Ene ahosabaian galtzen ikus dezakezu
zure ausentziaren isila
Denboraren hilabete hustuetan galduz doaz urratsak
Elesta-hots galduen antzora doaz denboraren
hilabeteetan
Berritu nitzake zure ahoko abesti eta musu deklinatuak
Zure ezpainetan irri izan nahi nuke
zure behakoaren kaiertz
Ez gaituzte aurkituko pasealekuetan
Ez ginen maitale izateko jaio elkar maitatzeko baizik
Oroimen minduak herrenka doaz egoitza bila
Antzinako begiok ez daukate adinik ez kale kantoirik
Gaua amaitzen den lekuan hasten da beti zerbait
auskalo bat
Eta ezpainek dakite zer den adio baten azken hatsa
Orbel galduak dira zure begi aienatuak
Atez ate galde eginen dut
Bihotzean gordeko ditut abenduko ilintiak
Ez dut idatziko hagiografiarik
Eta maita zaitzakedan arte poesiaren lurrotan
erbesteratuko naiz
Urrun zaude eta hitzez hitz zure oroitzapena
harilkatzen dihardut
Urrun zaude eta elezahar galdu bat da zure ahotsa
© Mikel Ibarguren