Fikziraultzaileak
Fikziraultzaileak
Kamikaz Kolektiboa
Azaleko irudia: Idoia Beratarbide Arrieta
Diseinua: Metrokoadroka
2025, antzerkia
154 orrialde
978-84-19570-51-2
Kamikaz Kolektiboa
 
 

 

1. EMAKUMEEN ESZENA

 

 

(Lehen eguna. emakume 1, emakume 2 eta emakume 3 tea hartzen ari dira loredun zapiarekin atondutako mahai baten bueltan. Mahaian hiru katilu, teontzi bat, azukre kikara, pasteltxoentzako plater bat eta hiru haizemaile daude. Barrez lehertzen ari dira.)

 

emakume 2: Eta zer esan zion zalditik erori zenean?

emakume 1: Esan, esan...

emakume 3: Bota nazazu berriro!

 

(emakume 1, emakume 2 eta emakume 3 barrez lehertzen dira.)

 

emakume 1: Baina Nigelek ez du inoiz jakin izan zaldian ibiltzen.

emakume 2: Hain da traketsa.

 

(Arnasa sakon bota eta haizemailea astintzen dute mugimendu erritmiko batez. Norbait ikusten dute urrutian. Hirurak zutitu eta erreberentzia bat egiten diote. Mahaira itzuli eta txutxu-mutxuka hasten dira. emakume 2k tea zerbitzatzen du.)

 

emakume 2: Te bat?

emakume 3: Bai.

emakume 1: Mesedez.

 

(emakume 2k tea zerbitzatzen dio emakume 1i.)

 

hirurak: Txotx, txotx, txotx!

 

(emakume 3ri orain.)

 

hirurak: Txotx, txotx, txotx!

 

(Azkenik, bere buruari.)

 

hirurak: Txotx!

emakume 3: Azukre pixka bat?

emakume 2: Bai.

emakume 1: Mesedez.

 

(emakume 3k banan-banan azukrea zerbitzatu eta denek koilarari jarraituko diote begiradarekin. Kikarak hartu eta, koreografia perfektuan, tea zurrupatzen dute. Hirurak haizemailea astintzen hasten dira.)

 

emakume 2 (emakume 1i): Zer moduz zure seme-alabak? Raul txikia cricketean hasi da, ezta?

emakume 1: Bai, nabarmentzen ari da. Aitaren talentu bera jaso du.

emakume 2: Eta neskatxa?

emakume 1: Neskatxa… adinera iristen ari da. Badakizue zer esan nahi dudan...

 

(Barre konplizea egiten dute. Haizemailea astintzen jarraitzen dute.)

 

emakume 1 (emakume 3ri): Eta zer moduz zure… etxea?

 

emakume 3: Lagun berria egin dut… (Intriga) Rubens. Aurreko astean erosi nuen eta egongelako horman zintzilikatu dut.

 

(emakume 1 eta emakume 3 barrez. emakume 2k ez du ulertzen.)

 

emakume 1 (emakume 2ri): Koadro bat erosi du, maitea!

 

(Hirurak barrez.)

 

emakume 2 (emakume 3ri): Banengoen, ba, ni zure adinean...

 

(emakume 3k, keinuka, zurrumurru bat harrapatzen du eskuarekin zerutik.)

 

emakume 3: Badirudi mahai honetako norbait beste norbaitekin ezkonaraziko dutela.

 

(emakume 3k berriz ere keinuka beste zurrumurru bat harrapatzen du.)

 

emakume 3: Berrehun urteko leinua duen gizon garbia, zintzoa, zorrik gabea, izen handiko familia batetik datorrena. (emakume 2ri) Ezta, maitea?

emakume 2: Ez nizuen ezer esan nahi, oraindik ez baitakit nor den aitak niretzat aukeratu duen gizona. Baina nik espero dudan hori bada… Oraintxe bertan geratu naiz beraiekin.

emakume 1 (masailetan kolpe txikiak emanez eta ahoan irribarre bat margotuz): Maitea, gogoratu...

 

(emakume 2 ere masailetan kolpetxoak emanez. Iluna.

Argia pizten da berriro. Bigarren eguna. emakume 1, emakume 2 eta emakume 3 mahaiaren bueltan barrez lehertzen ari dira.)

 

emakume 2: Eta zer esan zion zalditik erori zenean?

emakume 1: Esan, esan...

emakume 3: Bota nazazu berriro!

 

(emakume 1, emakume 2 eta emakume 3 mahaiaren bueltan barrez lehertzen dira.)

 

emakume 1: Baina Nigelek ez du inoiz jakin izan zaldian ibiltzen!

 

(nigel izena entzutean emakume 2 negarrez hasten da.)

 

emakume 1: Zer duzu, maitea?

emakume 2 (zutituz): Aitak Nigelekin ezkondu nahi nau.

 

(emakume 1 eta emakume 3 isilik geratzen dira. Urduri, emakume 3k azukrea zerbitzatzen du emakume 1ek haizemailea bizi astintzen duen bitartean.)

 

emakume 3: Maitea, azukrea behar duzu bihotza goxatzeko.

emakume 1: Ohituko zara, beti ohitzen gara.

emakume 3: Zure sostengua izango da, ez ahaztu.

emakume 1: Zure hobe beharrez da.

emakume 3: Gogoratu berrehun urteko leinua, maitea. Gaztea zara, sufritzeko momentuan zaude eta zure aitak badaki zer den zuretzat onena.

emakume 1: Pazientzia izan behar duzu.

emakume 3: Pazientzia…

emakume 1: Bota iezaiozu gehiago.

emakume 2 (zutituz): Ez! Nik ez dut azukrerik behar. Nire bihotza azukretuta dago.

 

(emakume 1 eta emakume 3 isilik. Tea zurrupatzen dute.)

 

emakume 2: Ez galdetu, ez galdetu ezer. Ez galdetzeko esan dizuet.

 

(emakume 1 eta emakume 3 isilik haizemailea astintzen. emakume 2 jaramonik egiten ez diotela ohartu eta mahaira itzultzen da.)

 

emakume 2: Ados, esan egingo dizuet. (Berriro zutituz) Joshua da nik maite dudan gizona.

 

(emakume 1i eta 3ri katiluak erortzen zaizkie.)

 

emakume 1 eta emakume 3: Joshua?!

emakume 1: Ze Joshua?

emakume 3: Joshua, konderriko biolin jolea?

emakume 1: Biolina jo eta dantza egiten duena?

emakume 3: Eta besteon gorputzak dantzan jartzen dituena?

emakume 1 eta emakume 3: Joshua… Joshua?!

emakume 2: Bai, eta berak ni maite nau.

 

(emakume 1ek eta 3k arnasaldi sakonak egiten dituzte. Iluna.

Hirugarren eguna. emakume 1, emakume 2 eta emakume 3 mahaiaren bueltan barrez lehertzen ari dira.)

 

emakume 2: Eta zer esan zion zalditik erori zenean?

emakume 1: Esan, esan...

emakume 3: Bota nazazu berriro!

 

(emakume 1, emakume 2 eta emakume 3 barrez lehertzen dira.)

 

emakume 1 (emakume 2ri): Maitea, ekarriko diguzu azukre pixka bat, mesedez.

emakume 2: Zerbitzariari eskatuko diot.

emakume 1: Asko tardatuko du. Ekar ezazu zuk zeuk.

emakume 2: Ez daukagu presarik.

emakume 1: Baina mesede hori egingo bazenigu…

emakume 2: Ez dut ulertz…

emakume 3 (moztuz): Ekar ezazu azukrea sukaldetik oraintxe bertan. Mila esker.

 

(emakume 2 mahaian dagoen kikara hartu eta azukre bila doa. Errealitatearen Eremura aterako da. emakume 1 eta emakume 3 txutxu-mutxuka.)

 

emakume 1: Esan egin behar diogu.

emakume 3: Esan egin behar diogu.

 

(Ezustean, emakume 2 sartzen da.)

 

emakume 2: Zuria ala marroia?

emakume 1: Beti zuria.

 

(emakume 2 badoa.)

 

emakume 1: Esan egin behar diogu.

emakume 3: Nik esango diot.

emakume 1: Ez, nik esango diot.

emakume 3: Nik esango diot. Zuk ez duzu inoiz taktorik izan, barkatuko didazu.

 

(emakume 2 sartzen da azukrearekin.)

 

emakume 2: Tori, nik gaur ez dut azukrerik behar. Nire bihotza azukretuta dago.

 

(emakume 1 eta emakume 3 elkarri begira.)

 

emakume 3: Joshua joan egin da. Zaldian trostan-trostan, joan egin da.

emakume 2: Joshua ez da joan.

emakume 3: Joshua joan egin da Emakume 23rekin eta haurdun dago.

 

(emakume 2 barrez. Beste biek elkarri begiratzen diote.)

 

emakume 3: Eta hirukiak espero ditu, biharko. Eta gainera, Emakume 40 du zain beste toki batean. Hirukiak espero dituena baita ere. Esan dut. Esan beharra zegoen eta esan dut.

 

(emakume 2 lasai. Besteak harrituta.)

 

emakume 1: Joshuak, hirukiak espero ditu eta gero beste hiruki batzuk. Seikiak, alegia, maitea.

emakume 3: Gizon hori ez da zuretzat.

emakume 1: Ez da zuretzat.

emakume 3: Ez dago zuretzat egina.

 

(emakume 2k haserre erantzuten die.)

 

emakume 2: Ez dizuet onartuko Joshua niretzat ez dagoela egina esatea. Zuek ez dakizue Joshua benetan nolakoa den, nolakoa den nirekin dagoenean.

 

emakume 1: Nola, zurekin dagoenean?

emakume 2 (ahoa estaltzen du): Ez galdetu, ez galdetu ezer. Ez galdetzeko esan dizuet. Ados, esan egingo dizuet. Atzo Joshuarekin egon nintzen basoan.

 

(Argia aldatzen da. Basoan gaude. emakume 2 basoan alde batera eta bestera joshuaren bila.)

 

emakume 2: Joshua? Joshua?

 

(Ezustean nigelekin egiten du topo.)

 

emakume 2: O, ez, Nigel! Zer egiten duzu zuk hemen?

nigel: Maitea, ezkon zaitez nirekin, esan bai, emadazu muxu bat begiak itxita.

emakume 2: Agur, Nigel.

 

(emakume 2k nigel baztertzen du eta joshuaren bila jarraitzen du. Bat-batean joshua agertzen da mahai azpitik erdi ezkutuan.)

 

emakume 2: Joshua!

joshua: Eroturik naukazu maitea. Baina gure artekoa ezin dugu argira atera, oraindik.

emakume 2: Baina maitea...

joshua (hatza ezpainetan pausatzen dio): Txist! Adio, maitea.

 

(Argi aldaketa. Basoko pasartearen aurretik zeuden momentu berera itzultzen dira.)

 

emakume 2: Eta horixe esan zidan.

 

(emakume 2 eseri egiten da.)

 

emakume 3 (zutitu eta eseri): Gizon hori ez da zuretzat.

emakume 2 (zutitu eta eseri): Bada.

emakume 3 (zutitu eta eseri): Ez da.

emakume 2: Joshuak ni maite nau eta nik bera maite dut.

emakume 3: Ez zaizu komeni.

emakume 2 (belarriak estaliz): Laralaralara...

emakume 1: Atzo gauean Joshuarekin egon nintzen eta bere gorputz leuna zurrupatu nuen.

 

(emakume 2k eta emakume 3k dramatikoki erreakzionatzen dute.)

 

emakume 3: Haurdun nago.

emakume 2 (zutitu): Zorionak!

emakume 3: Joshua da nire umearen aita.

 

(emakume 2k aulkia lurrera botatzen du haserre biziz eta emakume 3ri lepotik heltzen dio. emakume 1 mahai gainera igotzen da.)

 

emakume 2: Ez da posible.

emakume 3: Ezin liteke.

emakume 1: Joshua nirea da!

emakume 2 (belaunikatuz): Eeezzz! Traizionatu egin nauzue!

emakume 1: Ume hori aterako dizut. Bekatuaren umea.

emakume 2: Joshuak ni maite nau.

emakume 3: Akabatuko zaitut. (emakume 2ri) Belarritik hasiko naiz.

 

(emakume 1ek mahai gainetik salto egiten du beste bien gainera. emakume 1, emakume 2 eta emakume 3 borrokan hasten dira. Zilipurdika bata bestearen gainean dabiltza.)

 

emakume 3: Kendu gainetik, askatu. Baina, ze elegantzia mota da hau?

 

(Borroka geratzen dute eta beraien buruak atontzen dituzte elegantzia berreskuratuz.)

 

emakume 1: Ez dut ezer ulertzen. Zergatik ari ginen elkar jotzen?

emakume 2: Ez dakit, baina zerbait naturala da.

emakume 1: Naturala?

emakume 2: Gizon batek mareak mugitzen ditu. Gizon batek lurrikara sor dezake munduaren beste aldean eta Joshuak gu astindu gaitu.

emakume 1: Joshua nirea da!

emakume 2: Sekula sekulorum!

 

(emakume 1 emakume 2ren gainera joan eta borrokan hasten dira berriz.)

 

emakume 3: Mesedez, errespetu pixka bat. Ea, non dago Joshua? Ager dadila.

 

(emakume 3k joshua eta nigel ateratzen ditu eta emakume 1ek eta 2k burua galtzen dute. joshua agertzen denean maiteminduta agertzen dira. nigel agertzean nazka sentitzen dute. Hirurek desesperatuta amaitzen dute.)

 

emakume 3: Emakume 1, Emakume 2, Joshua plastikozkoa da.

emakume 2 (musu ematen dio): Olentzero existitzen ez dela konturatzea bezala izan da.

emakume 1: Eta orain zer egingo dugu?

emakume 3: Har dezagun te bat.

 

(Mahaira joaten dira urduri.)

 

emakume 2: Te bat?

emakume 3: Bai.

emakume 1: Mesedez.

 

(emakume 2 tea zerbitzatzen hasten da.)

 

hirurak: Txotx, txo…

emakume 2 (teontzia astinduz): Ez dago terik…

emakume 3 (koilararekin azukre kikara kolpatuz): Ez dago azukrerik…

emakume 1 (pasteltxoen platera ukituz): Ez dago pasteltxorik.

emakume 3: Baina ze fartsa da hau?

 

(Hirurak negarrez, lur jota daude. Jarraian emakume 1ek mahaiaren azpian gidoi bat aurkitzen du.)

 

emakume 1: Zer da hau?

 

(emakume 2 eta 3 beregana hurbiltzen dira.)

 

emakume 2: Letrak.

 

(emakume 3k gidoia hartu eta orriak pasaz gainetik irakurtzen du.)

 

emakume 3: Michael Jefferson, George Jefferson, Joshua Jefferson, Nigel Jefferson, Iraitz Jefferson, Andoni Olarre.

emakume 2: Noski, gizonak behar ditugu istorioak interesa eduki dezan.

emakume 1: Eta gu?

 

(emakume 3k gidoia begiratzen jarraitzen du.)

 

emakume 3 (pozik irakurriz): Hementxe gaude, orritxo honetantxe gaude. Emakume 1, Emakume 2 eta Emakume 3.

 

emakume 1: Eta zer dio?

emakume 3: Eta zer dio?

emakume 1: Eta zer dio?

emakume 3: Eta zer dio?

emakume 1: Eta zer dio?

emakume 3: Eta zer dio?

emakume 1: Esan.

emakume 3: Esan.

 

(Barre egiten dute esaten ari direna gidoian idatzita dagoela konturatzen direnean.)

 

emakume 1: Zer dibertigarria. (Testua hartu eta irakurriz) Hemen jartzen du Emakume 1ek, Emakume 2 jotzen duela.

 

(emakume 1ek emakume 3 lepotik heltzen du.)

 

emakume 2: Ni naiz emakume 2.

 

(emakume 1ek, emakume 3 Fikzioaren Eremutik kanpora botatzen du.)

 

emakume 1: Joshua nirea da!

emakume 2: Sekula sekulorum.

 

(emakume 1 eta emakume 2 borrokan hasiko dira.)