Aspaldiko lagun bati entzutera
etorri haiz
ostera ere,
baina agertokiko argien indarrez
ez hau ikusi,
oso gertu egon arren eta hire sakelak
esperantza onez beterik.
Eta kantatzen hasi duk
aurkezpenak egin eta gero,
eta giroa behingoan berotu duk,
eta hik hesteetan
behinola bezala
sugegorria sumatu
minez eta alegrantziaz.
Orduan, sarritan erabilitako
gogoeta hori heldu zaik,
ulertzen ez duala
nolatan aienatzen ohi diren
hain zorrotz, hain kuraios sentituriko
krokodilo eta txakur deslaien elkarrenganako hozminak.
Ordubete eman dik kantuz,
adorez eta bizi-nahiaz,
eta hurrengo
betidanik inarrosi hauten
kantu zahar horietako bati
ekin zaiok.
Lehen txaloekin batera
alde egin duk,
ez dualako bizipoz horri
beste behin ere
uko egin gura.
© Andolin Eguzkitza