HASERRE NAGO
Haserre nago
arratsaldeko seiak eta erdietan,
Kale Nagusitik ibilki
krokodilo bat balitz bezala,
edo zakur deslaia,
pasa egin delako
begiak zuri, gora burua
itsu baten modura
bihotza gorturik,
belarriak estalita.
Haserre nago
arratsaldearen erdian,
egurasten ibilki
dilista-plater bat bailitzan
laguntasunaren plazerari
uko egin diolako,
ondotik pasatzean.
Haserre nago
arratsaldeko une honetan,
bakearen bila etxetik irtenda
xoxo betokerra bailitzan
ondotik igaro delako
gau euritsuetan
hainbeste beldurtzen gaituzten
tximisten modura.
Haserre nago
eta ez dut maite.
© Andolin Eguzkitza