
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Hitzaurrea, Espe Lopez
HIRU KORTSE, AZUKRE ASKO ETA BRANDY GEHIEGI
La flor y Renata, Harkaitz Cano
Hitzostea, Odei Barroso
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Hitzaurrea, Espe Lopez
HIRU KORTSE, AZUKRE ASKO ETA BRANDY GEHIEGI
La flor y Renata, Harkaitz Cano
Hitzostea, Odei Barroso
Hitzaurrea
Espe Lopez
Kaka. Heriotza. Izorra dadila aita.
Zerbait ireki da. Satanek dio:
Ez al zara askoz hobeto sentitzen?
Sharon Olds, “Satanek dio” poemaren zati bat.
Ezin ezetz esan...
Bada jende bat ezin diozuna ezer ukatu... gonbidatzen zaituzte antzerki muntaketa batean kolaboratzera, baina oraingoz ideia bat besterik ez dute... berriz ere gonbidatzen zaituzte beste bi proiektutarako, eta, informazio nagusi gisa, lerrokada batzuk ematen dizkizute... edo gonbidatzen zaituzte hitzaurre edo atariko edo oraintxe idazten ari naizen dena delako hau idaztera.
Eta zaila izaten da ezetz esatea, egiteko gogoak kutsakorrak direlako. Nola geratuko naiz ba etxean, jakinik badabiltzala hiru lagun entsegu lokalen batean dibertitzen, sortzen, buelta eta buelta asko ematen hainbat gairi, hainbat gauzari, ironiari tiraka gogoeta eginarazteko, kontatzeko gogoz!
Nik behintzat ez dut halakorik galtzen uzten. Alegia, ez nuela ezetz esan.
Hiru kortseren lantaldera batu nintzenean, agenda zeharo beteta nenbilen, baina gogoak eman zidan erronka bat zela, ikusirik gaia bagenuela, eta denbora gutxi ere bai. Emakumeei buruz hitz egiteak erraza eman dezake, modan dagoela, egin egin behar dela. Baina, bestalde, nola egin hori biktimismoan erori gabe, panfletora jo gabe. Ondo dakigu ikusle mota batek esango duela “bai, oso ondo”; beste batek, “tira, ez da aski”; eta egongo da ados ez dagoenik ere “izan ere, eta abar…”. Zaila da… eta, horrexegatik, betiere gai delikatua den horretaz mintzatzeko, modurik onena da esperientzia propioan oinarritzea, norbere bizipenei heltzea. Emakume guztiek dugu zer kontatua gizarteak sentiarazten digunaz. Baina ez da ikuspegi pertsonalera soilik mugatu behar, galderak egin behar dizkiogu geure buruari, hainbat kontu ezbaian jarri, aurrera egiten ez duela iruditu dakigukeen egoera honetatik irtengo bagara. Bestelako espazio bat irudikatu behar da, antzezlanean dioten bezala, espazio “neutro” bat sortu (halakorik posible bada), agertoki berri bat eraiki, ezarritako ereduetan bermatuko ez dena.
Ironiak eta egunez egun ikusten ditugun jarrera, pentsamendu eta argudioak hankaz gora jartzeko gogoak bultzatzen dute obra hau. Eta kontatzen denak bainoago, manerak: pieza korala, erritmo eta asmo jakin batekin sortua; ikusleengan gozamena eta gogoeta eragitea, eta atera ditzala nork bere ondorioak.
Zer gertatzen da gizarte batean, emozio negatiboak ezabatzen badira, hiltzea izapide soila balitz bezala estaltzen bada eta doluek une bat besterik irauten ez badute? Horra Renataren premisa. Distopia bat hiru izaki mitologikorena; Parkak. Euren ekinak pizten du dena. Hauxe da plana: Renatari botere bat ematea, gizartean mezu bat zabaldu dezan, gauzak aldatzeko; alegia, heriotzak bete dezala dagokion tokia bizitzaren zikloan. Hiltzerik gabe, bizitzerik ez.
Parkek horrela jokatuko dute mehatxupean daudelako. Mundutik heriotza eta emozio negatiboak ezabatuta, gizabanakoak materialista bilakatzen dira eta mundu magikoarekin harremana galtzen dute, harik eta hura desagertu arteraino.
Antzezlanean, dena da apropos neurrigabea: planteamendua, egoerak, jantzien kolore eta forma deigarriak, pertsonaiak… Elementu guztiak bateratu behar genituen, are antzezteko era ere. Antzezpen hanpatua landu genuen, esajeratua, groteskoa, kontakizunari ukitu bereizgarri bat emateko.
Lau antzezle bakarrik dira, baina makina bat pertsonaia etengabeko sartu-irtenean. Gobernu gabinetetik Renataren familiara pasako gara; gero, herrira, eta Parkak hurrena, eta hariak aurrera egin ahala, berriro agertuko zaizkigu jokaleku horiek. Irudipena izango dugu zientoka pertsonaia igaro direla eszena eta egoeren segida gero eta biziago batean.
Distopia orok errealitate urrun bat irudikatzen du, errealitatearen beraren alderdi adierazgarri batzuk ikusarazteko. Renatak heriotzaren tratamendua distortsionatzen du, agerian utzi nahi duelako gure gizarteak hura ezkutatzeko joera duela.
Antzezlanak ikusi zituztenek beste era batera berrikusiko dituzte orain, liburuak irakurrita. Gogora etorriko zaizkie irudiak, forma, antzezpena, jolasa, eta, gainera, xehetasunei erreparatu ahalko diete. Teatroan, hitzak azkar pasatzen dira, barre egiten duzu gertatzen denarekin eta ez duzu aditzen esaten den guztia.
Obra ikusi ez, eta testuak irakurtzen dituztenek ahotsak, gorputzak, mugimenduak imajinatuko dituzte, bertsio propio eta bakana osaturik. Zure kasua bada, horra aholku bat: irudikatu itzazu antzezle boteretsuak, adoretsuak eta dibertigarriak. Zenbat eta gehiago esajeratu, orduan eta gehiago hurbilduko zara jatorrizko eszenara.
Talde honen lana eta jakintza aldarrikatu besterik ezin dezaket egin: zoragarria da. Ez dela serioa eman dezake, baina esapide hori natural ateratzen zait Kamikaz Kolektiboarekin lan egiten dudan bakoitzean, edonork zer moduz? galdetuz gero.
Izan ere, plazera da egiteko gogoagatik eta jolasean oinarrituz lan egitea, sentsazio kontrajarriak edo harridura eragitearen beldurrik gabe, “agerikoa ez den” hori ontzat emanda, nondik datozen inork ez dakien baina dauden lekuan zentzua duten irudiak sorturik, funtsean, prozesu ireki eta libre batean gozatuz lan egitea.
Ospatu egin behar direlako jolasa, intentsitatea eta egiteko gogoa.
Eta horretan gabiltza.
Ospatzen.
Pura vida!
(Costa Rican dioten bezala)
Irun, 2025eko abuztua