Kapital publikoa
Kapital publikoa
2014, poesia
104 orrialde
978-84-92468-64-5
azala: Xabier Gantzarain
Jose Luis Otamendi
1959, Azpeitia
 
2019, poesia
2007, poesia
2000, poesia
1999, narrazioak
1995, poesia
1990, poesia
1987, poesia
 

 

GU EZ GAUDEN LEKUETAN

 

 

                                                        Xabier Baztarrikari

 

 

gu ez gauden lekuetan jendea dago

eta beste leku batzuetan aurrera egiteko kemena dago

mendeek ernetako ordenaren itzala

eta jendetasuna zakarretara botatzeko gogoa

 

harrotu egiten dira irritsak gu ez gauden lekuetan

eta horregatik egongo dira

beharbada gu ez gauden lekuak

inon existituko ez balira bezala

inoizko urkatuen zamapean abailtzen diren zuhaitzak...

eta mirari bat da eman zenidan azken besarkada

 

gu ez gauden lekuetan metatzen dira

munduko arropa maiztua

hamaika zauriren ametsak mendekuak

eta ezinaren urrezko akuariumak

 

gu ez gauden lekuetan gu ez gaude

baina maiz bagauden itxura egiten dugu

eta urrundu egiten gara gabiltzan lekutik

inon ez egotea posible balitz bezala

—bi punturen arteko distantzia luzeena gezurra da—

eta idiotak bezala begiratzen dugu

inor islatzen ez duten ispiluetan

 

gu ez gauden lekuetan gu ez gaude

eta inon ez bageunde bezala bizi izaten gara batzuetan

ikusezin izateko ahalegin zoroan

gu ez gauden lekuetan amaitu egiten da lurra

jendea trumilka amiltzen da ortzira

norbaiten gogoan gure etxeko sukaldea ageri da

eta han beti bakarturik aurreikusten zaitut

bost hamar hogei urte barru

 

ez dakit zergatik dauden gu ez gauden lekuak

ez dakit zergatik ezin dugun egon leku guztietan...

eta galderen hosto artean gerizatzen naiz

hemen jarraitzearren:

hainbeste dira defendi ezinak zaizkigun lekuak

eta hala ere gu ez gauden lekuetan jendea dago

zein bere izateko erari nolabait eusten

—bi lekuren arteko distantzia handiena gezurra da—

eta gu ez gauden lekuetan jendea bizi da