Bildumaren zerrendara itzuli Idazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

EROSI LIBURUA
E-BOOK FORMATUAN

AZALA

 


 

EZ OHERATU NIREKIN

 

 

Honela esan zion Oihane Irazustak

Adur Goikoetxeari: «Ez oheratu nirekin

bibliografia hornitzeko;

jakintzak ez du jaberik

eta dakidan apurra zeurea da.

Ez eman daukazun bakarra,

zure gorputza,

nirea ez den hitzaren truke.

Nik beste batzuei hartu nien,

eman zuk orain hurrengoei».

 

Honela esan zion Oihane Irazustak

Adur Goikoetxeari: «Ez oheratu nirekin

besarkada bat behar duzulako;

berotasun eskubidea

bakardade neurotikoaren aurka

erabiltzen dugun arma da-eta.

Ez eskaini zure usain goxoak

funtsezko beharra duzulako.

Besoak trafikotik at ditut oraingoz».

 

Honela esan zion Oihane Irazustak

Adur Goikoetxeari: «Ez oheratu nirekin

bazkalostea entretenituko dizun

pinpirin bat nahi duzulako;

kafea doan da kantinan

eta nik zerbitzatuko dizut.

Euskal Errepublika Demokratikoak

oheetan behar zaitu, baina

oheetara joateko desira duzunean

ez nahastu liburuak eta oheak.

Ez naiz lubakiko ofizioko pailazoa,

irri eginarazten dizut

barrabilpeko giharrak

kitzikatzen dizkizudalako».

 

Hori zen Oihane Irazustak

Adur Goikoetxeari esateko zeukana.

Ez zion besterik esan.

 

 

 

© cc-by-sa Hedoi Etxarte

 


www.susa-literatura.eus