
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Hitzaurrea, Espe Lopez
HIRU KORTSE, AZUKRE ASKO ETA BRANDY GEHIEGI
La flor y Renata, Harkaitz Cano
Hitzostea, Odei Barroso
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Hitzaurrea, Espe Lopez
HIRU KORTSE, AZUKRE ASKO ETA BRANDY GEHIEGI
La flor y Renata, Harkaitz Cano
Hitzostea, Odei Barroso
9. FAMILIA
(ama sartzen da kantuan Dindon Irabiakiak eskuetan dituela. Mahaia jartzen du.)
ama: Pilula, pilula, pozaren formula, pilula, pilula hartu. (Pilula hartu) Renata, bazkaltzera! (Erantzunik ez) Bizitzeko indarra ematen du lanak, gora maitasuna eta gora bihotzak. Aita, bazkaltzera!
(aita sartzen da.)
aita: Ez, ez, ez, Jauna, eneeee...
ama: Orain , zu zara jauna.
aita: Jauna ez, orain Jauna ni naiz! (Barre egiten du) Gauzak horrela, 20.000 bisera prest nahi ditut ostiralerako, Renataren aurpegia estanpatuta. Berdin zait nola lortzen duzun!
(aitak telefonoa eskegi eta iragarkiaren soinua entzuten da. aita eta ama mugikorrei begira.)
bideo birala off: “Esan! Esan! Esan berriz! Egunon, amatxo, maite zaitut” (...) “Uau, uau, uau, uau” (...) “Oso ondo!” (...) “Zaunk, zaunk, zaunk” (...) “Ixo! Zakurrak maite nau eta nik maite zaituztet, eta zuek ni ere bai, ezta? Bestela…” (...) “zaunk, zaunk, zaunk!”.
ama: A zer emakume ederra den Jessica Dindon. Horrelako txakur bat nahi dut.
aita: Horrelako bost erosiko dizkizut. (Telefonoari) Prezioa, zakurra, Terrier…
ama: Arantxita, bazkaltzera!
(Omenezko plaka bat aurpegian duela, arantxita sartzen da.)
ama: Egia, sorpresa.
aita: A! Bai! Saria!
ama: Arantxita, grabatu dena. Renata!!
(renata sartzen da. aitak arantxitari plaka hartu, honek zintzilik duen tablet erraldoi batekin aurpegia tapatzen du. arantxitak dena grabatzen duen bitartean, aitak plaka ematen dio renatari.)
aita (mugikorreko ikusleei): Zorionak! Zuei, jarraitzaile guztiei esker Renatak zilarrezko plaka jaso berri du, eskerrik asko.
ama: Hementxe egon zen. Hemen garatu zituen bere dohainak. Zoom, Arantxita, zoom.
renata: Eskerrik as…
(arantxita jeloskor, biolento jartzen da renataren aurka. amak banandu, aitak plaka jaso eta txukundu.)
ama: Moztu. Arantxita, maite-maite, suabe-suabe. (Pilula ematen dio) Pilula, pilula. Benga bazkaltzera.
(Bideoa grabatzeari uzten diote. Dindon Irabiakia edaten dute.)
guztiek: Dindon, dindon, dindon. Uaaaaa!
aita (zerrenda bat ematen dio renatari): Marka guztiek zurekin kolaboratu nahi dute, baina esklusiboenak aukeratu ditut.
renata: Arratoi eta untxiekin testatzen duten kosmetika enpresarik ez.
ama: Lasai horregatik, maitea, animaliak utzi eta orain zurekin egingo dituzte probak.
aita: Adi, Renata, ezin dugu olatua galdu: zure gorputzak zalantzak sortzen ditu.
arantxita: Uiuiui…
renata: Nire gorputzak?
aita: Gorputz gihartsu bat behar dute markek.
ama: Gorputza tonifikatu behar duzu, maitea.
renata: Artisten kasuan tonifikatu beharrekoa adimena eta sorme…
aita: Ez, ez, ez, pektoralen operazio hori egin behar baduzu egin egingo duzu. Azken finean, (Barrez) anestesiarekin hiltzeko probabilitatea hutsa da.
ama: Arantxita, hartu ordua pektoralen operaziorako.
(arantxitak ordua hartzen du.)
aita: Neoprenoen iragarkia berriz grabatu behar da (Ateratzen da).
arantxita: Berriz.
renata: Marrazoena? Berriz?
arantxita: Berriz.
ama: Marrazoek burua jaten dizutela? Ba, oso ondo, baina markak kamera aurrean agerian gelditu behar du beti.
(amak maite-maite egin dio renatari eta arantxita jeloskor jartzen da. aita bueltatzen da.)
ama: Aitak sorpresa bat dauka zuretzat.
(amak begiak estaltzen dizkio renatari. aita jostari, kamiseta eskuan, pozik.)
ama: Tatxan!
(Ateratzen duen kamisetan “Bizitza hil” irakur daiteke.)
renata: “Bizitza hil”. Baina horrek ez du zentzurik.
aita: Zer zentzu eta zer zentzuondo, zure lema luzeegia zen, ez zen txapetan kabitzen.
renata: Bai, baina leloa…
ama: A! Eta hasi heriotza originalagoak asmatzen, oso errepikakorrak dira.
renata: Artista batek denbora behar du bere sormena elikatzeko, eta ni igandeetan ere lanean ari naiz… Uste duzue Judith Malinak errepikakorregi egiten zuela bere lana The Living Theatre konpainian?
aita (amari): Hitz egiten du baina ez diot tutik ere ulertzen.
arantxita: Tonto, tonto!
ama: Azken bi egunetan etsaien kopuruak gora egin du sareetan, maitea. Jendeak dudak, zalantzak ditu. Ea benetan hiltzen zaren, inork ez zaitu zuzenean hiltzen ikusi, pantailaz bestalde bakarrik. Zure heriotzak trikimailuak direla diote. (renatari goxo) Maite zaitugulako esaten dizugu hau guztia. Zein da nire zeruko izarra? Zein da nire izar kuttuna?
(arantxitak plakarekin buruan jotzen du renata, hil arte. renataren gorpua mahai erdira erortzen da.)
ama: Arantxita, suabe-suabe. Pilula, pilula. (Pilula ematen dio)
(arantxita joaten da.)
ama (renatari begira): Mahai erdira erori behar zuen?
aita: Lasai, ama.
ama: Lasai, ama? Ni ari naiz dena sostengatzen. Badakizu zer lan ematen didan Arantxitak?
aita: Eta zenbat diru irabazten ari garen?
ama: Bai, baina noiz arte aterako diogu etekina honi? Renatak jendearen gustuko izateari uzten badio zer, e? Eta Renatak berpizteari uzten badio zer, e?
aita: Hartu pilula, ama.
(Pilula ematen dio.)
ama: Eta ipurdi hau? Arantxita!
(arantxita sartzen da.)
ama: Arantxita, pektoralen operazioari gehitu gluteoena.
(arantxita badoa.)
aita: Esnatzean esaiozu jarraitzaileak mantentzeko zerbait asmatu behar duela. (Mugikorrari) Aupa, ama!!!
(aita badoa.)
renata (esnatuz): Aaarrrgggg… (Kosta egiten zaio)
ama: Ondo zaude maitea?
renata: Ba…
ama: Entzun ondo maitea… Zoaz zure logelara eta zure kanal horretan galdetu jarraitzaileei, galdetu zer nahi duten eta egin zure jarraitzaileek nahi duten hori. Benga, segi gelara, segi lanera.
(renata badoa burumakur.)
ama: Renata, baina ze jarrera da hori. Benga, egin irribarre.
(renatak irribarre egiten du.)
ama: Garbitu hortzak. Eta gogoratu, egin kasu zure jarraitzaileei.
(renata badoa.)
ama: Egunen batean maleta egin eta joan egingo naiz, urrutira. Baina zer egingo dute ni gabe... Ez dakit zer egingo duten ni falta naizen egunean.
(ama badoa.)