
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Hitzaurrea, Espe Lopez
HIRU KORTSE, AZUKRE ASKO ETA BRANDY GEHIEGI
La flor y Renata, Harkaitz Cano
Hitzostea, Odei Barroso
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Hitzaurrea, Espe Lopez
HIRU KORTSE, AZUKRE ASKO ETA BRANDY GEHIEGI
La flor y Renata, Harkaitz Cano
Hitzostea, Odei Barroso
5. KONFESIOAK
iraia (goxo): Zuek inoiz pentsatu duzue zuen gorputza ez dela zuena bakarrik? 17 urte dauzkazu eta zure kuadrillakoek kamiseta pegatu bat oparitzen dizute. Parranda eguna iritsi eta kamiseta jantzita taberna batera sartu eta, bat-batean, tipo bat ikusten duzu zuri begira. Ez duzu ezagutzen baina begira-begira duzu. Zu taberna barrura sartzen zoaz, bera kanporaka. Parez pare zaudetela, bat-batean esaten dizu zerbait eta pentsatzen duzu… ostia… tipo honek eman egiten dio. (Buruari keinuka) Begietara sakon begiratu eta esaten dizu: ze polita, baina kakahueteak jan beharko zenituzke. Ze polita baina, kakahueteak jan beharko zenituzke titiak hazteko, parentesien artean... Eta hor konturatzen zara zure gorputza ez zela zurea bakarrik, berea ere badela, ze potrotan jarritako guztia esateko eskubidea sentitu du… Nork eman dio eskubide hori?
(iraia aztoratzen hasten da, amancayk eta erikak bera lasaitzeko protokoloa aktibatzen dute.)
erika (anbulantziako sirena): Ni-no-ni-no… Iraia, terapia de txoke. Tori kakahuete batzuk.
(erikak kakahuete platertxoa hurbiltzen dio eta iraiak eskukadatxo bat jan. amancayk kakahueteak jatearen soinua grabatzen du. Hirurak iraiari titietara begira ea hazten zaizkion. Ezer ez. Kakahuete gehiago jan. Berriro titietara begira, adi. Ezer ere ez. Halako batean, iraiak oihu egiten du.)
amancay eta erika: Zer??
iraia: Ez, ezer ez.
(amancayk mikrofonoa hartzen dio iraiari.)
amancay: Lan bat egiteko deitzen zaituzte, lan garrantzitsu bat. Gizon batzuek deitu zaituzte, garrantzitsuak beraiek ere. Ilusionatuta zaude eta kaka eginda aldi berean, zeren bizitza osoa daramazu momentu honetarako prestatzen, asko ikasi duzu, asko ikusi duzu, eta han zoaz lan hori egitera trostan-trostan, eta ahalduntzen zara lanean, eta, horretan zaudela, astebetez zure onena ematen… Tipo bat etortzen da, euskal kultur guru horietako bat, eta iritzirik eskatu gabe esaten dizu egiten ari zaren hori ez dela interesgarria. Hori esan, eta joan egiten da. Eta zer egiten duzu zuk?... Negar. Negar bi orduz.
(Negarrez hasten da era dramatikoan.)
erika (laguntzera hurbilduz): Amancay, lasai…
iraia: Ez! (erikari ez dio hurbiltzen uzten) Zer esan genuen?
erika: Gauza asko esan genituen.
iraia: Negarrik ez!
erika: Egia da, negarrik ez. Beti ahaztu egiten zait.
amancay: Negarrik ez...
iraia: Deserosoa da. Eta emakumearen biktimizazioan…
amancay (ez zaio ia ulertzen): Patriarkatuak emakumearen negarra erabiltzen du hau ahultzeko eta besteen begietara biktimaren… eta malkoak… eta gizonak eta emakumeak.
iraia: Lasai, laster pasako zaio… itxaron besterik ez dugu egin behar…
(erikak amancay lasaitzen ari deneko arnasa grabatzen du. Arnasaldi sakon batzuen ostean amancay lasaitzen da.)
amancay: Listo…
iraia: Jo, azkar pasa zaizu.
amancay: Bai, teknika berr…
(erikak amancayri mikroa hartzen dio eskutik.)
erika: Pasa mikroa…
(iraia eta amancay asaldatuta.)
iraia: E! Zer da hori! Zer da esku hori!!! Zenbat biolentzia!
amancay: Bai, sekulako amorrua.
erika: Nik? Zer?
amancay: Erika, ondo zaude?
erika: Bai…
amancay: Iruditu zait amorruarekin etorri zarela.
erika: Ni?
iraia: Bai, bai…
amancay: Ba ez, zer esan genuen? Amorrurik ez…
iraia: Bai, hori ere esan genuen…
amancay: Nahi duzu masaje bat?
erika: A! Isildu egingo naiz?
iraia: Amancay...
amancay: Egia, hori da nire ikasketa, besteei hitz egiten uztea… Barkatu, Erika...
erika: Amorrua? Ezinezkoa da. Sekulako ariketa egiten ari naiz hori ez gertatzeko. Zuek inork baino hobeto dakizue hori. (Publikoari) Badakizue zer daukadan hemen? Gibela. Eta inguru hau dena pinporta txiki-txikiz beteta daukat. Eta hori omen da nire leinu femeninoan gorde den amorru dena ni hasi naizela kanporatzen. Egin ideia bat zenbat amorru dagoen hor gordeta. Beraz, ni inongo kontrolik gabe amorru hori ateratzen hasiko banintz zu, zu, zu… guztiok salpikatuko zintuzkete. Beraz, kristoren ariketa egiten ari naiz, inor ez salpikatzeko, bakarrik nire burua. Elegante y sencilla.
iraia: Ikaragarria da egiten duzuna, Erika. Hori da autolesioa bizikidetzarako tresnatzat erabiltzea.
amancay: Haratago joango naiz, zure burua sakrifikatzen duzu besteen ongizatea lortzeko, zer da hori? jesus!
iraia: jesusa!
amancay: jesusa!
(iraiak eta amancayk erreberentzia bat egiten diote. erika shock egoeran, aho zabalik.)
erika: Neskak, benetan edo brometan ari gara? Gauza da ni benetan ari naizela sentitzen energia hau guztia. Ikaragarria da. Sentitzen ari naizen energia txorro honekin reiki kolektibo bat egin dezaket oraintxe bertan. Orain, bai. Jesusak masaje bat nahi du.
(amancayk erikari masajea ematen dion bitartean iraiak erikaren arnasak grabatzen ditu. Horretan ari dela amancayk norbait ikusi du aretoan, bat-batean masajea geratzen du. erikarengana gerturatzen da.)
amancay (erikari xuxurlaka): Etorri egin da…
erika (mikrofonotik): Etorri egin da!
amancay: Esan egingo dut!
erika eta iraia: Esan, esan…
amancay: Ohar garrantzitsu bat, areto honetan baldin badago norbait… baimenik gabe, bere zakilaren irudiak bidaltzen dituena emakumeen mugikorretara… jakin herriak ez duela atsegin. Ze horrelako bat bidali zidaten azken aldian zer gertatu zitzaidan, Erika?
erika: Sekulako alergiak eman ziola. Begiko zainak puztu-puztuta eta begiak gorri-gorri jarri zitzaizkion.
amancay: Ni etxean nengoen, olo jogurta jaten, eta whatsapp bat iritsi zitzaidan, orduan nire lankidea zenaren mezu bat. Ireki nuenean han zegoen zakil erraldoia, zain eta guzti. Ez dakit zer nahasketa arraro egin zuen nire gorputzak: olo-zakila-olo... ordutik oloari alergia diot eta begetariana naiz… Eta esnatu nintzen, como el hombre elefante. (Buklean sartzen da) akabatu egingo dut!!! (Eszenatokitik irteten hasten da).
(erika eta iraia urduri, gerarazi egiten dute.)
iraia eta erika: Titanic protokoloa!!!!!!!!
(Hirurak elkarren ondoan jarri eta Titanic metodoa irudikatzen dute, Titanic pelikulako soinu banda hortz artean kantatuz.)
amancay (amaitzean): Berriz.
(Indar gehiagorekin errepikatuz eta notak gehiago luzatuz.)
amancay: Sendatu naiz…
(Titanic metodoaren trantzetik ateratzen dira eta iraia aulkian esertzen da mikroa eskuetan duela.)
iraia: Bilera batera joaten zara eta tipo bat hasten da hizketan. Hau horrela bla, bla, bla egin behar da; bla, bla, bla nik bla, bla, bla; zuk bla bla bla… Zu saiatzen zara sartzen baina blablablaaaa… (“Bla, bla, bla”rekin desbariatzen hasten da) Eta jada ezer esateko ez daukanean eta ahoan listurik ere geratzen ez zaiola eta zuk deskonektatu duzunean zeharo, bere azken hitzak zuri begira esaten ditu: eta zuk zer pentsatzen duzu? Zer? Ba, ni ari naiz pentsatzen ea zerbait ba ote dudan frigorifikoan afaltzeko, eta ari naiz pentsatzen ez daukadala batere gogorik hitzagatik borrokatzeko. Ez dut bilera honetako anekdota bat izan nahi. Bla eta bla eta bla emango nioke, bla eskubitik eta beste bat ezkerretik…
erika: Begira zer ekarri dudan, Iraia… Hau norentzat da?
(erikak jogurta ematen dio lasaitzeko eta amancayk grabatzen du. )
iraia: Ezin mingaina zuloan mantendu.
(iraiak jogurta jaten du.)
erika: Imajinatu, gela bat gizonez beteta. Eta imajinatu lurrean dena kaspa dagoela. (Hatzekin markatuz) Horrelako kapa bat... kaspa kapa bat… Eta imajinatu gizon horiek erabakitzen dutela dena. Zer den gizon izatea eta zer ezaugarri izan behar dituen gizon batek, eta zer den emakume izatea eta zer ezaugarri izan behar dituen emakume batek. Hortik kanpo bazaude, noski… ez zara existitzen. Eta imajinatu beraiek direla zuk eta nik zein pelikula eta zein serie ikusiko ditugun erabakitzen dutenak. Zer eta nola kontatu erabakitzen dutenak. Ze trama izango duen, zenbat denboraldi izango dituen, zeintzuk izango diren pertsonaiak, zeintzuk aktoreak… zuk imajinatu beraiek direla guk kontsumitzen dugun guztiaren arduradunak. Eta imajinatu beraiek direla dirua mugitzen dutenak eta beraiek erabakitzen dutela diru hori nori eman beraiei komeni zaiena elikatzen segitzeko. Imajinatu... kaspa, kaspa eta kaspa…
(erikari mikrofonoa hartzen dio iraiak.)
iraia: Nola izango gara gu interesgarriak… Nola sentituko dugu gure hitza garrantzitsua dela, gizon baten saihets batetik sortuak izan bagara? Ezin da autoestima ondo izan… Ezinezkoa da! Hori garbi azaltzen du Naomi Wolfek bere El mito de la belleza liburuan.
amancay: Ez, Iraia, zer esan genuen? Naomi Wolf akaso amaieran… eta akaso!
iraia (publikoari): Oso ondo zetorren orain… (Mikroa kentzen saiatzen dira baina hitz egiten jarraitzen du. Publikoari) Jakin El mito de la belleza kristoren liburua dela. Orain dela gutxi berrargitaratu dute eta sistemak emakumearen edertasun kanonean duen eraginaz hitz egiten du. Oso gomendagarria.
erika: Nahikoa da, Iraia.
(erikak mikroa kentzen dio iraiari eta, joaten ari dela, berriz hartzen du hitza.)
iraia: Itxaron! Gauza bat ahazten ari zaigu! Gaua, the night, la nuit, la noche… Sagardotegi tenporada hasten da eta lagun batekin zoaz Hernanira. Sartzen zarete zoologikora eta bat-batean lagun baten lagun batekin egiten duzue topo. Hau auskalo zenbatgarren tragoan dagoen eta beraiekin trago bat hartzeko proposamena egiten du eta gu oso jatorrak garenez onartzen dugu irribarre batekin. Zer nahi duzu edateko? galdetzen dizu. Eta zuk. Zurito bat. Barratik bueltatzen da eta zer ekartzen dizu? Txupito bat. Zuk, ezetz, ez duzula txupitorik nahi, ez diozula txupito bat eskatu eta ez duzula nahi esaten diozu, baina oso jatorrak garenez, irribarre eder batekin. Eta berak, Jeseus neska, edango dun txupito bat, txupito fresa! Eta zuk irribarre batekin txupito bat ezetz, zurito bat nahi duzula erantzuten diozu eta berak Hau ura bezala sartzen dun! Edantzan txupitoa, eta zuk ezetz berriz irribarrez zeren oso jatorrak gara… Baina hainbeste aldiz ezetza modu jatorrean esaten irribarrea ere disekatzen zaizu eta berak jarraitzen du edantzan txupitoa, edantzan txupitoa, edantzan txupitoa… eta azkenean esaten diozu… hik edantzak nahi baduk! Uuuuuuuu… orduan zer gertatzen da? E, neskak? Zer gertatzen da? Ba, borde bat zarela. Begira, oso erraza da. Ezetz esaten badizut ezetz esan nahi du. Eta kito. Ez da ez! Ez da ez!
(iraia eta erika sutu eta mikrofonoari oihukatzen hasten dira.)
iraia eta erika: Ez da ez! Ez da ez!
(amancay erika eta iraia lasaitzen saiatzen da mikroa kenduz.)
amancay: Neskak, ez, zer esan genuen: sinbolikotik. Hau oso literala izan da.
(amancay looperraren ondora gerturatzen da eta aurretik konfesioetan grabatzen joan diren soinu guztiak bat-batean martxan jartzen ditu: soinu espazio sentsuala. Hirurek gehiegizko irribarre bat irudikatzen dute fikzioan emakumeez espero den jarrera atsegin eta adeitsua hartuz.)