ARROBATZAILEA
—May I see your driver's licence please?
Ez da galdera bat, ez da eskari bat, baina
lotura estua du gidaritza eta baimenarekin.
—May I see your driver's licence please?
Begien bistakoa da jazarpena.
]Coolidge et Cameron même Combat![
—May I see your driver's licence please?
Nola utzi karaktere manikeoak errenkan ekoizteari.
Pathosak garaitu gaitu, ikerketarako astirik ez ia,
hartu blue-jeanak eta xurgagailua eta ospa egin,
blue-jeanik gabe, xurgagailurik gabe ez zara inor,
ahaztu eskola, komisaria edo meskita erretzea.
Hartu blue-jeanak eta xurgagailua eta ospa egin!
—Harritu egin al zintuen bart gauean ikusitakoak?
—Ez noski, urte asko dira Londresen bizi naizela.
—Baina gaitzetsi egiten al duzu?
Con/DemNation-en bizi omen da Mark Duggan
eta zalantzan jartzen du Alain Badiouren ekuazioa:
«Proiekturik gabeko suntsiketa
baieztapenik gabeko ezeztapena da».
Ez. Zera. Baina.
Ez dakizue zer den blue-jeanik gabe deus ez izatea.
Mark Dugganek ez die zakur amorratuei
berorika egingo, ez baitaki horrela jarduten.
Horregatik egiten die zuka 3.000-euristei.
Eta nahi du gorbatak edo galoiak jantzi ditzazuen.
Mark Dugganek badaki bizkarroiak nortzuk zareten
baina zuek zeuen kabuz jakin dezazuen nahi du.
© cc-by-sa Hedoi Etxarte