Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

VII

 

baditut zuretzat gordeak

bihotz hautsiaren zokoan

irrien negarren sorteak

mila bat hordago jokoan:

etzaitez joan oraindik...

 

baditut zuretako hemen

abendoko euri uharrak,

haize hegoak duen kemen

hura ebasteko bularrak:

etzaitez joan oraindik...

 

baditut zuretzat lurrean

atzeman artoen bizarrak,

eta gauaren beldurrean

kliskan ari diren izarrak:

etzaitez joan oraindik...

 

baditut zuretzat emanak

solas zintzoetan urratsak,

ibai gardenetan edanak

maitasunak utzi ur hatsak:

etzaitez joan oraindik...

 

baditut zuretzat bilduak

mendietan ardi hezurrak,

herri baldar isilduak

dituen egien gezurrak:

etzaitez joan oraindik...

 

ez duzu sufritu nahi hor

uztailak hitzeman kaldetan,

halatan zaude muturik gor

nere bi negarren maldetan:

etzaitez joan oraindik...

 

eta nik ez dakit nolatan

behar dudan zurekin joan,

dudarik gabe holatan

betiko huts hori gogoan...

 

 

 

© Itxaro Borda

 


www.susa-literatura.eus