Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

Hitzaurrea

 

        Literaturako pasarte gogoangarri asko eta asko giltzapean idatzi izan dira. Euskal literaturan ere, ahozkoan nola idatzian, ugaria eta oparoa da espetxean sortutakoaren emaitza. Zenbait testu, bestalde, on egin ditu gure begietara jazarpen mota ezberdinen itzalean idatzi izanak. Ezin uka daiteke, halaber, jazarpena ongarri eraginkorra gertatu ohi dela literaturarentzat. Zail gertatzen zaigu, inolaz ere literatura eta bizitza bereizten, hunkiberatasunak hartzen gaitu drama humanoen aurrean. Hala ere, poesiak ez luke sofrimenduak ezar lezakeen balizko balio erantsiaren beharrik, poesia denean. Izan ere, giza esperientzia orokorrari egiten dio bere ekarpena poesigintzak. Sentitzeak, berez, ez du edertasunarekin zerikusirik, artea adierazkortasunaren kateari lotua dator. Poesia liburu bat aurkezten ari garenez, esan gabe doa, Mikel Ibargurenen lirikotasun kementsuak ere adierazteko ahalmen hori du tasunik nagusiena. Eta garbi dago inolako onurarik ez dakarrela kartzelak, aldiz, idazlearen gatibutzak trabatu baino ez du egiten liburu baten tajutze lana, buru-neke handirik gabe susma daitezkeen arrazoi teknikoak tarteko.

        Ibargureni mundu afektiboarekiko sortu zaion distantzia gainditzeko saioa jo liteke Hemen gauak lau ertz ditu. Deserrotze bat eta ondorengo bilatzeak, berreskuratze ahalegin sakonak mamituko du liburua. Bakardadea ukigarria da, maitearen falta bezala, denbora badoala eta gu joale huts garelako sentsazioa bezala. Hor askatasun ariketa moduan ageri da literatura, etsiari aurpegi emateko itxaropen bulkada bezala. Eta behin behineko askatasun horrek maitearen gorputza eta haurtzaroko paisaiak gogora ekartzea ditu baliabideak, eta geroa oroitzea. Oroimena bidelagun biziarazlea da poetarentzat, aditzak orainean jokatuta daude erabat. Maitasuna da gaia, gabeziaren sakonera humanoenetik idatzitako maitasun poemak dira, egotzia izan denak itzultzearren ibilitako erromesaldi minbera. Gatibutza bera poesia honen eskenatokia eta argudioa da, ez besterik.

        Liburuan aurrera egin ahala aldaketa, garapena somatuko du irakurleak. Idazkera, hau da, sintaxia eta irudiak, apala da aurreneko ataletan, xalo samarra batzuetan, erraza. Hasi eta buka konstanteak mantendu egingo dira hala ere, maite den oro urrun dago, geroa berandutu egiten da, denbora tarte handiegia sortzen da poema esan eta hartzaileak entzun bitartean. Baina azkenera hurbiltzen garen neurrian lirikotasuna trinkotu egiten da hizkerarekin batera. Hasieran arin eta freskoa zena mardula da orain, poemak luzeagoak dira, lirikotasuna diskurtsiboagoa, epikoagoa nolabait. Ematen du garapen modu bat erdietsi duela Ibargurenek distantziaren aurkako lehian, gertuagotik ari zaigu hizketan eta bere ahotsa gero eta gero ñabardura handiagoz heltzen zaigu. Poetaren hitzek hura gatibu daukaten hormen gainetik egin dute behingoan. Literatura ez baita hori besterik hein handi batean, askatasuna, behin behineko askatasuna.

 

Iñigo Aranbarri

Jose Luis Otamendi

 

 

 

© Jose Luis Otamendi / Iñigo Aranbarri

 


www.susa-literatura.eus