Fikziraultzaileak
Fikziraultzaileak
Kamikaz Kolektiboa
Azaleko irudia: Idoia Beratarbide Arrieta
Diseinua: Metrokoadroka
2025, antzerkia
154 orrialde
978-84-19570-51-2
Kamikaz Kolektiboa
 
 

 

2. GOBERNUA

 

 

(erramun sartu eta espazioa atontzen hasten da. kizkitza sartu eta agindu batzuk ematen dizkio.)

 

kizkitza: Erramun! Mugi! Presidente andrearen komunikatua berehala hasiko da! (Pilula hartzen du)

 

(Bien artean espazio eszenikoa prestatzen dute. rober dator atzetik, guztia ordenan dagoela ikuskatuz.)

 

rober: Dena garbi! Ju-ja!

 

(kizkitzak musika jartzeko keinua egiten du.)

 

kizkitza: Eman diezaiogun ongi etorria Jessica Dindon presidente andreari!!!

 

(Agurra, txaloak eta herriaren goraipamenak entzuten dira.)

 

dindon: Mundua! Hemen dago zuen amatxo! Ama aberria! Gaur, egun handia da. 72 urte bete dira Sistema Demokrata Poziktibista ezarri nuenetik. Pertsona demokratiko poziktibista libreak gara!

 

(Musika gora eta txaloak.)

 

dindon: Zoriona da gure bandera. Elkarlanean jarraitzen dugu poza, edertasuna eta maitasuna elikatzen. Denon artean familia zoriontsu bat sortu dugu. Irribarrea da gure etxea. Gaur atzo baino zoriontsuago gara eta bihar, gaur baino zoriontsuagoak izango gara. Maite zaituztet.

 

(Musika gora eta txaloak. kizkitzak xuxurlaka dindoni zerbait. dindonek isiltzeko keinua egiten dio.)

 

dindon: Ez ahaztu gure mundu hau zuen eskuetan dagoela. Zuek zarete mundu honen makineria, ez hutsik egin amatxori. Kontuz! Egin kasu amatxori. Gogoratu, zoriontsu izateko ekoitzi beharra dago. Ekoizpenak asebetetzen gaitu. Eta asebeteta, zoriontsuak gara!

 

(Musika gora topera eta txaloak.)

 

dindon: Zer nahi du herriak?

kizkitza eta rober: Zoriontsu izan!

dindon: Zer nahi du herriak?

kizkitza eta rober: Lan egin!

dindon: Zer nahi du herriak?

kizkitza eta rober: Egonkortasuna!

dindon: Zer nahi duzue?

guztiek: Abestia!

 

(Musika sartzen da, Singin’ in the rain filmeko “Good morning” abesti ezaguna, baina letra aldatuta. Koreografia dantzatzen dute guztiek.)

 

abestia guztiek:

 

Pilula, pilula, pozaren formula

pilula, pilula, hartu!

 

Bizitzeko indarra ematen du lanak.

Gora maitasuna eta gora bihotzak!

 

Pilula, pilula, pozaren formula

pilula, pilula, hartu!

 

(erramunek besoetan hartzen du dindon, kizkitzak eta roberrek beldurturik jarraitzen diote. roberrek plakaketa egiten dio.)

 

kizkitza: Moztu emisioa!

 

(rober erramuni lepotik helduta, erramun ezin arnasa hartuz eta rober bere onetik aterata.)

 

dindon: Rober!

 

(rober dindonengana gerturatzen da eta honek lasaitzen du.)

 

dindon: Etor dadila! Etor dadila hona.

 

(roberrek erramun ekartzen du. dindonek erramun belarritik hartzen du.)

 

dindon: Nork esan dizu ni lepoan hartzeko?

 

(roberrek atzera botatzen du eta dindonekin eguneko errehabilitazio ariketak egiten hasten da.)

 

dindon: Kizkitza, datuak!

kizkitza: Gizateria egonkortzeko farmakologia planak aurrera jarraitzen du; estatistiken arabera pilulen kontsumoak nabarmen egin du gora eta jendea zoriontsuagoa da; edo gutxiago kexatzen da, behintzat.

dindon: Jojojojo, ondo.

kizkitza: Berrikuntza bat ere badugu: Dindon Irabiakiak jarri ditugu modan. Dindon, dindon, dindon!

dindon: Atsegin ditut berrikuntzak.

kizkitza: Irabiakiei esker janariaren prestaketan denbora aurrezten da, produktibitatea igoz.

 

(dindonek esprinta egiten du. roberrek denbora hartzen du. Korrika saioa bukatu eta nekatuta roberren gainean esertzen da dindon.)

 

dindon: Gehiago!

 

kizkitza: Gure mezu poziktibistak iragarki eta pelikulen bitartez ezartzen jarraitzen dugu, aurrekontua % 2 hazi da. Sorpresa bat ere badut: berorrek gogoko duen aktore hori?

 

dindon: Bibotetxo fina duena?

 

kizkitza: Gobernuaren marka izango da, bost pelikula sinatu ditu gurekin.

 

(dindon pozik.)

 

kizkitza: Berorrekin ehizara joateko desiratzen dagoela ere esan dit!

 

(roberen eta dindonen artean Far Westeko pelikuletako irudia osatzen dute. dindon roberren gainean zaldi bat balitz bezala.)

 

dindon (tiroka): Piņon, piņon, piņon!

 

(roberrek zaldiaren irrintzia egiten du.)

 

kizkitza: Kontsumismoak gora eta gora jarraitzen du. Hezkuntza, eskoletako hiztegietan hitz batzuk debekatu ditugu: dolua, mina, sufrimendua, buruhaustea…

dindon: Mahaspasa ere kendu hiztegitik, ez zait inoiz hitz hori gustatu. Nola doa Marterako bidaia?

kizkitza: Bi urte barru bertan kolonia bat ezartzeko moduan izango gara. Amaitzeko: bihar zer eguraldi egitea nahiko luke berorrek?

dindon: Ekaitza. Rober, Rober, Rober, zein da munduko agintaririk ederrena?

rober: Bakarra zara, Jessica Dindon.

 

(Barre egiten dute.)

 

dindon: Esan, Rober, zer egingo zenioke ni bozkatzen ez nauenari?

kizkitza: Ez daukagu halako kasurik… 72 urte dira ez dugula hauteskunderik egin.

dindon: Egia… Eta ni maite ez nauenari?

kizkitza: ...horrelakorik ere ez dago…

dindon: Ixo! Rober?

rober: Gizarte osoari ezarritako protokoloa gogortuko nioke.

dindon (xaxatuz): Nola, Rober? Esadazu, Rober.

rober: Pertsona hori hartu (erramun hartzen du) eta eguneko pilula dosia bikoiztera behartuko dut.

dindon (xaxatuz): Gehiago.

rober: Pantailak muturren aurrean jarri eta, begiak zabalik mantenduta, zure mitinak ikustera derrigortuko dut gau eta egun.

dindon: Gehiago.

rober: Entzungailu handi batzuk belarrietan jarri eta zure abestia une oro entzunaraziko diot, 4.52 frekuentzian…

dindon: 4.52an?

rober: Bai… eta bolumen maximoan.

dindon: Gehiago.

rober: Zure aurpegia jarriko dut supermerkatuko pasta, pasteltxo eta bizkotxo guztietan.

dindon: Apuntatu (kizkitzari). Gehiago (roberri).

 

(erramunek hatza altxatzen du.)

 

rober: Norbaitek seinalatzen bazaitu hatzak banan-banan apurtuko dizkiot.

dindon: Gehiago.

rober: Edaten duten iturriko urari kloroa, plomua eta karea botako dizkiot.

kizkitza: Hori egiten dugu jada.

rober: Orduan, igerilekuak. Ez, ozeanoak sortuko ditut kloro, plomu eta kare gaindosiarekin. Eta tximetatik helduta burua sartuko diot uretan. Litro guztiak edanarazi eta gain-hidratazioarekin lehertuko da!

dindon (euforiko): Eta betirako boterean egongo naiz… eta betirako maitatuko naute!

rober (euforiko): Ju-ja!

kizkitza: Lasaitu gaitezen. Jendea hiltzen jarraitu behar badugu, beti bezala era delikatu eta ordenatuan izango da, Rober.

rober: Ju-ja!

erramun: Barkatu…

dindon (erramuni): Nor da hau?

erramun: Barkatuko didazue, ez nuen zuen dinamika apurtu nahi baina…

rober: Zu! (Eraso egiten dio erramunen hatza bihurrituz) Ez seinalatu Jessica Dindon!

dindon: Rober… lasai… etorri hona.

 

(rober dindonen besoetara itzultzen da.)

 

erramun: Jessica, entzun zaitut hitz egiten pixka bat jendea hil nahi duzula ez bazaitu maitatzen, eta ni plataforma askotan boluntario bezala ibiltzen naiz lanean, eta Jessica, pixka bat zurekin gertatzen ari dena da, kalean, jendeak esaten duena da, azken finean, pixka bat zaharkituta gelditzen ari zarela eta orduan zure irudia jendeak ez duela… motzean esanda, jendeak uste duela laster hil egingo zarela.

 

(Guztiak isilik. Elkarri begiratzen diote eta ondoren erramuni begiratuko diote. dindon erramunengana hurbiltzen da, tentsioa nabari da. Bat-batean, dantzan hasten da dindon).

 

dindon: Iruditzen zaizu, akaso hil egingo naizela? Nahi duzu berriz aurpegira dantza egitea? Zozolapiko hori. Nahi duzu salsa, bachata, merengea dantzatzea, adibidez? Edo nahi duzu flamenkito txikitito dantzatzea, adibidez? Edo nahi duzu arin-arina beharrean biribilketa bat egitea? (Biribilketa bat egiten du eszenan) Uste duzu benetan hil egingo naizela?

 

(Nekeak hartzen du dindon. roberrek lepotik eusten du erramuni.)

 

kizkitza: Zergatik esan duzu hori?

erramun: Jessica, denok hilko garelako azken finean eta zuri ere iritsiko zaizulako momentua eta segur aski beste askori baino lehenago. Zaharra zara…

dindon: Zer? Zer esan duzu?

erramun: Zaharra za…

dindon: Zer? Zer esan duzu?

erramun: Zaharra za…

dindon: Zer?

kizkitza: Dindon andrea ez da zaharra!

dindon: Ixo!

kizkitza: Ez da zah…

dindon: Ixo! Rober, eraman ezazu, ez dut gehiago ikusi nahi gizaseme hau.

rober: Ju-ja!

 

(roberrek erramun eramaten du.)

 

erramun: Ez dizut txarrera esan, emakumea, ez nizun minik eman nahi, uler ezazu…

 

(roberrek erramun eramaten du. jessica dindonek gehiegizko esfortzua egin du eta mugimendu arraroak egiten hasten da.)

 

dindon (erramuni): Esaiozu mundu osoari ez naizela hilko inoiz! (kizkitzari) Esadazu ez naizela hilko! Esadazu!

 

(kizkitzak pilula bat ematen dio dindoni lasaitzeko eta berak beste bat hartzen du.)

 

dindon (pilulak efektua egin dio): Bainutxo bat?

kizkitza: Bainu bero-bero bat prestatuko diot berorri…

dindon: Labandarekin…

kizkitza: Xaboi goxo batekin igurtziko dut berori…

dindon: Ahatetxoa ekarriko didazu…

kizkitza: Eta abestuko dio berorri. (Abesten) Pilula, pilula…

dindon: Pozaren formula…

biak: Pilula, pilula hartu!

 

(Badoaz.)