Erlojuen mekanika
Erlojuen mekanika
2007, poesia
96 orrialde
978-84-95511-99-7
azala: Xabier Gantzarain
Jose Luis Otamendi
1959, Azpeitia
 
2019, poesia
2014, poesia
2000, poesia
1999, narrazioak
1995, poesia
1990, poesia
1987, poesia
 

 

INDUSKETA

 

margoak aurkitu dizkidate

ahoko zuloan

antzinako zibilizazioren baten

ikono gordeak...

 

ikerlariak irudiok aztertzen unatuta

atseden hartuko dute hagin belztuen gainean

esploratzaile bat aurrerago ausartu eta

troka zulo batetik oihu lazgarri samarra egin du

ez duela betiko nahi eztarri hotz horretan

 

barkamen eske epela egin dit haginlariak

aspiragailuaz ito-larria eragin didalako

(ez sufritzea zoriona da

minik eza da bakea...)

luiziak izan dira ezabatutako arrastoak

hezur hotsak eta ur lasterrak...

jende sailak ikusia naiz kontsultan ahoa zabalik

atzapar arrotzek noiz arakatuko

 

noizbait eremu babestu izendatuko naute

edo naturgune berezi edo ondare artistiko

eta bisitarientzat erreplikak egingo dituzte

hortzak kamuts aho sabaia arriskugabe

hatsa gozo bilaka dakidanean

eta nire ahoari buruzko kronikak

idatziko dira udako egunkarietan