Etxekalte
Etxekalte
2012, nobela
216 orrialde
978-84-92468-37-9
azala: Lander Garro
Harkaitz Zubiri
1977, Donostia
 
2007, narrazioak
Etxekalte
2012, nobela
216 orrialde
978-84-92468-37-9
aurkibidea

Aurkibidea

Lehen zatia

—1—
Josu

—2—
Herrera eta Etxebe

—3—
Nora

—4—
Josu

—5—
Etxebe eta Herrera

—6—
Nora

—7—
Josu

—8—
Etxebe eta Herrera

—9—
Nora

Bigarren zatia

—10—
Aingeru

—11—
Nora

—12—
Herrera eta Etxebe

—13—
Aingeru

—14—
Josu

—15—
Aingeru

—16—
Nora

—17—
Aingeru

—18—
Etxebe eta Herrera

—19—
Nora

Erosi: 16,62
Ebook: 3,63

Aurkibidea

Lehen zatia

—1—
Josu

—2—
Herrera eta Etxebe

—3—
Nora

—4—
Josu

—5—
Etxebe eta Herrera

—6—
Nora

—7—
Josu

—8—
Etxebe eta Herrera

—9—
Nora

Bigarren zatia

—10—
Aingeru

—11—
Nora

—12—
Herrera eta Etxebe

—13—
Aingeru

—14—
Josu

—15—
Aingeru

—16—
Nora

—17—
Aingeru

—18—
Etxebe eta Herrera

—19—
Nora

 

 

20

JOSU

 

 

Londresko kaleak, ateri, zerua berunezkoa. Aita doa aurretik, bakarrik balego bezala, eta pauso bat atzerago Josu, pozik eta urduri. Jendetzaren erdian donostiar ugari ikusi ditu, gaztaroan ezagututako adiskideak. Bitxiak izaten dira kontu hauek, pentsatu du Josuk. Victoria Station inguruan dabiltza.

        Aitak entzungor jarraitzen du aurrera. Serio dago, ez haserre, aurrez behin eta berriro egin duen bidea itsu-itsuan errepikatzen. Asteburu bakarra da, otu zaio Josuri; sekulako aukera da biontzat.

        Portal zahar eta dotore batean sartu direnean, aitak poltsikotik atera duen giltzaz ireki ondoren, Josu konturatu da ez dela egia, baina aldi berean sinetsi egin du, aitak aspalditik daukala bigarren etxe hori. Eskailera ilun eta pikoak dira. Lauzpabost maila gorago doa aita. Orduan begiratu dio Josuri aurpegira lehenengo aldiz. Josu gustura dago: asteburu bakarra izango da, pentsatu du, sekulako aukera biontzat, berdin du amets bat besterik ez bada ere. Eskaileretan gora joan da, eskua luzatu du eta eskua ukitu dio aitari, zeina ahopean esaldi bakarra etengabe errepikatzen ari den: Ez zara inor izango, ez zara inor izango. Bere buruaz ari da, hori Josuk badaki.

        Ametsa izan da, noski.

 

 

Ohe handi batean esnatu da, azken asteetako ohean, baina oraindik arrotz egiten zaio. Balkoira irten da nagiak ateratzera eta itsasoa bare dagoela ikusi du. Hondartzan ez dabil inor. Dutxara sartu aurretik telefonoaren parean gelditu da, baina aurrera jarraitu du.

        Audi A3 kotxe berrian eguneroko trafiko buxadurak jasan behar izan ditu. Anaitasuna S.A. aldera joateko gurutze-bidean zuzen segitu duenean, gaina hartu dio okerreko bidea hartu izanaren sentipenak, aurreko astean bezalaxe, baina ez da kezkatu. Ohitura kontua da, pentsatu du Josuk. Orain Anaitasuna S.A.ren taldeko beste enpresa batean lan egiten du, lankide ohi denek nahi luketen horretan hain zuzen, denek uste baitute etorkizun luzea izango duela, jadanik denek Anaitasuna S.A.ri aurreikusten diotenaren kontrakoa.

        Bulegoak itxuraberrituta daude. Berdin izan zitezkeen Shanghai edo Chicagoko enpresa batekoak. Josuren lan mahaia ez da lehengoa baino handiagoa, baina ordenagailu honekin azkarrago aritzen da, baita interneten surfeko bideoak ikusten eta jaisten ibiltzen denean ere. Ez zaio nekezegia egin egokitu zaizkion zereginetara ohitzea, aurrekoen oso antzekoak baitira. Lankideek, ordea, beste era batera hartzen dutela sentitzen du, oraingoz bederen. Ez da erretiroa hartu duen enplegatu fidel baten seme burugaldua, ez da ordezkari sindikal horiak babesten duen erdipurdiko langilea, ez da Giza Baliabideetakoek liskarretatik urrundu nahi duten tipo xelebrea. Josu besterik ez da, duela gutxi hasi den hori, nahiko sinpatikoa, Kursaal ondoan bizi dena, bai, A3 gris metalizatu batean etortzen den hori, eta Josu pozik dago horrekin. Inori ez dizkio eskerrak eman behar lanpostu horretan egoteagatik eta, aldi berean, badaki tarte luze batean ezin izango dutela kaleratu, beti eskura edukiko baititu Tolosa familiari erakuts liezazkiokeen kartak, hogeita hamaika eskutik.

        Sakelako telefonoa mahai gainean utzi du. Oraindik ez du erabaki Norari deitzea ideia ona denetz. Hausnartzen duen bitartean, beste zenbait dei egin ditu, aspaldi ikusi ez dituen adiskideei.

 

 

Argazkia erritual batean bezala kokatu du apalean. Anaia eta biak ageri dira, umetan, Groseko hondartza txiki zaharrean elkarri besarkatuta. Arretaz aztertuz gero, argazkiaren bazter batean ama dago, oso desenfokatuta, han dagoela antzematea ere ezinezkoa dirudi. Josuk aise imajinatzen du umeen aldera begira. Argazkiaren bestaldean dago aita, argazkilari, so, ezin asmatu umeekin nola jolastu baina haiei argazkiak atera eta atera. Josuk aspaldi ez du anaiaren berririk, haren deiaren zain dago. Laster egingo duela aurreikusi du, bien arteko haserrealdietan horrela gertatu ohi baita. Kezka ere sortu zaio, denbora askotxo pasatzen ari delako, eta, hala ere, bereari eutsi dio: rolak aspalditik daude banatuta, pentsatu du Josuk, eta nik deitzea hanka sartze handia izango litzateke.

        Pauso batzuk atzera eginez, egongelaren ikuspegi zabalagoa dauka Josuk eta nabarmena iruditu zaio kokapenaren desegokitasuna. Anaia eta bien argazkia beheko apal batera mugitu du, gutxiago ikusten den lekura, eta begiek parez pare topatuko duten mailan kokatu du beste argazki bat: Josu Brasilgo hondartza batean edalontzi koloretsua eskuan duela.

        Telefonoaren ondoan eseri da sofan. Erabaki ezinik dabil Norari deitu behar liokeen. Azkenean, Nora jartzen duen zenbakira deika ari da, seinalea behin eta berriro nola errepikatzen den entzuten; Norak ez du hartu, eta Josu konturatu da ez duela Norarekin hitz egin nahi, baina seinaleari jarraitzen utzi dio, harik eta denbora gehiegi igaro delako eten den arte. Josuk arnasa sakon hartu eta hasperen luzea irten zaio.

        Dutxa behar du, eguna eten eta berriro hasteko. Ur beroak, lurrunak eta xaboiak biziberritu dute. Ispiluari bizkarra emanez ireki du logelako armairua: G-Star kamiseta beltza (55 euro), Replay galtza bakero urdin ilunak (160 euro), Fly oinetako beltzak (140 euro), Diesel kazadora beltza (179 euro), eta poltsikoan Sony sakelako telefonoa (514 euro).

        Zurriola hiribideko jendetza zeharkatuz abiatu da Alde Zaharrera. Gabonetako opariak erostera irten dira gehienak. Josuk ez du ezer bereziki pentsatzen, ez da gaizki sentitzen, egin behar lukeena egiten ari da eta kito. Akerbeltz-en Franziskaner garagardo bat eskatu du eta kanpoan dauden eskaileretan eseri da, portuari eta badiari begira, ur beltz distiratsua eta farolen argia, Bahía de la Concha Marca Registrada. Berehala iritsi da Gorka bere aldarte speedikoarekin eta hiru edo lau aldiz besarkatu du: Aspaldiko! Haren atzetik ailegatu dira Borras eta Iker, garagardoa eskatzeko irrikatan, hitza elkarri janez, hasi da festa. Urko, Pulgas eta Agirre heldu dira, jende guztiari bostekoa eskainiz. Gaur da eguna. Beste hiru trago hartu dituzte Borrasen elkarte gastronomikora afaltzera joan aurretik. Urkok bakarrik lagundu dio afaria prestatzen, zerbitzatzen eta jasotzen. Mahaian, saltsa eta algara. Afaria irentsi egin dute eta antsiaz abiatu dira tabernetara. Vodka laranjarekin, gintonika, rona Coca-Colarekin. Festa, festa, festa. Josuk poza sentitzen du, munduari beste era batera begiratzen dio orain. Pulgasek sorbaldatik oratu du eta parranda latzenak gogorarazi dizkio: Ku zaharra, Ibiza, Bilbo, Donostian nonahi. Jendetzaren sargoriak izerditan busti du Josu. Bozgorailuak danbadaka, ezagutzen ez duen musika, betiko musikaren berdina, danba. Festa, festa, festa. Horrela bizi nahi dut, horrelakoa izan nahi dut. Komunean elkartu dira Gorka eta biak sudurrak dantzatzeko: Donostia irentsiko nuke, ez dadila inoiz amaitu.

        Bulebarreko Garagar-en sartu dira. Loretxu tabernan galdu dute Agirre, nerabe batekin solasean. Inork ez daki non dagoen Borras, baina Fermin Calbetoneko barraren batean imajinatzen dute, izerditan eta norbaiti belarria jaten. Gainerako guztiak garagardotegira inbasoreen aldartearekin murgildu dira. Whisky kolpeak. Pulgas berriro ari zaio Josuri ipuin zaharrak kontatzen: horailak, beltzaranak, ilegorriak.

        Goizeko lauretan hasi da Josu. Betiko esaldiak berreskuratu ditu: ¿Crees en el amor a primera vista o vuelvo más tarde? Estreinakoan ia arrotz egin zaio, baina segituan sartu da paperean, begiak kliskatuz, irribarre erdiarekin, edalontzi handia eskuan, G-Star eta Diesel-en babesa. Abordatu duen lehenengoak kopeta zimurtu dio ospa egiteko eskatu aurretik, bigarrenak patxadaz azaldu du bere zakilaren luzera eta burmuinaren tamaina alderatzen dituen galdera, eta hirugarrenak gustura hartu du; Josuk beste kontu pare bat esan dizkio, bere errepertoriokoak guztiak ere, neskak ez du alde egiteko asmorik, izena aitortu dio, baita beste zer edo zer azaldu ere, eta Josuri iritsi zaio neskari edateko zer nahi duen galdetzeko ordua. Elkarrekin doaz barrara. Sasoiko nago berriro, pentsatu du Josuk, sasoi betean nago.