Fikziraultzaileak
Fikziraultzaileak
Kamikaz Kolektiboa
Azaleko irudia: Idoia Beratarbide Arrieta
Diseinua: Metrokoadroka
2025, antzerkia
154 orrialde
978-84-19570-51-2
Kamikaz Kolektiboa
 
 

 

3. GIZONEN ESZENA

 

 

(paul, joshua eta hander mahaiaren bueltan eseri dira, brandy kopa bana eskuetan dutela.)

 

paul: Lagunok, egin dezagun topa!

hirurak: Topaaa...!

 

(Kopekin mahaian bi kolpe eman eta brandy tragoa hartzen dute.)

 

paul: Bros!!! Nekatuta nagok…

besteek: Nekatuta gaudek…

paul: Nekatuta eta galduta.

hander: Egia galanta! Garai berriak eta ostiak… Nik ja ez zekiat zer espero den niregandik.

joshua: Eta niregandik zer espero den.

paul: Nik ez diat ezer ulertzen...

besteek: Ezer ez!

 

(Kopekin mahaian bi kolpe eman eta brandy tragoa hartzen dute.)

 

joshua: Agian ez duzue ulertuko, baina ez da batere erraza guapoa izatea. Ez da erraza aurpegi honekin bizitzea eta hori mantentzea. Boxeoa, esgrima, duelua…

hander: Nik ulertzen diat. Ikusten al duzue adats hau? Zein zaila den morrosko ederraren bizimodua. Kabenzotz!

joshua eta paul: Kabenzotz!

joshua: Eta depilazioa. Laserrarekin. 1.200 errupia.

hander: Bai, baina kontuz gehiegi depilatzearekin, badakik…

 

(joshuak eta handerrek barre egiten dute.)

 

paul: Hori errespetua duk! Higiene y respeto! Ni setas ni setos!

joshua eta hander: Ni setas ni setos!

 

(Barre egiten dute hirurek.)

 

joshua: Nik emakumeen bihotzak konkistatu nahi ditiat. Ni konkistadore bat nauk!

paul: Orduan hik zer nahi duk? Gehiago edo gutxiago egin larrutan? Ez diat ulertzen...

joshua: Nik nahi diat harreman serio bat norbaitekin. Baina, joder, ez nauk kapaza elkarrizketa bat mantentzeko, blokeatu egiten nauk, ez zekiat zer esan. Zuekin pasatzen zaidak hori, imajinatu emakumeekin... Nik ez diat pentsatzen, ni nauk ekintza.

 

(joshuak eta paulek mahai gainean dauden ezpata bana hartu eta borrokan hasten dira. joshuak irabazten du.)

 

paul: Ona haiz, Joshua.

joshua: Bai, bazakiat. Hobetuko duk, Paul.

 

(paul eta joshua barrez.)

 

hander: Ni nazkatuta nagok beti belarriprest izatearekin. Nazkatuta emakumeentzat beti laguna bakarrik izatearekin. Eta ni nork entzuten nau? Esan, nork?

 

(Isiltasun deseroso bat sortzen da.)

 

hander: Nik nahi dudana da edozer gauza esateko toki bat izatea. Nik nahi diat toki bat negar egiteko. Nik negar lasai egin nahi diat.

 

(joshua eta paul elkarri begira.)

 

paul: Nola negar egiten duala?

hander: Nik negar egiten diat, bai. Eta?

paul: Hi, ezin diagu onartu gizon batek gizarte osoa arriskuan jartzerik!

hander: Ba, nik negar egiten diat!

joshua: Hori ezinezkoa duk!

hander: Eta egin nahi diat.

 

(joshua eta paul elkarri begira.)

 

joshua: Hi, Paul, hik negarrik egiten al duk?

paul: Ea, ea, ea… hi ze etorri haiz, Hander, gu nahastera?

 

(Ezpatak hartu eta borrokan hasten dira paul eta hander. paulek irabazi eta hander joaten da. paulek eta joshuak kopak hartzen dituzte ospatzeko, mahaian kolpetxoak eman eta tragoa edaten dute. sadguru etorri dela ohartu eta erreberentzia batez agurtzen dute.)

 

joshua: Kaixo, Sad.

paul: Ongi etorri, Sad. Arazo bat daukagu.

joshua: Nazkatuta nagok indartsua eta era berean sentibera izan beharraz. (Bere buruari) Nik bi potro ditiat! Ni konderriko gerlari onena nauk! Gerlaria eta sentibera aldi berean? Kabenzotz!

paul: Kabenzotz! (Zutituz) Ze ostia duk maskulinitate berri hau? Zein naiz ni? Ni ehiztari bat nauk, Santimamiņeko mamut ehiztaria!! Eta orain, zer nahi duzue izatea? Lore txiki bat? Zer gara ba? Ehiztariak!

paul eta joshua: Gizonak! Gizonak! Gizonak...!

sadguru: Take it easy, my friends, take it easytranquilos... (Eztula) Lasai, lagunak... Garai berrietan gaude eta garai berri hauetan gizon berria bilakatu behar dugu, gizon garaikidea!

 

(paul eta joshua guztiz harrituta.)

 

paul: Ostia…

joshua: Zer?

sadguru: Gauza bat esango dizuet. Ni feminista naiz.

 

(paul eta joshua elkarri begira.)

 

paul eta joshua: Feminista?

sadguru: Eraldaketaren unean gaude eta orain, momentu honetan, feminista izan behar da garai batean unibertsitatean sartzeko batxilergoa eskatzen zen bezala.

joshua: Ni ez naiz ez feminista ez matxista. Ni naiz guapoa.

paul: Feminismoa? Ni ama eta izebarekin bizi izan naiz beti. Ez zidaten uzten ezta galtzontzilloak bakarrik janzten ere. Matriarkatua, gordin-gordina.

sadguru: Ea ba, esan, “Ni feminista naiz”.

paul: Ez dakit ba…

joshua (mahai gainera igoz): Ni feministetan feministena naiz.

sadguru: Hori da! Edozein gatazkaren aurrean. “E, ni feminista naiz” (Eskua bihotzean) Arazo bat duzula emakume batekin... “E, ni feminista naiz” eta kito.

paul: Eta hori esatearekin nahikoa al da?

sadguru: Momentuz bai.

joshua: Eta galderak edo zerbait egiten hasten bada?

sadguru: Orduan utzi hitz egiteari eta utzi lehenbailehen toki hori. Badakizu, “bomba de humo” (Barre egiten dute guztiek).

paul: Ni galduta nago.

sadguru: Erresistentzia asko ikusten dut zugan. Momentu honetan emakumeak gure munduan sartu behar ditugu… Momentu honetan gure biziraupena feminismoan dago.

joshua: Benga, Paul, esan.

paul: Ezin diat!

joshua: Gizontasunetik! Ni feminista naiz, nauk, naun, nahi duana.

sadguru: Izan gizon sentibera baina borrokalaria, izan gizon indartsua baina ahula, izan gizon babeslea baina kreatiboa, izan gizon goxoa baina txortalari enpotradorea. Izan gizon-gizona!

 

(Agobiatuta, joshua jaiki egiten da.)

 

paul: Hori konplikatuegia da niretzat. Ni naiz tipo basiko bat...

sadguru: Eeee... Eeeeee, lasai… (Muturreko bat ematen dio. paulek arnasestuka jarraitzen du eta sadguruk berriro ematen dio muturrekoa)

 

paul: Eskerrik asko. Behar nuen ostia on bat.

sadguru: Lasai, ez da zuen arazoa. Emakumeak galduta daude, zurrunbilo batean sartu dira boterea eskuratze horretan eta espazioa nahi dute. Espazioa hartu nahi dute.

paul: Ea, espazio bat bai, baina nik desagertu egin behar dut beraiei espazio bat uzteko? Kabenzotz!

joshua: Kabenzotz!

paul: Irabazi! Eta, bestela, joan norabait eta hartu! Sad! (Aulkia mahai gainera igotzeko laguntza eskatzen) Hau da nire tokia! Nirea!

joshua: Hau Paulen tokia da. (Aulkia seinalatuz) Eta nik ere nahi dut nire tokia eta ez didate ematen nik nahi dudan toki hori (Aulkian eseriz).

sadguru: Lagunak…. gora borroka feminista!

hirurak: Gora!

 

(joshuak eta paulek ezpatak hartu eta berriro borrokan hasten dira. nigel sartzen da.)

 

joshua: Nigel! Zer habil, motel?!

paul: Zer esaten diguk!

nigel: Izeba bisitatzetik nator hausnarketa betean, zer den familiaren kargu egin beharra. Familiaren ohorea hire gain dagoela sentitzea, badakizue, berrehun urteko leinu garbia. Eta sentitzen dut azken aldian frente asko daudela… Hizkuntza inklusiboaren kontu hori dena, jarrera paternalistaren kontu hori dena, espazioaren okupazioaren kontu hori dena… eta egia esateko galduta nago…

joshua eta paul: Galduta gaude!!!

 

(joshua eta paul borrokan hasten dira. nigelek hizketan jarraitzen du.)

 

nigel: Eta ni ohartzen naiz nire pribilegioak ditudala eta alde batera utzi behar ditudala… Baina ez dakit nondik hasi, nola egin… Non dago instrukzioen liburua? Eta batzuetan hitz egitea bera ere zaila da, nola hitz egin behar den ere ez dakit… eta askotan hanka sartzeko beldurrez isildu egiten naiz. Baina gero isiltzeaz damutzen naiz, ze ematen du ez zaidala ezer axola eta ez da hori. Eta beldur naiz. Beldur naiz eraldaketaz. Gai izango ote naizen, zer galduko dudan bidean, zer irabazi, nola egin, non kokatu, nora goazen… Eta lotsatzen naiz gizon askoren jarrerez eta oihukatu nahi dut: ni ez naiz hori! Baina, klaro, asko daude eta ulertzen dut; baina ez nazatela horiekin nahastu, ezta konfunditu ere... Eta ulertzen dut, era berean, nik ere jarrera batzuk aldatu beharko nituzkeela, baina... bla bla bla...