BILBO 4
Bilbaoko erdal herri honetan
baldin eta
jaioa banaiz,
ene hazkurria
baldin eta
erdalduna bada,
zergatikan ez dut kantatuko
erderaz
parabola batean?
Euzkadiko gobernuak
berak ere
hitz egiten bazuen hala,
zergatik ni izanen naiz
hura baino
maradikatuagoa?
Zu zeu zinelako parabola, Gabriel Aresti, euskaldun motzen aitzinean euskaldunok erakustekoa, euskara euzkaditarrek abandonaturiko etxea zelako eta euskaldunok zu behar zintugulako, patu historikoaren halabeharra gezurtatu zenuen hori, oihukari lotsabako simaurtegiko zuhaitz.
Politiko batek mila argudio asma lezake hizkuntza hedatuena erabiltzeko.
Bestelako transfuga izan zen Gabriel Aresti: hedatuenetik murriztura, agintarietarik zapalduetara.
Eskerrik asko galderagatik, Gabriel Aresti.
Gabriel Aresti. «Auhenaren pentsamendua 3». Harrizko herri hau. Kriselu-Lur, 1970
© cc-by-sa Koldo Izagirre