Bildumaren zerrendara itzuli Idazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

EROSI LIBURUA
E-BOOK FORMATUAN

AZALA

 


 

TERRORISTA SUIZIDAK GINEN BIOK
BAINA NEUK BAKARRIK
LEHERRARAZI DUT NEURE BURUA

 

 

                Esaten dizutenei gure maitasuna ohiz kanpokoa dela

                ohiz kanpoko egoera batean jaio delako

                esaiezu, hain zuzen, borrokan ari garela

                geurearen moduko maitasun bat

                (borrokakideen artekoa)

                noizbait El Salvadorreko

                maitasunik arruntena izan dadin.

                                                                      Roque Dalton

 

 

Gurea zen zure etxeko hormetan

klarionez zuritu nituen eskuak.

Orain, eskolek —nagoen honek,

egon naizenek eta sortzen saiatuko

naizenek— su har dezaten proposatu dut.

 

Gurea zen zure etxeko hormetan

nire gorpuzkinak daude erakusgai.

Nire saihets laurdenkatuaren pean

makurtu dituzu belaunak

berriz ere, eta betiko

neure burua desagerraraziko dut.

 

Nire ondasunak zuretzat.

Irakurri nahi nituzkeen

liburuen bibliografia da daukadana.

 

Joanen naizenean, erakutsi dizkizudan

hirietako planoak disekatuko dituzu hormetan,

nire marrazkiekin baldosak dekoratuko.

 

Kaleen kartografia zendutakoaren takigrafia da.

Oso ilustratua da Joseph Roth baina ez du

gaur egungo Rosa-Luxemburg-Platz geltoki inguruan

bizitzeko baliozko datu funtsezkorik ematen.

 

Gurea zen zure etxeko hormetan

nire gorpuzkinak daude erakusgai.

Leherketaren hondarrekin apaindu zara.

Ez dakit gerririk aurkituko dudan

tinta estilografikoz jantzi nahiko duenik.

Egun hori itxaroten dudan honetan

Gutrune gurtuko dut, belarriak zorrozten

dizkizuela dialektika eta diapasoiaz,

mundu emankorrean Attila Baader egin

nazan, behin eta berriz hutsik diren

autobusekin batera geure buruak zartatuz.

 

Bake beroan

gerra hotzean

baino okerrago

eta garestiago

jaten dugulako.

 

 

 

© cc-by-sa Hedoi Etxarte

 


www.susa-literatura.eus