Bildumaren zerrendara itzuli Idazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

EROSI LIBURUA
E-BOOK FORMATUAN

 


 

ITSASOAREN AURREAN

 

Orduan esaiezue erleei: Omar Nabarro hil da!

Eta esaiezue harekin batera hil direla

Jimenez eta haren beste heteronimoak,

eskola urteetako goitizenak, etxekoen

izen sekretuak, soldadutzakoak eta beste,

eta horiek guztiak edonork erabiltzeko

libre direla: lehen izan diren bezala orain.

 

Eta erlerik ez bada esaiezue

aramuei, ingumei, eltxoei,

pinpirinei, euliei izan ezik

hegan doan intsektu orori,

baita airean nekez doazen

koleopteroei eurei ere:

Omar Nabarro hil da:

egizue hegan, eta albistea eroan.

 

Eta heriotza ortzegunez bada,

gogora ekarri Cesar Vallejo,

batik bat euria ari badu;

eta bestela bada, martitzenez edo bada,

begira, begira egizue gora

gauerdian, asturu gorria, Martitz,

han ote den, eta egizue negar

munduan isurarazi den hainbeste odol-

eta gezur-olderengatik. Asturu gorriak

ez du horretan zerikusirik izan.

 

Esaiezue ba, edozein egun izanda ere;

gero ehortz nazazue itsasoaren aurrean,

Robert Louis Stevenson bezala,

jakinik nire bihotza aspaldi datzala

lurperaturik Wounded Knee-n;

jar nazazue oinak iparrera burua hegoaldera,

mokozabalen eta lertxunen igaroaldien

ardatz zehatzaren gainean.

Ez ezazue nigaz kerik atera,

keak erleak eta besteak ere uxatuko lituzke-eta:

 

haragi bizirik errearen keak,

zeuon haragi bizi errearen keak erleei,

haragiaren keak erleei, Graziana,

eragotzi egin ote zien

halaxe eman zizueten heriotzaren berri izatea,

eragotzi ote zien, Graziana?

Kea izan ote zen ekarri zizuena

heriotzaren tenorean negarra,

Graziana, ekarri begietara,

eta betiko bertan lehortuta utzi?

Kea, Graziana?

 

Ez ezazue nigaz kerik atera, ba,

eta ehortz nazazue kaioen hegalezko

ortzi-sabaiaren azpian, Paul Valery gogoan;

amilotxen eta buztanikara horien, txonta

eta birigarroen, erleen belartzako zokoan, han,

indio egin ninduten ama eta amamaren

ezerez gardenaren alboan, mestizo

bihurtu ninduen aitaren

isiltasunaren belarri-belarrian,

Kantauri Natural History Museum horretan,

nagoen hor, espeziea ere hortxe den bitartean

amoniteek izan zuten amaieraren esperoan.

 

 

© Omar Nabarro

 


www.susa-literatura.eus