Bildumaren zerrendara itzuli Idazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

EROSI LIBURUA
E-BOOK FORMATUAN

 


 

LEPOAREN GEOGRAFIA

 

Lepoaren geografiaren misterioak,

                                    sujetadoreak

beste aldean dagoenaren seinalearena egiten du:

haragialde miragarrien promesa, mapa eta bidea da

(baldin eta lepoa bera baino

haragialde miragarriagorik bada;

aldarrika bezate pulpituetan:

Neu naiz bidea, Neu mapa eta promesa).

Eta lurralde promestura iristea berantetsi

behar izaten delako

zinez eskergarri zait

tiranteen geometria doia

eta bidean aurrera

hortxe izatea kakoren bat

eta hala eta ere hori tarte batez behintzat

askatu barik uztea

zer esanik ez uhal meheen sarea sarria bada

eta horretan luzatu ahal badira hatzak

gerrarik barik laztanez lekuz aldarazteko

lepoaren geografian diren nazioen muga-marrak

(Oi lepoan diren nazioak!: Garondoa, Sorbaldak,

Lepagainak, Ilargi Hordien Harana

—bere sei gehi hamabi Ornoen tribuekin—

eta oraino izenik eman ez zaien besteak:

haragi mardoen arteko sakana,

urrezko inurrien habia diren hezurtxoak,

kili-kilien azken ezkutalekuak).

Utzidazu ba mapa begiratzen

mugak apeta hutsez aldarazten

horko bideetan zabal ibiltzen

promesa den beste aldera iristea berantesten.

 

 

© Omar Nabarro

 


www.susa-literatura.eus