Fikziraultzaileak
Fikziraultzaileak
Kamikaz Kolektiboa
Azaleko irudia: Idoia Beratarbide Arrieta
Diseinua: Metrokoadroka
2025, antzerkia
154 orrialde
978-84-19570-51-2
Kamikaz Kolektiboa
 
 

 

10. KANALA

 

 

(renata bere gelara iritsi eta hasperen egiten du, pilula hartu eta zuzenekoan sartzen da.)

 

renata (kanalaren musika introa): RE-NA-TAAAA. Ongi etorri guztioi. Renata naiz, Renata arte transzendental garaikidearen abangoardiaren aborigena. (Conga musika jartzen du) Gaurko zuzenekoa “Hil eta gero, salda bero” sobreko zopa berriak babestutakoa da. Momentu honetan milioika lagun zarete ni ikusten zabiltzatenak eta zuei esker lortu dut urrezko plaka, eskerrik asko! (Musika itzaltzen du) Gaur, nire hastapenetara, nire erroetara itzuliko naiz eta poema hau irakurriko dizuet, neuk idatzia. Hau arte-kanal bat delako. Honela dio: Ortzimugak… (Iristen den mezu baten soinua), zer gosaltzen dudan jakin nahi baduzu erosi nire biografia, webgunean duzue salgai. Ortzimugak su… (Iristen den mezu baten soinua) ez begiratu nire kanpoko itxurari, barruan dudanari baizik @niniani. Ez, oraindik ez naiz hilko, entzun poema. Bai, heriotza guztiak zertifikatuak daude. Ortzimugak su… (Iristen den mezu baten soinua) “Zer egin dezaket zu bezala artista izateko?” Zer galdera ederra, zure barruari entzun behar diozu eta elikatu, (Ikusleak zuzenekotik alde egin duenaren soinua) elikatu beste artistek diotenaz. (Ikusleak zuzenekotik alde egin duenaren soinua) Jendea badoa, itxaron, (Ikusleak zuzenekotik alde egin duenaren soinua) ez joan oraindik zati hoberena geratzen da. (Eztula egiten du) Zer nahi duzue? (Diru soinua) Ez, ez, ez, ezin nauzu zuk hil, ezin nauzue zuek hil. (Diru soinua) Ez, ez da diru kontua… (Soinuak. Irtete soinua) Lasaitu zaitezte (Irtete soinuak) Hau ez da enkante bat. (Diru soinua) Zenbat diru? Ni behin hiltzeagatik?

 

(renata izoztuta gelditzen da. Ekaitza entzuten da, dinbi-danba haizeak leihoan, kanpaien oihartzuna, katuaren marmarra, dortokaren koska… Iluna.)