JON DUNS-EKO ESKOZIARRARI
ESKERRAK EMAN BEHARREAN NAGO
Aspaldian abiatu nintzen
Egiaren bila,
Europako eta Ameriketako hainbat bidezidorretatik
egin nuen urrats eta
itsasoak zeharkatu,
behinola piratek Atlantikoan gaindi bezala
neure altxorra kausitzeko esperantzan.
Jende asko ezagutu nuen eta bidebazter ez gutxi.
Ilunean bezala, egunean zehar ere
borroka egin nuen.
Ustez lagunak zirenak maitatu nituen,
eta sarritan huts egin
ausartek eta adoretsuek bakarrik
egiten ei duten moduan.
Behin baino gehiagotan
ezagutza eta amodioarekin
topo egitean,
Egia aurkituta nengoela
uste izan nuen.
Baina Egiak
behin eta berriro
egin zidan ihes.
Halako batean, ordea,
menditontor apal bat gaindituta,
konturatu egin nintzen
Eskoziako lurralde malkarretan
sortu eta berrogeita bat urterekin
hil zen
fraide frantziskotar gazteak
Erdi Aroko garai ilunetan
agerian utzi zuenarekin:
Ultima solitudo-a dela Egiaren zuztarra,
bakardade huts-hutsean aurkituko dugula soilik
bizitzaren eta heriotzaren arteko
hegia.
© Andolin Eguzkitza