PALAZIOKO LEIHOTIK
Azkoitian, Intxausti jauregian, Munibe e Idiakezena izandako hartan dauzkagu euskaltzainak, ohitura dute urteurrenetan egoitza nagusia utzi eta Euskal Herriko bazterretan biltzea, berrehun urte dira El borracho burlado argitaratu zela, kondearen omenez dira etorri.
Gela honetan
eman zuten
lehenez
«Hordi enganatua».
Gela honetan
entzuten dut
euskal musika
zaharra.
Gabriel Aresti euskaltzainen artean, autore zaharren baten aditzari buruzko apunteak irakurtzera etorria menturaz.
Gela honetatik
ikusten dut
Euskal Herria
(haurrak dostatzen)
(andreak josten)
leiho honetatik.
Bere baitatik jalgi da, historia literariotik oraintasunera egin du, gelatik jalgi, besteratu egin da bileratik, euskararen biztanleetaraino jaitsi. Leiho hartatik Munibe idazleak Peñafloridako kondeak bezala maite zuen herrira: aldi berean dago bileran eta lorategian, opera komiko bat ikusten eta zapatari mozkorrekin berbetan, gure historiaren iraganean eta presentean.
Hala eta
guztiz ere
leihotik
ikusten dudan
herriarekin
egiten naiz
geratu.
Gabriel Aresti. «Intxaustin». Harrizko herri hau. Kriselu-Lur, 1970
© cc-by-sa Koldo Izagirre