—3—
Zapalketa gogor bat ari gara kontatzen euskaraz egiten dugun aldiro.
Monotematikoak izan gintezke, langabetuari biktimarena jotzen duela esaten zaion arinkeria berdinarekin eransten ahal digute negartiak garela. A, ez! Gure hizkuntzaren historia hagitz bestelakoa da ondoan dauzkagun handietarik.
Hain zuzen, gure hizkuntzaren historia eta egoera ez dira konprenitzen ez bada kontuan hartzen gure gaineko hizkuntzek eduki duten rola errealitate linguistikoaren eraikuntzan.
Ondokoa genuena gainekoa bihurtu digute.
Gu azpiko.
Errealitatea ez da hor egon delako dagoen zerbait.
Eraikitzaileak ukan ditu errealitateak, eta begiak ezin harrapa lezakeena erakusten du hitzak.
Gatazka sozial baten barruan dago gure hizkuntza, eta aberatsak egunean baino egunean aberatsago egiten diren bezala da geroz handiagoa hizkuntza handien eta hizkuntza murriztuen artean dagoen aldea.
Madrilek zenbat jauregi
errege jauna jaun bedi
Gorteko lumak haren gezurrez
latz ematen du aurpegi
© cc-by-sa Koldo Izagirre