Fikziraultzaileak
Fikziraultzaileak
Kamikaz Kolektiboa
Azaleko irudia: Idoia Beratarbide Arrieta
Diseinua: Metrokoadroka
2025, antzerkia
154 orrialde
978-84-19570-51-2
Kamikaz Kolektiboa
 
 

 

7. KANALA

 

 

(Tanatorioan. ehorzleak ohatila sartzen du, gainean renataren gorpua dago, baina berehala berpiztu egingo da.)

 

ehorzlea: Uaaa! (Sustoa. Mugikorra atera eta grabatzen hasten da) Hashtag “#bizirik dago”!

renata: A eta B, txanponak bi alde, bizitzarik ez da heriotzarik gabe.

ehorzlea: Uaaaaaaaa!!!!!!!!!

 

(Badoa. kazetaria sartzen da.)

 

kazetaria: Azken uneko albistea! Hilotz bat erraustua izatera zihoala, gorpua berpiztu egin da. Agur-Ben-Hur ehorztetxeko lekukoek diotenez pertsona guztiz hilda zegoen: hilda-hilda. Renata da bere izena eta kontua bolo-bolo dabil herritarren artean.

 

(kirolaria eta atzetik haren umea sartzen dira korrika.)

 

kazetaria: Arratsalde on… Renatari buruzko galdeketa bat egiten ari gara…

umea: Nik badakit nor den. Hil eta berpizten den pertsona bat da.

kazetaria: Haurrek ere ezagun dute dagoeneko bere izena…

 

(kazetaria badoa.)

 

umea: Eta su hartuko balu, aita? Eta marrazo batek beso bat jaten badio, aita? Eta nora joan da Renata hil denean, aita? Zer dago hil eta gero, aita? Aitaaa...!

kirolaria (ahoa ixten dio umeari): Kaloriak, kaloriak, ume, kaloriak…

 

(aita irteten da. umeak atzetik jarraitzen dio.)

 

umea (errepikatuz): Kaloriak, kaloriak, ume, kaloriak… Aita, poliki!

 

(ehorzlea sartzen da.)

 

ehorzlea: Hementxe egin nion autopsia. Ikaragarria da. Kasu honek hankaz gora jarri ditu zientziaren oinarriak. Nola demontre berpizten da une oro gorputz hori? Ekar dezatela Renataren gorpua laborategira! (Pilula hartu) Ekar dezatela.

 

(Eszenaren alde batetik bestera, erlijiosoak pasatzen dira renataren argazki handi bat daramatela.)

 

erlijiosoak (abesten datoz pozik):

ab, ab

Txanponak bi alde

ab, ab

Renata salbatzaile

ab, ab

Hilezkorrak gu ere

ab, ab

Zure haziaren truke

 

(influentzerra sartzen da.)

 

influentzerra: Gaur Renata famatuarengan inspiratutako makillajea, hildakoak pizteko moduko looka dakarkit. Horretarako “Brotxkoli” markak oparitu didan pintzela gomendatzen dizuet. Renatak buru oso handia daukanez, argia emango diogu gure aurpegiaren bi aldeei.

 

(udaltzaina sartzen da.)

 

udaltzaina: Lasai! Ez hil zuen burua.

 

influentzerra: A! Iruzkin onenari azidoa ziztatzeko saio bat oparituko diot.

 

(influentzerra badoa.)

 

udaltzaina: Ez zarete Renata. Trankil. Norbere burua hiltzen duenari isuna! Laguntza behar dut, hau eskuetatik joaten ari zaigu. (“Pilula” abesten du) Ez, ez! Gobernuak ez du ziurtatzen teilatutik salto eginez gero ez zarenik hilko. Hau deskalabru bat da.

 

(udaltzaina badoa. renataren aita sartzen da, turista 1 eta turista 2 atzetik dituela.)

 

aita: Hau da Renataren etxea.

turistak: Uaaauu.

aita: Hemen sartu nion hazitxoa nire emazteari...

 

(turistek barre egiten dute.)

 

aita: ...eta hemen hil zen Renata lehen aldiz tximista batek jota...

 

(turistak izutzen dira.)

 

aita: ...dortokatxo honen aurrean.

turistak (dortokarengana gerturatzen dira ukitzera): Oooo…

aita: Kontuz, kosk egiten du. Atera argazkiak lasai, baina ez ukitu. Eta hemendik jarraituz gero, Renataren kamisetak erosi ahal izango dituzuen dendaraino iritsiko gara…

 

(aita badoa, turistak gelditzen dira argazkiak ateratzen. pentsalaria sartzen da.)

 

pentsalaria: Nire azken ebookean Renatak sortu dizkidan galderak plazaratzen ditut: Hilezkorrak izan nahi dugu? Gai izango ginateke horrela bizitzeko? Zer egingo dugu hainbeste jenderekin? 5. kapituluan umeen gaia jorratzen dut, gauza bakarra dute orain ahoan: heriotza, heriotza eta heriotza. Nire ilobak esan zidan aurrekoan: ea hiltzen zaren.

 

(enpresariak eszena zeharkatzen du.)

 

enpresaria (pilula hartu): Ez duzu ulertzen? Renata bezalako jende gehiago balego, lan istripuetan hildako langileen tasa jaistea lortuko genuke, lan-baldintzak aldatu gabe. Teilatu batetik behera erortzen dela? Lasaaaaiiiii. Ez dugu mediku asegururik ordaindu beharko. (Hatzekin diruaren keinua eginez) Badakizu zenbat diru den hori? Ulertzen duzu orain?

 

(Pilula esnifatu eta badoa. renataren aurpegiarekin eginiko maskarekin tiktokerrak dantzan sartzen dira. tiktokerrak dantzan irteten dira. tititsu sartzen da eszenan.)

 

tititsu: Eta zergatik ez du nahi izan gure saioan zuzenean hil? Gonbidapena luzatu diogu. Beti pantailaz bestalde ikusten dugu hiltzen. Gauza bat esango dizuet: ez naiz fidatzen, ez naiz fidatzen.

 

(tertuliakidea sartzen da.)

 

tertuliakidea: Fartsa bat da! Fartsa bat da! (Pilulak irentsi) Nork sinisten du orain eta hemen pertsona bat berpiztu daitekeela.

tititsu: Agian bai.

tertuliakidea: Mesedez.

tititsu: Mesedez. Fartsa bat da.

 

(tertuliakidea eta tititsu badoaz. pitonisa sartzen da.)

 

pitonisa: Gure gainetik dauden indarrek esku hartu dute kontu honetan. Gertatzen ari den hau guztia mundu berri bat sortzeko aukera bat da. Zabal ditzagun begiak, ireki bihotzak eta ikusi eta sentitu Renataren mezuaz haratago dagoen hori. Taroteko heriotzaren karta ikusten dut. Heriotza usaintzen dut, baina hau ez da amaiera bat, hasiera bat baizik. A eta B, txanponak bi alde, bizitzarik ez da…

 

(pitonisa irteten da. Nerabea 2 sartzen da eszenara.)

 

nerabea 2: …heriotzarik gabe. Pilulak hartu ditut eta kantua entzun dut, baina Renata ikusi nuenetik pentsamendu errepikakor bat daukat buruan: Heriotza. Nire ama duela bi urte hil zen eta, momentu hartan ez bezala, atzo, bat-batean, negar egin nuen. Hori ondo dago? Hori legala da?

 

(Badoa.)