Zure begien esnatzerik bage lurmutur bage esnatzea da
Ortozik segitzen dut, zure ametsaren sabelera herriratu nahiz
Begiok ez ziren-eta mundu honetarako sortu izan
Dolamen zaizkit hitzaurre goroldiotuak, behako odolustuak
Bagara edo ez gara ala bagara eta ez gara
Urratsik gabeko bide ibiligabeak dira poemok udazkenez
Zuk desgaraiz ibil ditzazun eginak dira
Ezpainetan ahoskatu hitzarmenak dakarzkizut esku ahurrean banaka
Zure gorputzaren mapan abandonatu ditut eskuak eta orain
Orain ez dut zure taupada desabitatua aditzen
Gau egin da nire barnean
Izan ginela esanen dute batzuek, izan gabe izan ginela
Maite zaitut esan diezazuket mila bider maite zaitut
Goitizenezko ele txikietan
Baina ez
Izan gabe izan ginela esaten jarraituko dute
Gauaren oroitarrian aurki genitzake agian esan gabeko musu galduak
Zure bularretan aitorrezinezko gogoeta bi utzi nizkizun gordin
Oroit nazazun, doiets diezazkidazun hitzautsi guztiak
Esku memoriadun betikoan dago biharra lerroetan izkiriaturik
Zu zaitut behialako maite izanaren gotorleku
Elezahar baten arrasto
Erbeste urrunetik dator zure ahots biluztua
Eta gauaren hondarrean oin-has doa ene ihesa
Zure ezpainetako boza habitatzera
Ene begiak zure ausentziaz esnatu dira gaur ere
© Mikel Ibarguren