Fikziraultzaileak
Fikziraultzaileak
Kamikaz Kolektiboa
Azaleko irudia: Idoia Beratarbide Arrieta
Diseinua: Metrokoadroka
2025, antzerkia
154 orrialde
978-84-19570-51-2
Kamikaz Kolektiboa
 
 

 

12. PERFORMANCEA

 

 

(udaltzainak espazioa prestatzen du. Jendearen zalaparta entzuten da.)

 

udaltzaina: Esan dizut ilaran egoteko. Ilarara. (Jendetzari) Trankil, denok izango duzue zuen momentua. Lasai, badakit astebete daramazula ilaran lekua hartzen. (Pilula) Hau deskalabru bat da.

 

(kazetaria sartzen da.)

 

kazetaria: Gabon eta ongi etorri momentu historiko honen zuzeneko emisiora. Ikaragarria da zenbat jende gerturatu den gertakari berezi hau ikustera, eta beste hainbeste zarete etxetik zuzenean begira zaudetenak. Hain da zirraragarria bizitzera goazena, ez dagoela aukera galdu nahi duenik… Serio jartzeko unea iritsi da, ikus-entzuleok. Renatak, arte garaikidearen artista aborigenak, lehen aldiz bere gorputza, zuen labana, soka eta pozoien esku utziko du. Adi, beraz, guztiok nahi izan duzue Renata hil, eta gaur zuen ametsa egia bihurtuko da. Gaur, hemen, pertsona bat hiltzeko aukera izango duzue… baina noski, gero berpiztu egingo da. Kabina prest dago zuzenekoa bizi-bizi igortzeko. Gabon?

euzkitze off: Gau on, ikus-entzuleok. Gu prest hasiera emateko eta herritarrak ere prest. Beraz, has dadila ikuskizuna.

kazetaria: Artistak isiltasuna eskatu du kontzentratu ahal izateko. Niri ilea laztu egin zait… zirraragarria… shsssssss…

 

(Modu zeremoniatsuan sartzen da renata. Performancerako prestatzen da.)

 

euzkitze off (xuxurlaka): Hor dator gure gaurko protagonista. Ikaragarria da egitera doana, lasai dago. Badirudi zerbait esatera doala…

renata: A eta B txanponak bi alde, bizitzarik ez da heriotzarik gabe.

 

(Alarma entzuten da.)

 

euzkitze off: Hemen da lehenengo herritarra.

 

(nerabea 1 sartzen da. Labana handi batekin dator. nerabeak labankadaka hiltzen du. Goragalea sentitzen du ondoren, eta badoa.)

 

euzkitze off: Eta izugarrizko labankada Errenatarentzat, herritar bat beste herritar bat akabatzen, hau ikusiko genuenik ere… seko geratu zaigu… barrenak nahastu dizkit.

 

(renata pixkanaka esnatzen da eta bere hasierako postura hartzen du. Alarmak jotzen du. tertuliakideak ez dakar ezer. renatarengana hurbildu eta hasieran eskuekin akabatzen saiatzen den arren ez du lortzen.)

 

euzkitze off: Ez du lortzen gainera, ez du lortzen… Kostatzen ari zaio. Dirudiena baino gogorragoa da pertsona baten zintzurra...

 

(Lepokoarekin, eta renataren laguntzaz, hil egiten du. Paralisian geratu eta joaten da. renata esnatzen da.)

 

euzkitze off (xuxurlaka): ...eta badator berriz ere bizitzara… Nora bidaiatzen ote du… Beste aldean zerbait ba ote?

 

(renata berriz ere hasierako posturan prest. Alarmak jotzen du. tititsu sartzen da lore sorta eta taser batekin. Aurpegia laztantzen dion bitartean taserrarekin elektrokutatzen du. renata hiltzen da. tititsu negar zotinka hasten da.)

 

euzkitze off: A ze nolako “bipareta” egin duen, ito egin behar du gainera!

 

(tititsuk renata itotzen du.)

 

euzkitze off: Sekula ez dugu horrelakorik ikusi. Malko mardul-mardulak eta luzaroan. Ni neu ere zerbait arraroa sentitzen ari naiz ikusten ari naizenarekin.

 

(tititsu amorru biziz.)

 

euzkitze off: Adi, adi, adi… buelta eman dio eta taser pistola amorru biziz airean astinduz alde egin du emakumeak… Ez nuke kalean topatu nahi. Argi dago Errenatak pasioak pizten dituela…

 

(tititsu badoa heriotza gosez. renata esnatzen da. Posturan prest. Alarmak jotzen du. pitonisa sartzen da opari kutxa batekin. renataren aurrean jartzen da.)

 

euzkitze off (xuxurlaka): Elkarri begira daude, begiradari eutsiz.

 

(Isiltasuna.)

 

euzkitze off: Denbora gelditu dela dirudi. Oilo ipurdia jartzen du honek.

 

(Isiltasuna.)

 

euzkitze off: Itxaron… opari bat ekarri ote dio?

 

(renatak burua sartzen du kutxan, suge batek aurpegian kosk egin eta hil egiten da.)

 

euzkitze off: Ezustean harrapatu du, sugeak kosk egin dio aurpegian.

 

(renata esnatzen da. Posturan jartzen da. arantxita sartzen da. Alarmak jotzen du. Ilaran liskarrean dabiltza arantxita eta exorzista.)

 

euzkitze off: Ez, ez, ez… haurrek ezin dute parte hartu, ikusle soil izan behar dute.

 

(exorzistak arantxita ilaratik ateratzen du.)

 

euzkitze off: Eraman egin dute.

 

(exorzista renataren aurrean jarri, hitz ulertezin batzuk esan eta estaka bat sartzen dio bihotzean. Badoa. renatari esnatzea kostatzen zaio.)

 

euzkitze off (xuxurlaka): …eta gero eta gehiago kostatzen ari zaio berriz bizitzara itzultzea.

 

(renata posturan jarri eta arantxitaren dardoa jasotzen du.)

 

euzkitze off: Han, han, han, han! Zast! Hauxe bai ez genuela espero. Ustekabeko ziztada bekokian. Hain txikia izateko benetako hiltzaile grina dauka neskatoak, kar-kar-kar.

 

(renata esnatzen da. Postura hartzen du. Alarmak jotzen du. tiktokerrak sartzen dira. tiktoker 1ek musu ematen dio.)

 

euzkitze off: Tira, tira, tira… ahokada ederra Errenatarentzat…

 

(Isiltasuna.)

 

euzkitze off: ...eta ez du akabatu. Ados, jaun-andreok, ados! Nola deskribatu hemen bizi izaten ari garena… Emozioak inarrosita gaude… aspaldian horrelakorik sentitu gabeak ginen.

 

(Alarmak jotzen du. ehorzlea sartzen da borra batekin. Borrarekin renata jotzen hasten da.)

 

euzkitze off: Itxaron, kalean istiluak sortu omen dira... Bai?

 

(Kanpoko liskarraren oihartzunak entzuten dira. renata esnatzen da. Alarma soinua. Zuzenean sartzen da toreroa.)

 

euzkitze off: Ikaragarrizko banderilleroa sartu zaigu. Hitz bakarra aski da, jaun-andreok, dotorezia! Ole, ole eta ole! Ikusleak Errenataren belarria eskatzen ari dira.

 

(Mezu baten soinua entzuten da.)

 

euzkitze off: Adi! Emisioari amaiera eman beharrean gaude. Mesedez, gobernuak pilula dosia biderkatzea komenigarria dela gogoratuz, gure demokrazia positibistaren abestiarekin amaitutzat emango dugu…

 

(Abestia entzuten da, eta baita kanpoko iskanbila ere. Bat-batean, ehorzlea sartzen da arma batekin. Musika gora, kaosa, iskanbila. Halako batean, tiro egiten du teknikariaren kabinara.)

 

euzkitze off: Ez, kontuz, hemen ez, ez! (Tiroak entzuten dira)

renata: Xabier, Xabier!!!

 

(Badoaz.)