Zure adioa eurite osteko isiltzearena bezala da
Sarraila hotsek ene herrimina zauritu nahi lukete
Gautze horien beste aldean leihorik gabeko goizalbak bistaratzen dira
Eta ene hatz lehengoratuek ezpainetan bilatu nahi zaituzte
Baina ez dute ausentzia baino aurkitzen
Ez da bizilagunik gure begietan ez bizilekurik begiradetan
Zaharminez jota dator haizearen uhuria
Hizpide zintzaizkidake erasan honek minduko ez banindu
Azalmintzaren memoria exiliatuan bizi gara inoiz isilez legez
Alferrik gabiltza ezeztatzen garenak gara
Hizkera galduak berreskura ditzaket
Eta doan saltzen ditut haratuztebako ahapaldiok
Lehenago ezagutu behar zintuzket maitasuna goizago ahoskatzeko
Kale-kantoietan gorde genitzake hasbehera guztiak
Zure bularrak hazten diren eleberrietara irits ninteke
Baina garenak gara gogora ezazu
Eta sentipenak hurrenez hurren doaz
Euren patua zein den jakin gabe
Gure nahikaria eskuizkribuetan idatzia dago
Geurtz aurkituko ez zaitudan arren
Zure izena gordetzen dut ene ezpain gautuetan
Ahoz ahoz datoz olatuak nire oldozmen oinustuetara
© Mikel Ibarguren