Amatxo bentanatxoa
egon zakidaz kontuan
amore batek huts emonaitik
beste asko dago munduan
Erraten ohi dute
amodioa
neguko beroa bezalakoa dela,
edo udako hotzaren antzekoa,
labur, eder eta lapurren modukoa,
ustekabean
huts-hutsik uzten gaituztenak
etxean
egiten digutenean
bisita.
Erraten ohi dute
amodioa
kantu eder bat bezalakoa dela,
edo lats bateko ur gardenaren antzekoa,
bizkor, xamur eta pikopasen modukoa,
ahoa uzten digutenean
azukrez eta minez betea.
Erraten ohi dute
haizkorri latzak
amodioaren antzekoak direla
lirain eta sotilak,
baina gaindiezinak.
© Andolin Eguzkitza