Goizean patioko putzu isiletan elkartzen dira usoak
Izenik gabeko egun grisetan
Eta kale bustietako putzuetan irudikatzen ditut
Zure oinetako beltzak bustirik
Iragan galduetako aldirietan arrotz
Baina gaur izenik gabe agertu dira hezurrezko zuhaitz bustiak
Izenik gabe isurtzen dira estratetako erosta-zotinak
Eta begi tristeak dituzte usoek
Izenik gabe dira zure ferekak ene gorputzean
Eta ezabatuz doaz
Izenik gabe datoz oroitzapenak nonbaitetik
Gabon gaua da arkatzik gabe gelditu den presoarentzat
Gabon gaua gutunik gabeko postontzietan
Eta kartoizko kaxa bustiak dirudite etxe bustiek euripean
© Mikel Ibarguren