
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Hitzaurrea, Espe Lopez
HIRU KORTSE, AZUKRE ASKO ETA BRANDY GEHIEGI
La flor y Renata, Harkaitz Cano
Hitzostea, Odei Barroso
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Hitzaurrea, Espe Lopez
HIRU KORTSE, AZUKRE ASKO ETA BRANDY GEHIEGI
La flor y Renata, Harkaitz Cano
Hitzostea, Odei Barroso
13. GOBERNUA
(kizkitza sartzen da oso urduri.)
kizkitza: Zer da hau, zer da!!! (Pilula hartzen du)
(rober sartzen da, euforiko.)
kizkitza: Rober, Rober, zer gertatzen ari da?
rober: Ez dut inoiz horrelakorik ikusi eta bizi izan.
kizkitza: Zer?
rober: Ikaragarria da, hiria sutan!
kizkitza: Hiria sutan…
rober: Jendea aztoratuta dabil. Altxamendu bat bizitzen ari gara.
kizkitza: Probatu duzu abestiarekin?
rober: Merkatuan dauden bozgorailu handienekin…
kizkitza: Eta?
rober: Ezer ez… Eta arriskutsuagoa den zerbait: Jessica Dindonen aurkako aldarriak entzun ditut.
kizkitza: Zer?!
rober: Edozein momentutan hona barrura sar daitezke.
kizkitza: Ezinezkoa! Gu boterean mantentzea da garrantzitsuena.
rober: Alarma egoera aktibatuko dugu? Ju-ja!
kizkitza: Bai!
rober: Azkenean! Ju-ja!
kizkitza: Lau minutu barrurako Dindonen komunikatua programatu dut, hau geratu beharra dago.
rober: Ju-ja!
(dindon sartzen da.)
dindon: Kizkitzaaa!!! Ikaragarria da, hilezkortasuna… Non dago Renata? Non dago Renata? Rober, ekar ezazu oraintxe bertan!
rober: Ju-ja!
(renata sartzen da. dindon pozik, renata usaintzen du. Ondoren belarritik tira eta belarrira zuzenean hitz egiten dio.)
dindon: Esan zure sekretua!
(renatak ahoa zelo zati batekin estalia dauka eta ezin du erantzun. dindonek zeloa kentzen dio, baina eskuan itsatsiko zaio, momentu eroa, zeloa ezin gainetik kendu. roberrek hartu eta zeloari plakaketa egiten dio.)
kizkitza: Begira zer sortu duzun, kaosa, hondamendia, heriotza…
rober: Gure Sistema Demokratiko Poziktibista pikutara bidali duzu.
renata: Ez, nik artea, artea egiten dut…
dindon: Ez ukitu! Etorri hona…
(dindonek belarritik tiratuz albo batera bidaltzen du renata. Beste albo batean, elkarrizketa jarraitzen dute roberrek eta kizkitzak.)
rober: Renata, Renata, Renata... Besterik ez du buruan.
kizkitza: Desagerrarazi egin behar dugu.
rober: Nola desagerrarazten da hilezkorra den norbait?
(dindon andreak renatari belarritik tira eginez.)
dindon: Esan amatxori, esan zure ama aberriari, nola egiten duzu polit horrek, behin eta berriz berpizteko? Esan amatxori. (Haserre) Esan amatxori.
renata (etsita): Nik erabaki gabeko zerbait da. Ez dakit, ni artista bat naiz.
dindon: Baina esan, esan… Titia nahi duzu? Tori amatxoren titia. Esaaannn...
(renatak bultza egiten dio eta joaten hasten da. dindon lurrera erortzen da.)
dindon: Rober!!!
(rober gerturatu da eta renata geldiarazteko tiro bat botatzen dio. Tiroak espazioa zeharkatzen du, toki ezberdinetan errebotatuz. Azkenik jessica dindon jotzen du.)
dindon: au!
(dindon erortzen da ziplo. Hil egin da.)
rober (renatari): Zure errua da.
kizkitza: Inork, inoiz topatuko ez zaituen zulo ilun batera eramango zaitugu betiko!
rober: Eta han zaudela, zure gorputza erabiliko dugu hilezkortasunaren giltza aurkitzeko.
kizkitza: Eta horrela Dindon andrearen desioa bete ahal izango dugu. (Erdi negarrez beste pilula bat hartzen du)
renata: Ez, nik misio bat daukat, eta ez badut lortzen ezerezean geratuko naiz!
kizkitza: Rober… eraman ezazu.
rober: Ju-ja!
renata: Ez, ez…
(roberrek renata eramaten du. kizkitzak pilula mordo bat hartu eta pilulak esnifatzen amaitzen du.)
kizkitza: Orain lasaitasun mezua zabaltzea da garrantzitsuena. Jendea kontrolpean mantentzea. Dena ongi aterako da. Boterea gure eskuetan izango dugu. Jessica Dindon ez dago hilda!
(rober sartzen da.)
rober: Betirako ezerezean giltzapetu dut. Estaldurarik ere ez dago gela horretan.
kizkitza: Inork ezin du jakin hemen gertatu dena. Dindon andrea ez da hil.
(erramun sartzen da Dindon Irabiaki bat edanez.)
erramun: Ze iskanbila da hau? Justu nire laneko deskantsuan nengoen, bazkaria bukatzen nenbilen eta zuek hemen ibili zarete builaka, tiroka, garrasika…
(erramunek lurrean ikusten du dindon.)
rober: Renatak hil du.
erramun: Txorikume bat ematen du.
(Musika korporatiboa entzuten hasten da. Guztiak urduri.)
kizkitza: Mezua! Programatuta utzi dut! Bi minutu barru zuzenean izango gara. Komunikatua eman behar dugu.
(Aulkian esertzen dute dindon.)
erramun: Ideia bat daukat! Sabeliztuna, bentrilokuoarena egingo dugu. Zuk, Rober, mugituko duzu eskubiko eskua, nik ezkerrekoa eta burua. Zuk Kizkitza imitatu bere ahotsa, oso ongi egiten duzu. Benga, ederki egingo dugu elkarlanean. Aupa, ekipo!
(Zuzenekora sartzen dira.)
dindon panpina: Herria, zuen amatxo oso triste dago, gaur gertatu denak bihotzean atximur egin dit. Gure demokrazia poziktibista pikutara bota duzue. Horrenbeste urtez kostata lortu dugun poza, basakeria bihurtu da. Zuen hobe beharrez, denon onerako eta familia handi bat garelako, etxeratze-agindua ezartzen dut nik kontrakoa agindu arte. Kontuz! Kalea oso arriskutsua da, amatxok esaten duena egin beharko duzue! Berriz ere zuetaz harro egon artean, agurtzen naiz.
kizkitza: Moztu emisioa!
(Musika amaitzen da.)
erramun: Nik uste dut ondo geratu dela.
kizkitza: Funtzionatuko ote zuen? (Pilula hartzen du)
rober: Bai, onenak gara. Ju-ja!
kizkitza: Eraman ezazue.
(kizkitza badoa.)
rober: Zer egingo dugu gorpuarekin?
erramun: Gure etxean soberakin guztiak izozkailuan gordetzen ditugu.
rober: Ju-ja!
erramun: Pasilloan norbaitek ikusten bagaitu ere, duintasuna.
(erramunek ondo kolokatzen du dindon. roberrek dindoni begiratu eta negarrez hasten da.)
rober (negarrez): Ju-ja, ju-ja, ju-ja…
erramun: Negarrez ari zara, Rober?
rober: Bai...
erramun: Hori legala da?
rober (dindoni): Zoragarria zara, Jessica Dindon. Zoragarria zinen, Jessica Dindon. Ju-ja. ju-ja. ju-ja…
(Badoaz.)