixotasunak gorrotoak

miseriak eta abandonuak

galtzera uzten dituen biziak

 

gaitzesten ditut luiziek erauntsiek

uholdeek eta naufragioek

lurrikarek eta gerrek eragindako hilketak

fatalitate ater ezinean itsasoak jaten dituen etorkinak

denak gaitzesten ditut tinkotasun sendoenaz

 

baina gezur zuriz eta karitatez

gizentzen direnez nahigabeak

gaitzesten ditut gaitzespen hitzak ere

gaitzespenok

geure arima izun eta aratzarekin

istripuen ardura ezaren eta

hilketen hegalpean bizitzea errazten digutelako

 

gaitzesten ditut gaitzespena beste indarrik

ez dakarten arrazoiak

gaitzesten ditut gaitzespena beste urratsik

eskaintzen ez duten bideak

beti haizearen alde ñabardura gabe

fedeari edo gehiengoz onartu iritziari

makurtzen zaizkion gogoak

denak gaitzesten ditut

 

eta azkenik gaitzesten ditut

ni bezalako gaitzesleen gaitzespen hipokritak

ekidin edo borrokatu daitezkeen gertaera tamalgarriak

gure gaitzerizko epelarekin

estaltzen ditugulako behin eta berriz