Bildumaren zerrendara itzuli Idazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

EROSI LIBURUA
E-BOOK FORMATUAN

AZALA

 


 

ERDIPURDIKOEN KANTA

 

 

Gezurra da ezberdinak izan nahi dugula.

Erdipurdiko ereduen kopia estandarren

ahalik eta antz handiena izaten saiatu gara,

garenaz ase eta zoriontsu.

 

Ez gara gu baino ederragoen ondoan luzaroan gelditzen,

ezta gure itsustasuna desbideratzearren ere.

Gure klon zarpaila nahi dugu alboan,

gu bezain gutxi dakiena sukaldeaz eta liburuez.

Gure enfasi maila markatzeko bi aldaera ditugu:

adjektiboen aurrean OSO jartzeko aldaera piztuta,

adjektiboen aurrean OSO jartzeko aldaera itzalita.

 

Kalean eta tabernan inork gehiegi begira ez gaitzan

ez gara isilik egongo ezta gehiegi berba egingo ere

beste bikoteekin ditugun hitz trukeetan.

 

Elkar maiteko dugu baina neurrian,

gure arteko bikoteak ez du mundua asaldatu nahi,

gure arteko bikoteak ez du mundua aldatu nahi.

 

Hiletara goazenean isuriko ditugun malkoek ezingo

gaituzte ito. Ez dugu luzaroegi ez altuegi barre egingo

une irrigarrietan, zoriontsuegi garela nabari ez dadin.

 

Bikotekideekin eta maitaleekin soilik egingo

dugu txortan, ez gaitezen sutan erre, hildakorik

gabeko gatazkan, kerik gabeko tabernan.

 

Elkar maiteko dugu baina neurrian,

gure arteko bikoteak ez du mundua asaldatuko,

gure arteko bikoteak ez du mundua aldatuko.

 

 

 

© cc-by-sa Hedoi Etxarte

 


www.susa-literatura.eus