N ANDREAREN ZERBITZUAK
N andreak ideiatxoak izaten ditu
eta papertxoetan idaztea du gogoko.
Hala ere jabetzen da sarri galtzen
dituela edonon idatzitako oharrak,
eta horrek zaildu egiten du
bere pentsamendua garatzea.
N andreak beste bi andreren etxeetako
gorotz-estoldak garbitzen ditu:
bitrozeramikak, pasabideetako markoak,
ohean dauden gurasoen beso-soin arteak,
ipurmasail-artea eta behatz-arteak.
Mendebaldeko prentsan diotenez
(El Correo, Deia, Goienkaria)
prostituta da N andrea, ez ofizioz
baizik eta afizioz. N andreak ez ditu
informaziook ez baieztatu ez ukatu.
N andrearen zerbitzuak jasotzen dituzten
beste-bi-andre horiek oso ezberdinak dira.
Batek ez daki zapatistak nork diren eta
bestea erabat ados dago zapatistekin.
Bat ezkerrekoa da eta, deskartez, bestea
eskuinekoa. Baina N andreari berdin
ordaintzen diote biek hilaren amaieran.
Eta gaixotzen bada edo jaieguna bada
dirurik gabe gelditzen da berdin biekin.
Gauza batek egiten du okerragoa
beste-andre-ezkertiarra: errukiz
begiratzen dio N andreari eta irudi luke
laguna izan nahi duela. Aitzitik,
beste-andre-eskuindarrak mespretxuz
begiratzen dio N andreari eta horrek
erosoagoa bilakatzen du giroa.
«Gorotza dena izan bedi gorotz gisa tratatua»
pentsatu eta ohartxoa idatzi du N andreak.
N andreak badaki bere lanak balio duena baino
gutxiago jasotzen duela beste-andreengandik.
Hori nolabait orekatzeko, lixiba eta plastikozko
eskularruak lapurtzen dizkie beste-bi-andreei.
N andreak Bogotatik etorri zenean uste zuen
lixiba eta plastikozko eskularruena
besterik ezingo zuela egin Gasteizen
(Bogotan egiten zuen berbera, bide batez esanda).
Baina zorionez N andrea harremanetan dago
J andrearekin eta honen labanen keinuekin.
© cc-by-sa Hedoi Etxarte