Bildumaren zerrendara itzuli Idazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

EROSI LIBURUA
E-BOOK FORMATUAN

 


 

TITANIOA

 

Behin batean Amerikak itsutu zuen hiri honen merkatari arima, Amerikak zilarra ematen ziolako. Oi, merkatarien geografia. Zilarra: zenbaki atomikoa, 47; pisu atomikoa, 107,86. Mendeleieven taulan.

        Gero berriz burdinak itsutu zuen hiri honen zilar-zale arima, burdinak zilarra egiten zuelako. Oi, merkatarien alkimia. Burdina: zenbaki atomikoa, 26; pisu atomikoa, 55,80. Mendeleieven taulan.

        Gaur titanioak itsutzen du hiri honen burdinazko arima, titanioak burdinarena egiten duelako, eta burdinak zilarra egin izaten zuelako, eta behin zilarrak itsutu zuen hiri honen aspaldiko merkatari arimak ezin duelako itsu egon barik bizi. Titanioa: zenbaki atomikoa, 22. Pisu atomikoa, 47,90. Mendeleieven taulan.

        Oi, zenbakiz zenbaki gero eta zenbaki baxuagokoak eta pisuz pisu gero eta pisu arinagokoak diren metalek itsutzen duten hiri mutante honen arima.

        Bitartean, Mendeleieven taulan ez daudenek itsutzen naute ni. Hiri mutante honen arima itsutuak ez ote ditu ikusten haragi zaurituak —zenbaki atomikoa, 0; pisu atomikoa, 0; Mendeleieven taulan ez dira topatzen— gorputz zatituak —zenbaki atomikoa, 0; pisu atomikoa, 0; Mendeleieven taulan ez dira ageri— arima minduak —zenbaki atomikoa, 0; pisu atomikoa, 0; Mendeleieven taulan ez dira azaltzen.

        Denboraz, zilarra ilundu egiten da, eta ugertu burdina. Oraindino ez dakigu titanioa ilundu egingo denentz, edo ugertu ere bai akaso. Mendeleieven taula hobeto ezagutzen dutenek jakin behar dute. Ziur.

 

 

© Omar Nabarro

 


www.susa-literatura.eus