Tundra
Tundra
2002, poesia
88 orrialde
84-95511-52-5
azala: Borja Estankona
Igor Estankona
1977, Artea
 
2009, poesia
1998, poesia
 

 

HASIERA

 

Broka baten antzera

mendiko punta gorrira daraman bide bakarrak,

eta espiralean entzuten den hego zaurituen hotsak,

itzulera soila izan behar duena

ihes bihurtzen du halabeharrez,

eta alderantziz

ihesa izan behar duena

berunezko irudi.

 

Gora iritsitakoan,

argi bat dago oraindik gorago,

baina izatez zilarrezko zulo bat da

eta, beraz, iristezina edo

hain luze egiten den hitz hori:

inorenganaezina.

 

Orduan, dena ondo badoa,

gauak barraskiloaren barruan sartu beharko luke,

eta iraun gau batek iraun ohi duena.

Norbait testigu balego,

lepoak ikusiko lituzke izarren frontoi.

Eskuak ikusiko lituzke zulo bat egiten,

ez sakonegia, ez azalegia,

halakoa izaten baita

lurperatu beharra dagoen itxaropen zatia.