Tundra
Tundra
2002, poesia
88 orrialde
84-95511-52-5
azala: Borja Estankona
Igor Estankona
1977, Artea
 
2009, poesia
1998, poesia
 

 

LEHEN HARRESIAK

 

Ohetik jaiki zara atea astiro irekiz,

geratu nahi lukeenaren baina

joan beharra daukanaren

duda begietan.

Duda hori begietan irten eta

beste beso batzuetara abiatu zara.

 

Zergatik esan ohi dugu

«beste beso batzuk»

beso guztiak berberak baldin badira,

ederrak izanez gero, eta benetakoak?

Denak baldin badira gure besoen antzekoak

lepora lotuta?

 

Goizaldean itzuli zara atea astiro itxiz,

joan nahi lukeenaren baina

geratu beharra daukanaren

segurantza begietan.

Segurantza hori begietan sartu zara berriro ohera eta,

masailetik eskua pasatu didazunean,

azalaren gainetik igarri dizut zertan ibili zaren.

 

Ni lotan dagoen zaindaria naiz ordea,

eta jagoten dudana nigana itzultzen bada

«babes nazazu» esanez bezala,

niretzat berdin da kanpoan izan zaren ala ez jakitea.