Fikziraultzaileak
Fikziraultzaileak
Kamikaz Kolektiboa
Azaleko irudia: Idoia Beratarbide Arrieta
Diseinua: Metrokoadroka
2025, antzerkia
154 orrialde
978-84-19570-51-2
Kamikaz Kolektiboa
 
 

 

BIOGRAFIAK

 

 

Kamikaz Kolektiboa

 

      Miren Gaztañaga, Erika Olaizola eta Amancay Gaztañaga aktoreek 2014. urtean sorturiko antzerki kolektiboa da. Antzerkiaren zein generoaren hausnarketaren inguruan partekatzen dituzten hainbat ikuspegik batu zituen diziplina ezberdinetako lanak sortzeko. 2023. urtean Iraia Elias zarauztarra batu zen.

      Euli-giro lanarekin hasi zuen ibilbidea Kolektiboak, eta geroztik lan ugari eginak ditu oholtzarako zein ikus-entzunezkorako: Agur eta dolore pieza, Käffka, Matriuska, Panpina edota Troia kale ikuskizuna. Lau kamikazeek Jaiotza basatia izeneko zuzeneko bi irratsaio egin zituzten Naiz irratiarekin batera 2021eko gabonetan. 2021ean Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi lanak Donostia antzerki saria eta Azpeitiko ikusleen saria eskuratu zituen.

      Kolektibotasuna eta umorea dira taldearen bi ezaugarri nagusiak. Kolektibotasunean sortu, ekoitzi eta idatzi ohi dituzte lanak, eta gai sakonak umore ganberroaz jorratzeak bereizten ditu.

 

 

Amancay Gaztañaga Sagarzazu
(Guayaquil, 1980)

 

      Madrilgo RESAD-en lizentziatu zen interpretazio arloan eta biolineko irakasle titulua eskuratu zuen Amaniel kontserbatorioan. Ordutik formatzen jarraitzen du.

      Kamikaz Kolektiboaren sortzaileetako bat da; azken lanen artean Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi, Matriuska eta Krak laburmetraia topatuko ditugu; hirurak kolektiboaren baitan sortuak izan dira. Artedramarentzat Atzerrian lurra garratz antzezlana idatzi du Ander Lipusekin batera, eta zuzendari lanetan ere ibili da bertan.

      Telebistan Itsaso, Alardea, Beti mugan eta Intimidad telesailetan parte hartu du aktore azken urteetan, besteak beste.

      Idazlea ere bada, lau liburu argitaratu ditu, Martin Martina trilogia (Elkar, 2024-2025) eta 39 lore (Susa/ehaze, 2021).

      Grises musika taldeko kide da 2010etik, eta sei disko argitaratu dituzte.

      Hainbat bideoklip zuzendu eta editatu ditu zenbait talderentzat. Zestoako Interpretazio Eskolako zuzendari eta irakasle izan da hainbat urtez.

      Egun Piztiak telesaila idatzi eta zuzentzen dabil.

 

 

Erika Olaizola Eizmendi
(1989, Azpeitia)

 

      Andoaingo Zine eta Bideo Eskolan Errealizazio ikasketak egin ondoren, Donostiako Arte Eszenikoen Eskolan ikasi zuen hiru urtez. Orduz geroztik formatzen jarraitzen du.

      Kamikaz Kolektiboaren sortzaileetako bat da. Zulo eta Krak laburmetraiak eta Euli-giro, Käffka, Panpina, Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi, Troia eta Renata antzezlanak sortu, idatzi eta zuzendu ditu kolektiboaren baitan.

      Xanti Agirrezabalarekin batera Kaka antzezlanaren idazle, zuzendari eta aktore ere bada.

      Beste konpainien antzerki obretan ere hartu du parte. Esaterako, Francoren bilobari gutuna (Artedrama, Le Petit Théâtre de Pain eta Dejabu Panpin Laborategia), Lur (Xake produkzioak) eta Lotsagabe (Vaiven).

      Telebistan, Goenkale (Pausoka) telesailean eta Kartzela (Hiru Damatxo) webseriean egin ditu aktore lanak. Vikingak saioaren sortzaile, zuzendari eta aurkezle ere izan da.

      Zinean ere lan egin du: Los tontos y los estúpidos Roberto Castonekin, Oreina Koldo Almandozekin eta Gaua Paul Urkijorekin.

 

 

Iraia Elias Muniain
(1980, Zarautz)

 

      Heziketa berezian diplomatua, antzerkiarekiko interesak etengabe sorkuntzan sakontzera eraman du, bidelagun ezberdinen eskutik. Ttak teatroaren sortzaile, Metrokoadroka kolektiboko partaide, eta Kamikaz Kolektiboko kide bezala, oso molde ezberdineko lanak sortuak ditu. Azken sorkuntzen artean daude esaterako Renata (Kamikaz Kolektiboa), Troia (Kamikaz Kolektiboa), Bidaide (Metroakoadroka) eta Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi (Kamikaz Kolektiboa). Beste talde batzuentzat eginiko lanen artean daude, adibidez, Non dira haurrak? (Tartean) eta Chapito talde portugaldarrak zuzenduriko Sherezade eta tipularen azalak (Vaiven).

      Ikus-entzunezkoan Amama filmarekin hasi zuen bere ibilbidea. Lan honekin 2016ko Goya sarietan errebelazio aktore sarirako izendatua izan zen. Geroztik hainbat lan eginak ditu film eta telesailetan: Oreina (Koldo Almandoz), Hondar ahoak (Koldo Almandoz), Etxean (Mikel Rueda), Intimidad (Jorge Torregrossa), Desde el mañana (Daniel Écija), Azken erromantikoak (David Pérez Sañudo), Un fantasma en la batalla (Agustín Díaz Yanes]...

 

 

Xanti Agirrezabala Zeberio
(Azpeitia, 1997)

 

      Gaztetatik murgildu zen antzerkian. Dantzerti Euskadiko Arte Dramatikoko Goi Mailako eskolako lehen promozioan burutu zituen ikasketak euskaraz. Etengabe formatuz doan heinean, sektorean lanean dihardu askotariko esparruetan.

      Alde batetik, sorkuntza eszeniko propioak aurrera eramaten ditu ekoizle moduan. Euskal Antzerki Topaketetan aurkeztu zuen Satiro, bere lehen bakarkako sormen lana (aetop ikuslegoaren saria jaso zuen). 2025. urtean Erika Olaizolarekin Kaka antzezlana ekoitzi eta zuzendu zuen. Antzerki konpainia ezberdinekin ere kolaborazioan hainbat antzezlan ekoiztu zituen: Horman Poster konpainiarekin Antigone edo ezetzaren beharra edo Kamikaz Kolektiboarekin Renata, esaterako.

      Beste alde batetik, hainbat arte-hezkuntza eta mediazio-lanetan jardun du, Tabakalerako Artaziak kooperatibarekin burututako “Harrotu ileak” proiektuan, adibidez. Horrez gain, antzerki-tailer eta sormen-laborategi egonkorrak gidatzen ditu Dinamoa sormen gunean.

      Ikus-entzunezkoetan berriz, Goenkale, Ihesaldia eta Desagertuta telesailetan aritu izan da, besteak beste. Zineman egin dituen lan esanguratsuenak Estibaliz Urresolaren Cuerdas eta Jone Arriolaren Dena asmatuta dago izan dira. Kamera atzean aktore zuzendari lanak ere burutu izan ditu Irabazi arte telesailean.