Bildumaren zerrendara itzuli


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

URTATSA

 

                Outros terão

                um lar, quem sáiba, paz, un amigo.

                A inteira, negra e fría solidão

                está comigo.

                                                Fernando Pessoa

 

Ilusioen garaia joan da,

joan dira loreak,

pagoaren hostoak eta satsa

gaualdeko hamaikak eta erdietan

batzen duten langileak.

 

Zazpi Kaleetako karriketatik ibilki

joan egin zaizkit

amodiozko jotzen nituen nahiak,

sagar gorrien modura

zail eta gordin gura nituen gorputzak,

eta zikin eta hondakinen artean

zabuka nabil

kalearte honetan galdua:

baso beltzean haizea balebil bezala

orrien harramantzak izutua,

azkorri baten erdian euria balekar bezala

beldurrez abaro bila,

nire bihotza eta azala odoletan baleude bezala

negarrez bakar eta eroa.

 

Zeren gure amak eguerdian,

zuzen eta

beti egiten duen bezala

ustekabean,

itaundu baitit

amodiorik ote neukan,

eta ezkontzeko esperantzarik,

eta gezur batez erantzun behar izan baitiot.

 

Bizitza laburra dela eta bizkor iragaten

erran baitit,

eguzkiaren printzak

laster direla hiltzen eta behingoan agortzen

errekastoetako urak

urteak joan eta desertuak zabaldu ahala.

 

Eta hotzez eta beldurrez

mozkortu naiz

zikin eta hondakinetan,

ondotxotik satsa batzen duten langileak

joan badoazela.

 

Bilbon, 1998ko urriaren 15ean.

 

 

© Andolin Eguzkitza

 


www.susa-literatura.eus