Bildumaren zerrendara itzuli


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

GOIZALDEETAN BARRENA

 

Goizaldeetan izaten ohi zen

entzuten nuenean

errepikakor, dardarti

zorroztaile haren txilibitu-hotsa,

gaurtxe ustekabean

aspaldiko partez

atzera berriz entzun dudana.

 

Oporraldietan izaten ohi zen,

Gabonetan, Aste Santuan

edo Pazko-astean agian,

zeruak goibel eta ganibetak amotz,

txilibitu-hots hura

entzuten nuenean,

negu beltzean gereziondoei darien mina

sumarazten zidana.

 

Bidezidor ezezagunetatik

barru-barruraino

iristen zitzaidan

txilibitu-hotsa,

bizikleta haren gaineko motoreari

pedalez eraginda

aiztoen ahoetan

txinpartak ateratzen zituen

zorroztaile haren txilibitu-hotsa.

 

Txilibitu-hots ozena,

zorrotz, apala

bihotzean

negarra sorrarazten didana.

 

 

© Andolin Eguzkitza

 


www.susa-literatura.eus