Etxekalte
Etxekalte
2012, nobela
216 orrialde
978-84-92468-37-9
azala: Lander Garro
Harkaitz Zubiri
1977, Donostia
 
2007, narrazioak
Etxekalte
2012, nobela
216 orrialde
978-84-92468-37-9
aurkibidea

Aurkibidea

Lehen zatia

—1—
Josu

—2—
Herrera eta Etxebe

—3—
Nora

—4—
Josu

—5—
Etxebe eta Herrera

—6—
Nora

—7—
Josu

—8—
Etxebe eta Herrera

Bigarren zatia

—10—
Aingeru

—11—
Nora

—12—
Herrera eta Etxebe

—13—
Aingeru

—14—
Josu

—15—
Aingeru

—16—
Nora

—17—
Aingeru

—18—
Etxebe eta Herrera

—19—
Nora

—20—
Josu

Erosi: 16,62
Ebook: 3,63

Aurkibidea

Lehen zatia

—1—
Josu

—2—
Herrera eta Etxebe

—3—
Nora

—4—
Josu

—5—
Etxebe eta Herrera

—6—
Nora

—7—
Josu

—8—
Etxebe eta Herrera

Bigarren zatia

—10—
Aingeru

—11—
Nora

—12—
Herrera eta Etxebe

—13—
Aingeru

—14—
Josu

—15—
Aingeru

—16—
Nora

—17—
Aingeru

—18—
Etxebe eta Herrera

—19—
Nora

—20—
Josu

 

 

9

NORA

 

 

Espero zuena gertatu da, baina era berean Nora harrituta gelditu da jendeak hartu duen ezustekoarekin. Adibidez, Josuk sututa deitu dio etxera. Zuzendaritzakoei informazioa eskatu zietenean, aurreikusteko moduko erantzuna jaso zuten: aurrena baietz, sakon aztertuko zutela amiantoa erabili zutenetz, baina, denbora pasatu ahala, berririk ez zegoenez, sindikatuetako ordezkariek argi eta garbi adierazi zioten zuzendaritzari, emaitza zehatzak nahi zituztela lehenbailehen, eta enpresak ihardetsi zien artean ez zutela ezer aurkitu, ikertzen jarraituko zutela. Egoera honek erraztu egin dizkie erabakiak, baita Alberto Zuriarrainek etengabe azaltzen dituen arriskuei entzungor eginez ere. Kostata adostu dute pankartarako leloa, baina azkenean bildu dira enpresaren aurrean protesta egitera. Gaurkoa dute hirugarren hitzordua. Oraingoz hau izango da presio neurri bakarra.

        Manuelen alboan kokatu da Nora. Ia egunero berarekin hitz egiten duen arren, arrotza iruditzen zaio, eta ez daki zergatik, aldi berean Josuren aita gogorarazten baitio eta ezin baitu eragotzi Manuel ospitaleko ohean irudikatzea, argalago, askoz argalago. Egun hauetan eremu ezezagun baterantz doala sentitzen du Norak. Garai bateko sentsazioak berreskuratzen ari zela uste zuen, baina ez, hau beste zerbait da. Manueli begiratu dio eta osasuntsu dagoela dirudi. Uxatu egin behar ditut ideia hauek, pentsatu du Norak; haiekin zentzuz moldatzen ikasten dudan arte. Burujana, ordea, ez da besterik gabe desagertzen. Norbaiti kontatu behar dio. Azken egunetan, bere adiskide Amaia agertzen ez den lagun zerrenda bat osatu du, eta telefono deiak egiten hasi da. Inkesta bat balitz bezala har ezazu, errepikatzen du bere kautan. Protesta bilkura amaitzear denean, sakelako telefonoaren teklei sakatzen ari zaie. Gidaliburu batetik hartuak diruditen erantzunak jaso ditu aste honetan hitzordurako tarterik ez dutela adierazteko. Norak etengabe esaten dio bere buruari normala dela, behinola lagun minak izan ziren haien mundutik desagertuta egon ondoren ezin dela bat-batean itzuli, beti eskuragarri egon izan bazina bezala, abandonatu duzun eremu batean lekua erreserbatuta bazenu bezala, normala dela, ez larritzeko, hobe dela saiatzen jarraitzea, baina sekulako mina ematen dio, eta jabetu da hurrengo deia egin arte egun batzuk beharko dituela. Gauza hauek arinago hartu nahi lituzkeen arren, tematia da bere alferrikako dramatismoa.

        Bakarrik gelditu da aparkalekuaren erdian, bilkuraren arrastorik ez dago jadanik. Zuzendariek zehatz-mehatz jakin nahi badute nor joan den protesta deialdira, orain begira badaude, une honetan Nora egongo da begipuntuaren xedean. Konturatu da. Agian estreinakoz aitortu dio bere buruari kolokan dagoela enpresa honetan daukan lanpostua. Baina ez dut horretan pentsatzeko gogorik, erabaki du Norak.

        Komunean aurpegia garbitu ondoren itzuli da bulegora. Mahaiaren azalera osoan bere buruari zeregin zehatzak gogoraraziz itsatsi dituen paper zatitxoek atezuan jarri dute. Lanegun luzea izango da gaurkoa. Ate alboko makinatik hartu duen sandwich maionesadun bat besterik ez du izan bidelagun arratsaldean. Ez du beste ezeren berri izan nahi. Lana atera behar du, besterik ez. Hastapeneko estutasuna berehala gainditu du, beharrean buru-belarri murgiltzeak dakarkion baretasuna indartu da, eta azkenean nekea iritsi zaio. Gaua da dagoeneko, eta bulegoan ez dago inor. Etxera abiatu da, abaildu samar.

        Bidebietako kiroldegiaren inguruan aparkatu ostean, kotxea giltzaz itxi duenean konturatu da. Kotxeko zoko gordeena ere miatu du. Ez dauka etxeko giltzarik. Umetan bezala, zazpi urterekin giltza lepoan zintzilikatuta, aita eta ama mundua aldatzen saiatzen ziren bitartean, eta Norak etxera sartzeko giltza galtzen bazuen, afalordura arte itxaron behar izaten zuen portalean eserita edo, bestela, aita edo ama egon zitezkeen lekua bilatzen saia zitekeen Donostia osoan zehar, baina gehienetan alferrik zenez, eseri egiten zen portaleko koskan eta bere kontuetan murgiltzen zen, zazpi urteko ume baten kontuetan, harik eta aita edo ama etortzen zen arte, eta orduan errieta egiten zioten giltza galtzeagatik.

        Telefonoa dantzan jarri behar izan du, baina aita amonarekin dago berriro ospitalean, amak ez du telefonoa hartu, eta Amaia lagun berezi batekin okupatuta dago. Herrerari deitzea da irtenbidea. Ez du egingo ordea. Lotsa ematen dio, ez dauka hainbesteko konfiantzarik. Herrera, ez du harekin behar bezala jokatu akaso. Kotxean sartu da atzera eta autobidea hartu du Zumarragarantz. Luzea eta iluna iruditu zaio bidea. Amonaren etxean ez dago inor, noski, garai bateko altzariak baino ez. Ospitalera joan da. Amona lo dago eta aitarekin hitz egiteko gogorik ez du. Bakarrik erosoago sentitzen da une honetan. Bidebietako giltzak hartu dizkio aitari poltsikoan daraman giltza sortatik eta badoa bueltan Donostiara. Desolazioari aurre egiteko pentsatu du, bizitzak baino bihurgune bortitzagoak dauzkala autobia honek, baina ideia absurdu horrek ez dio asko iraun, eta etxerako bidea umetako kantak abesten egin du, Telekantak batik bat.

        Ailegatu denean, ezkaratzean lauzpabost zomorro aurkitu ditu tximeleta beltzaren plantak egiten. Denak akabatu ditu etxeko zapatilekin. Arrasto zikinak geratu dira pareta zurietan. Bihar garbituko ditu.

 

 

Ur azpian desagertu nahi luke Norak. Estutzen duten korapiloak azal hezean behera irristatzea. Igerilekua konstantzia handiz kurritzen ari da, umetan ikasi zituen mugimendu metodikoak errepikatuz. Ur-azala sotilki zeharkatzen du beti. Aurrera egin ahala, hurbilago sentitzen da bere buru barruan aurkitu ohi duen oreka puntu horretatik. Bare-bare amaitu du gaurko saioa. Espero bezala, Herrera dago igerilekuko bazter batean, Norak noiz bukatuko zain.

        — Noraino iritsi zara gaur?

        — Oso urruti ez, baina gustura gelditu naiz.

        Norak prest du behin baino gehiagotan errepasatu duen galdera zerrenda, baina Herrera deseroso antzeman duenez, oinarrizkora jo du:

        — Ondo al zaude?

        Herrerak igerilekuko urarekin busti du aurpegia, erantzun aurretik:

        — Badakit ez zaizula laneko kontuez hitz egitea gustatzen, baina bestela ez dakit nori galdetu: benetan hain gaizki al dabil Anaitasuna S.A.?

        Ezustean harrapatu duelako hasi da Nora hizketan:

        — Hamabost urtez sekulako etekinak lortu zituzten. Ez dakit enpresan inbertitu duten hori, baina...

        Isilik gelditu da Nora, deseroso sentitzen hasi bezain azkar.

        Herrerak tonua aldatu du bat-batean:

        — Barkaidazu galdera: kalte-ordain bezala onartuko al didazu afaltzera gonbidatzea?

 

 

Amak deitu dio telefonoz, ea egunkaria irakurri duen galdetzeko.

        — Azkenean ohitu egingo naiz larunbatetan goizean goiz deiak jasotzera. Zuk ez al duzu lorik egiten, ama?

        Bere bikotekideak esnatu omen du, amak esan dionez, lanetik itzuli denean, egunkaria eskuan, baina Norak egoera beste era batera imajinatzen du: ama egongelan nobela bat irakurtzen, burua sosegatu nahian, goizeko bostetan esnatu eta gosaldu ondoren, eta bikotekidea egunkariarekin ailegatu denean, amak berezkoa duen presaz berriak errepasatzeari ekin dio, eta hantxe aurkitu du albistea, hiru aldiz irakurri du eta ziztu bizian joan da gainerako egunkariak erostera.

        — Hemengo egunkari gehienetan ageri da.

        Prentsan dago amiantoa, kolokan dago Anaitasuna S.A. enpresaren izen ona. Bi egunkaritan bakarrik agertzen da ustezko hildako kopurua, besteetan salaketa orokorra bakarrik; baina hasteko ez dago gaizki, pentsatu du Norak, eta croissant bat gosaltzea oparitu dio bere buruari, esne eta Cola Cao pixka batekin, eta gero galletak, eta sofan etzanda egotea, gora begira, telebistan txakurrak nola otzantzen dituzten ikusten, eta segidan liburu bat patxadaz irakurtzen. Gero aitari deitu dio berriak kontatzeko.

        — Ez dago gaizki.

        Irribarrez, horrela begiratzen dio Norak egunari. Musika jarri du. Maiatz bukaeran euria egitea ere ondo iruditu zaio.

        — Ez dago gaizki.

        Odolkiak ordainetan, pentsatu du Norak. Enpresak ez du informaziorik eman nahi izan. Konforme, hortxe duzue erantzuna.

 

 

Euforia giro barea dago afarian, aspaldi elkar ikusi ez dutenak biltzen direnean senti dezaketena, baldin eta gai badira elkarrekin gustura egoteko. Lagun koadrila santua, Norak hainbestetan madarikatu duena. Orain paraxutista baten moduan agertu da, afaria antolatu dute eta alkoholik ere ez dute behar mozkortuta sentitzeko, poz kontrolatuaren eraginez agian, baina tragoak ez dira falta, bata bestearen atzetik. Norarentzat pozgarria da pentsatzea akaso azken asteetan egin dituen deiek xaxatu dituztela lagunak afaria antolatzera. Amaia agertu den arren, berehala alde egin du. Norari ez zaio axola, bertan baitaude Miren, Nerea, Iker, Ainara, Iban eta gainerakoak. Parranda luzatzeko asmoz Alde Zaharrera abiatu direnean, gaztetxoak zireneko kaleen periferian ibili dira, gaztaroaren extrarradioan, baina gustura, rol berria garagardoz garagardo ikasten.

        Be Bop, Be Bop, Be Bop, horixe oihukatu dute azken taberna itxi dutenean, Be Bop, hurrengo pubaren izena, eta gaueko ibiltari zailduak bailiran sartu dira. Musika klasikoa dago, betiko pop hori. Norak gogoko du une honetan: Soinu banda egokia daramadan zepelinarentzat. Tabakoaren kea dago giroan, pozaren lausoa Noraren aldartean.

        Goizalba ikusi nahi dute orain. Azken puba itxi dutenean, bost lagun geratzen dira gaueko espediziotik. Paseo Berrira doaz, petrilean eserita egunsentia ikustera. Hotza, pentsatu du Norak. Sakelako telefonoa hoska hasi zaio. Zenbaki luze bat da. Bi aldiz pentsatu gabe hartu du.

        — Badakit berandu dela hor, sorginen ordua da hemen; baina larunbat gaua denez, pentsatu dut esna bazeunden, telefonoa piztuta izango zenuela.

        — Aingeru?

        Elkarrizketa nahasi xamarra izan dute, Norak ez duelako asmatu hariari zentzuz nola jarraitu. Aingeru umoreko dago, Nora jadanik lotarako gogoz.

        — Laster arte orduan.

        Lagunek jakin-minez begiratu diote. Norak ez die azalpen distiratsurik eman: ezagun bat dela esan die, laneko bat, ez dakiela zergatik deitu dion ordu honetan.

        Taxia hartu du Bulebarrean. Ohean egon nahi luke. Hutsik dago Hernani kalea, basamortu Avenida eta Mirakruz kalea. Bidebietan poza eman dio dena atzean uzteak. Etxeko giltza jirarazi duenean, goxotasunera sartu da, baina ihes egin dio logurak, beldur kolpe bat izan da. Ezkaratzaren erdian ikusi ditu, hegan, zirimola beltzean. Pipiz beteta dago sala eta pasilloa eta logela.