Etxekalte
Etxekalte
2012, nobela
216 orrialde
978-84-92468-37-9
azala: Lander Garro
Harkaitz Zubiri
1977, Donostia
 
2007, narrazioak
Etxekalte
2012, nobela
216 orrialde
978-84-92468-37-9
aurkibidea

Aurkibidea

Lehen zatia

—1—
Josu

—2—
Herrera eta Etxebe

—3—
Nora

—4—
Josu

—5—
Etxebe eta Herrera

—6—
Nora

—7—
Josu

—8—
Etxebe eta Herrera

—9—
Nora

Bigarren zatia

—10—
Aingeru

—11—
Nora

—12—
Herrera eta Etxebe

—13—
Aingeru

—15—
Aingeru

—16—
Nora

—17—
Aingeru

—18—
Etxebe eta Herrera

—19—
Nora

—20—
Josu

Erosi: 16,62
Ebook: 3,63

Aurkibidea

Lehen zatia

—1—
Josu

—2—
Herrera eta Etxebe

—3—
Nora

—4—
Josu

—5—
Etxebe eta Herrera

—6—
Nora

—7—
Josu

—8—
Etxebe eta Herrera

—9—
Nora

Bigarren zatia

—10—
Aingeru

—11—
Nora

—12—
Herrera eta Etxebe

—13—
Aingeru

—15—
Aingeru

—16—
Nora

—17—
Aingeru

—18—
Etxebe eta Herrera

—19—
Nora

—20—
Josu

 

 

14

JOSU

 

 

Dutxako xaboien usaina aldean, patxadaz doa kale jendeztatuetan. Bare, sabelaldean korapiloa askatu baliote bezala. Petraltzen ari den eguraldia ere ederra iruditu zaio. Bilera aretora iritsi denean, nahiko berandu iritsi ere, gainerako lankideekin batera agurtu du Alberto Zuriarrain. Aurreko batean adostu zuten gai zerrendari ekiteko batere asmorik gabe, taldetxoka banatu dira bilera gelan daudenak, zurrumurru urduria burrunba bihurturik. Josu Noraren albora joan denerako, Ander, sindikatu marroiko arduraduna, ozen hasi da hizketan: hurrengo pausoak zeintzuk izango diren eztabaidatzeko, orain artekoaren aurkezpen moduko bat egiten ari da. Josuk ez du argi entzuten, bere ingurukoek tekelan jarraitzen baitute.

        — Lankide eta senide mordoxka bat bildu garenez, une aproposa da erabakiak hartzeko —amaitu du Anderrek, baina alboan eserita dagoen Zuriarrainek begiratu ere ez dio egin.

        Isiltasun deserosoa nagusitu da aretoan. Mutu gelditu dira taldetxoetako istiluak ere. Anderrek laburbildu egin ditu aipatu berri dituen hainbat kontu. Bukatu duenean are pisuagoa da isiltasuna. Azkenean ausartu da erretiroa hartutako gizon bat:

        — Entzun dudanez, enpresak dirua eskaini die langile eta senide batzuei salaketekin aurrera ez jarraitzearen truke.

        Nabari da Anderrek eta Zuriarrainek ez dutela ezer esateko asmorik. Hieratiko biak, ez diote elkarri begiratzen.

        Gazte batek enpresaren bideragarritasun egoerari buruz galdetu du. Esan diotenez, denbora kontua besterik ez da kiebra jotzea. Gizon lodi batek, berriz, izerdi patsetan adierazi du, etorkizunean desagertuko balitz, enpresak ezingo lukeela kalte-ordainik ordaindu eta gaur-gaurkoz gai dela, baina berak ez daukala kontu horien berririk.

        — Inork ez al daki ezer enpresaren diru eskaintzei buruz? —galdetu du lehengo gizonak.

        Josuk ezin izan dio eutsi eta hitz egiten hasi da. Berehala konturatu da inoiz ez duela izan hainbeste jende arretaz entzuten. Lehenengo esaldietan sentitu duen beldurra gaindituta, egoerak hauspotu egin du bere jarduna. Behin baino gehiagotan errepikatu du «egin dezakegu». Bera izango ez balitz bezala ari da, hitzak uholdeka ateratzen zaizkio, bere burua konbentzitu du.

        — Ez da berandu, benetan.

        Adineko emakume batek oso artega azaldu du zerbait egin beharra dagoela, inork ez diela ezer oparituko.

        Zuriarrainek mutu jarraitzen du mahaiburuan. Gizon lodi izerdituak berriro hartu du hitza:

        — Argi dago enpresa honek ez duela asko iraungo.

        Zuriarrainek baietz egin du buruaz.

        — Ez al duzu esan ez zenekiela ezer? —galdetu dio gazte batek.

        Bilera ez da gehiegi luzatu. Aretoaren sargoritik irten direnean, kaleetan tanta lodi bakan batzuk erortzen ari dira. Lehen paseoan zebiltzanen arrastorik ez dago. Nabari da udazkena hurbiltzen ari dela. Josu Noraren atzetik joan da eta honek zeharka begiratu dio.

        — Gaur, Josu, pletoriko etorri zara.

        Barre egin ondoren, afaltzera gonbidatu du Nora.

        — Mila esker, baina gaur ezin dut.

 

 

Bazkaria bizilagunentzat ere prestatu duela dirudi, baina sukalde honetan hiru lagun besterik ez daude, mahaiaren gainean dautzan kroketa, kaneloi eta txipiroiei so. Ama zerbitzari aldartearekin hitz egiten ari zaie bi semeei. Prestakuntza lan gehien eskatzen duten jakiak aukeratu ditu, hori badaki Josuk, baita goiz osoan etxetik ez dela atera ere.

        Anaiak ordenagailu bidezko diseinuari buruz dihardu etengabe, beste ezer entzuteko asmorik ez balu bezala. Azkenaldian elkarrekin egon diren gutxitan, jadanik ez ditu bere koadroak eta performanceak hizpide, ziur aski baztertu egin dituelako, baina gai haietara itzuliko balitz ere, etxe hartan inork ez lioke konturik eskatuko, aita ez baitago, eta dagoeneko Josuk ere ez baitu gogorik anaiari adarrik jotzeko. Akaso anaiak ez luke esango garai bateko «nik behintzat lizentziatura bat daukat», Josuk ez lioke ihardetsiko adina ere baduela kontu serioagoetan aritzeko.

        Amak postreen zerrenda luze eta landua azaldu die bi semeei. Flana anaiak eta arroz esnea Josuk.

        — Ama, ez al duzu eseri behar?

        Harraskako lanak bere horretan utzita jarri da ama mahaiaren inguruan. Zer gertatzen ari den ez dakiela pentsatu du Josuk. Eskuak izerditan sentitu ditu.

        — Hasiko al da funtzioa? —eskatu die beste biei.

        Anaia astiro mintzatu da, eta, sukalde batean hirurak bakarrik egoteko, ozenegi. Alberto Zuriarrainek telefonoz deitu omen die, ez dakiela ezer baina ez litzatekeela harrituko enpresako zuzendaritzak diru kopuru bat adostea eskainiko balu salaketak eta protestak amaitzearen truke.

        — Baina orduan badaki zerbait, edo bere irudimena besterik ez da.

        — Ez dakiela ezer esan du. Baina guri hori esan badigu, Josu, zerbaitegatik izango da.

        — Albisteren bat duenean, deituko du.

        — Guk zer pentsatzen genuen jakin nahi zuen —esan dio anaiak arnasa sakon hartu ondoren.

        — Ikusten dudanez, zuek biek zer pentsatzen duzuen argi dago. Orain nik zer pentsatzen dudan jakin nahiko duzue, ezta?

        Ama isilik dago, baina aldartea gogortu egin zaiola iruditu zaio Josuri. Ziur aski konfiantza du anaiak ni konbentzitzeko dauzkan aukeretan, pentsatu du Josuk.

        — Ama, zu eta hiruron kontua da. Ondo dakizu hori, Josu.

        — Nik Zuriarrain hori Siberiara bidaliko nuke ea han zer nolako laguntxoak aurkitzen dituen.

        — Nora iritsi nahi duzu, Josu? —amak.

        — Oraingoz, aitari eta gainerakoei zer gertatu zitzaien jakin nahi dut, eta enpresak dena aitortu dezala.

        — Baina ez al duzu ikusten hori ez dela gertatuko, orain ezer adosten ez badugu, aurrerantzean ez direla hain otzanak izango?

        — Otzanak izateko modu nahiko arraroa da zure ez dakit zenbat enplegatu pozoitzea.

        — Agian ez digute beste eskaintzarik egingo —eten du anaiak.

        — Zer eskaintza?

        — Ez motz plantak egin. Denok dakigu Zuriarrainen papera zein den enpresa horretan.

        — Eta gure aitaren papera zein zen ba al dakigu, Iñaki? Hainbeste goresten zituen laguntxoek akabatu dute.

        — Entzun, Josu. Nazkatuta nago zu besteak baino askoz azkarragoa zarela entzuteaz. Eta oraingo honetan ni ez nauzu engainatuko. Badakit poztu egingo zinatekeela gure aita leku txarrean utzi eta gainera diru mordoxka bat jasoko bazenu, zuk arrazoia zenuela eta aitak ez esateko. Zuen arteko betiko borroka izan da eta bataila bat behintzat irabazi egin nahi duzu, batailarik handiena agian, hildako baten kontra.

        — Ikusten dut ez dakizula zer sentitzen dudan aitarekiko.

        Isilik gelditu dira hirurak, zoruari begira.

        — Uste dut, Josu, ez zarela ondo neurtzen ari zenbateko aukerak dituzun irabazteko, ezta zenbat irabazteko ere.

        — Eskerrak zu ere aitaren semea zaren, familiaren ondarea zaintzeko.

        Anaiaren aurpegian amorrua ageri da.

        — Josu, diru beharra badaukazu, nik utz diezazuket eta bueltatuko didazu ahal duzunean, baina kontu honekin ez apustutan ibili.

        Ama aulkitik altxa da eta bi ume txikiri bezala egin die oihu. Josuk lokian sentitzen ditu bihotzaren taupadak, izerdia bizkarrean behera. Amaren hitz ozenei bukaerarik ikusten ez dienez, Josu aulkitik supituki altxatu da kanporako bidea hartzeko.

        — Zuek zer uste duzue? Orain jende guztiak nik baino hobeto al daki nik zer pentsatzen dudan?

        Atea danbateko batez ixtear egon den arren, parez pare irekita utzi du, norbait atzetik badatorkio, bidea errazte aldera.

 

 

Belaunaren dardara ez da baretzen, itzali ezin duen alarma. Etxe-atari berberari eskaini nahi dio arreta osoa, nor aterako zain, eta arduragabe nabaritzen ditu belaunak bidaltzen dizkion seinaleak; eskuarekin igurtzi eta nahikoa. Eguraldi aldaketa izango da, errepikatzen du Josuk berekiko. Goizeko zazpietan hasi du eguna, amaren etxera kotxeko giltzak hartzera sartu denean. Aurretik jakinarazi ez dion arren, erosi berria denez inork ezagutzen ez duen bigarren eskuko C3 metalizatua hartu du, amak lanera joateko erabiltzen duena. Larunbat goizeko errepide hutsean barna, Josu 27. poligonoaren albotik gora eginez iritsi da Bidebietara. Luze joan dira orduak, loaren aurka borrokatzen, inguru hartako mugimendu bakoitzari adi. Bertan bukatu zuen aurreko gaua, portaletik berrogei bat metrora, goizeko ordu biak arte.

        Ahoan darabilen txikleak markatzen du Josuren urduritasuna, erritmoa, orain azkarrago, mentazkoa, plastiko pusketa bat besterik ez ia, murtxikatzearen murtxikatzez. Noiz aterako zara, pentsatzen du Josuk obsesiboki. Txepelkeriak aspertuta, abesti berberak hirugarren aldiz errepikatzen hasi direnean, irratia itzali duenetik, kotxearen erabateko isiltasunean, burujana hasi da, eta erremedioa jarri dio:

        — Pizza bat, pizza bat mesedez.

        Sakelako telefonotik eskatu du bazkaria, goseak ere burua nahasten diolakoan.

        — Julio Urkixo kalea, bai.

        Etxe-atarian joan-etorrian dabiltza bizilagunak eta bisitariak. Josuk oholtza baten gainean baleude bezala ikusten ditu, Josuren bizitza interpretatzen ariko bailiran, bi ume elkarri segika jostalari eta ama atzetik errietan, gizon bat pentsakor, bikote bat eskutik helduta, bi pertsona elkarren ondoan elkarri begiratu gabe, agure bat gurpil aulkian neska gazte batek bultzatuta. Borborka dago Josuren irudimena, Josu gurpil aulkian, bi belaunak igurzten, eta amaren hitzak: orain inor ez da etorriko zu salbatzera.

        Zakar ireki du kotxeko atea, korrika irten da portalera, errepidea begiratu gabe gurutzatuz.

        — Txanpinoiak, piperrak, hirugiharra.

        Etxe-atarira iritsi denean, behar baino diru gehiago emanda konbentzitu du pizza banatzailea atezain automatikoan 2B botoiari sakatu ez diezaion, eta segidan korrika txikian itzuli da kotxera pizza irenstera. Hondakinak pizza kaxaren gainean utzi ditu, eta kaxa alboko eserlekuan, amak kotxean zeuzkan eta Josuk miatu dituen paper nahaspilatuen gainean.

        Arratsaldeko seiak arte ez da jaitsi Nora. Dutxatu berria dirudi, arropa zabala, pauso lasaia. Josu harengana joango litzateke, muxu eman, besarkatu, goxo egon Norari besarkatuta, aurpegia Noraren aurpegiaren kontra igurtzi. Baina Norak ez luke nahi. Gorroto du Nora. Kalean behera urrundu eta dagoeneko ikusi ezin duenean, kotxetik irten da Josu, eguzkitako betaurrekoak eta bixera jantzita, eta atzetik jarraitu dio. Leihoko kristalean bere isla ikusi du, bere buruaren parodia iruditu zaio. Nora autobusaren geltokira iristear denean, Josuk kotxera itzultzea pentsatu du, baina Norak aurrera oinez segitu duenez, tarte batean afixa bati begira dagoenaren itxurak egin ditu eta berehala ekin dio jazarpenari. Nora Mirakruz gainetik doa Groserantz. Josuk oihu egingo balio ere, kotxeen zarata ozenak eragotzi egingo lioke Norari ezer entzutea. Nafarroa hiribidetik hondartzara ailegatu dira elkarrengandik berrogeita hamar bat metrora. Monpas aldeko petrilean eseri da Nora, jende gutxien dagoen lekuan, oinetakoak erantzita itsasoari begira, eta Josu aparkalekuko kotxe artean eseri da espaloiaren ertz batean. Luze joan da denbora. Apaldu egin da Josuren hasierako urduritasuna, Norak ez baitu ezer egin, itsasoari begiratu bakarrik. Ez da inor agertu Norarengana. Paseoan ikusi duen gizon herren batek atentzioa eman dio Josuri. Surflariak ez ditu ikusi ere egin nahi.

        Ia zortziak dira Nora abiatu denerako, lehen baino pauso motelagoan, inora iritsi nahi ez balu bezala. Josuk sabelaldeko korapiloa inoiz baino estuago nabari du, eskuak izerditan blai. Zarataka hasi zaio telefonoa, Nora da, Josuk danbaka du bihotza. Nora dagoen aldera so egin du eta, bai, Norak sakelako telefonoa belarrian itsatsita dauka. Josuk botoi berdeari sakatu dio ia, baina pentsatu du: eta galdetzen badit ea ni naizen arratsalde osoan atzetik jarraika duena, ikusi egin nauela, edo hori iruditu zaiola behintzat? Atzera poltsikora sartu du telefonoa Josuk. Ez da berehala isildu. Nora hondartza gaineko paseotik doa, harik eta Gran Vían zebrabidea gurutzatu eta etxe-atari batean txirrina hiru aldiz jo duen arte.

        Pentsamendu bat errepikatzen ari zaio Josuri, buruan danbor bat burrunban: ezgauza, ezgauza, ezgauza. Eskuetako izerdia aurpegiaren kontra igurtzi du. Ezgauza, ezgauza, ezgauza.

 

 

Ahots ezezaguna da. Isilik gelditu da luzaroan, eta une batez Josuri iruditu zaio telefonoaren beste aldean dagoenak eten egin duela deia. Lan mahaiko paperezko anabasaren aurrean eserita, Josuk bulegoan ikus dezakeen jende guztiari begiratu dio arretaz, telefonoz mintzo denetako bat adarra jotzen ari ote zaion jakin nahian.

        — Bai? —esan dio ahotsak.

        — Bai.

        — Hor jarraitzen al duzu?

        — Bai. Nor zara?

        Josuk ez ditu inoiz zenbaki ezezagunen dei galduak erantzuten, eta hala egin du oraingo honetan ere, baina eguerditik hasita lau edo bost aldiz deitu diote telefono horretatik. Ia guztietan komunean harrapatu duenez, ez du erantzun, eta azkenean ordenagailuan lan atzeratu bat egiten ari dela telefonoa berriro joka hasi denean, logurak inorekin hitz egiteko kemena higatu dionean, hartzea erabaki du.

        — Nor zara?

        Izen bat esan du.

        — Ez zaitut ezagutzen

        — Zurekin hitz egiteko eskatu dit lagun batek.

        — Nork?

        — Nahiago du izenik ez ematea.

        — Zer nahi duzu?

        Telefonoaren bestaldean ahots berri bat entzun da urrunean.

        — Zure laguna al da hori?

        — Bakarrik nago.

        — Jendeari telefonoz adarra jotzeko elkartu zara lagunekin?

        — Ez da jolaserako kontua. Zure aitarena argitu egin nahi duzu, ezta? Ba uste dut emango dizudan informazioa horretarako erabil dezakezula.

        — Zer informazio?

        — Hobe lehenbailehen elkartzen bagara.

        Berehala adostu dute hitzordua.

        — Nola ezagutuko zaitut?

        — Paper asko dituen karpeta batekin joango naiz.

        Ezustean itxaropena hauspotu zaion arren, litekeena da ezertarako balio ez izatea, erdi ero bat topatzea, edo borondate oneko baina fundamentu gutxiko norbait. Ezin izan du bulegoko lanetako bat bera ere egin, azkenaldiko dinamikari jarraiki. Pantailaren aurrean jarri edo paperen bat tarteka mugitu, aspaldi ez du lanik aurrera atera. Ez zaio axola, ez baitu uste une honetan ezer egin diezaioketenik, bere aitaren eta amaren semea izaten segitzen duelako oraindik, eta esperantza horrekin ibiltzen da bulegoan errari.

        Loiolan egin dute hitzordua, Aldazabal tabernan, militarren kuarteletik ehun metrora. Ezezagunak tabernaren bukaeran denbora asko daramala dirudi, melokotoi zukua duen edalontzia paper mendi baten alboan. Josuk barkamena eskatu dio berandu iristeagatik, hamar minutu. Amaren etxean interneten zebilela joan zaio denbora. Garagardo zuria eskatu du, Hoegaarden, eta ezezagunarengandik ahal bezain urruti eseri da.

        — Herrera —esan dio ezezagunak—. Horrela deitzen didate.

        Ezezaguna bere esku hatz-luzeekin hasi zaio karpetan daramatzan paperak erakusten. Folio andana horretan denetik dago: nominak, pentsio planak, hainbat pertsonari buruzko txostenak, informazio pertsonala eta osasunari buruzkoa barne, eta enpresaren plan estrategikoak, besteak beste. Herrera deitzen omen duten horrek azaldu dio, paper horietan ez duela aitari buruzko datu gehiegi aurkituko, baliagarria ezer gutxi, baina paper horiek erabiliz agian jakin ahal izango dituela kontu gehiago, baldin eta pertsona egokiekin hitz egiten badu.

        — Esate baterako, nola lortu dute zuzendaritzakoek pertsona honi buruzko informazioa?

        Bulegoetan lan egiten duen berrogei bat urteko gizon bati buruzko apunte oso laburrak dira, kontu pertsonalak: osasuna, iragana, enpresan dauzkan adiskideak, horrekin guztiarekin egindako profil eskematiko bat.

        — Edo ikusi nomina hau eta tipo horren beraren pentsio plana. Arraro xamarra, ezta?

        Urduri dago Josu. Paperek dardara egiten diote eskuetan.

        — Ziur aski, informazio hau behar bezala erabilita, uste baino etekin handiagoa aterako diozu.

        — Nola lortu duzu?

        — Telefonoz esan dizut: lagun baten postaria besterik ez naiz.

        Josu ez da fidatzen eta pentsatzen duen bezala azaldu dio Herrera deitzen omen duten horri, oso susmagarria dela bat-batean paraxutista bat bezala oso baliagarria dirudien informazioarekin agertzea, nori eta berari, Josuri, lankideen artean ospe onik ez duen delineatzaile entxufatu bati.

        — Informazio hau eman didanak badaki zenbat saiatzen ari zaren zure aitarena argitzen.

        — Norbaiten kontrako mendeku hutsa da hau, ezta?

        Barre etsia atera zaio Herrera deitzen omen duten horri.

        — Ez nuke kontu hau hainbeste sinplifikatuko. Hala ere, mendekuaren alderdia lantzen hasi nahi baduzu, paper hauek ondo irakurri eta Zuriarrainekin hitz egitera joan zaitezke.

        — Beraz, Zuriarrainek kalte egin dio informazio hau helarazi nahi didanari?

        — Baietz esango nuke.

        Josuk barre egin du. Tabernan dagoenetik konpultsiboki edan dituen hiru garagardoek lagundu diote mundua beste era batera ikusten.

        — Uste dut mendekua osasuntsua dela; ni zalea naiz, baina ez dakit une honetan zer egin behar nukeen.

 

 

Begirada etxe-atari batean tinkatuta dauka Josuk, Zurriola hiribidea eta Gran Vía gurutzatzen diren lekutik hurbil. Igande goizeko kaleak hutsik daude, Donostia erdi lo. Udazkena da jadanik. Egunak gero eta laburragoak dira. Puntu beltz ugari daude uretan: surflariak neoprenoz jantzita. Aspaldiko partez inbidiaz begiratzen die Josuk; olatuen dantzan ero moduan ibiltzen zen garai hura etorri zaio gogora, batik bat giroa, ile horailduak, kamiseta koloretsuak, markak, eta surfeko taula beso azpian hartuta paseoan dabilen jende artetik ibiltzea. Baina kontu horiek amaitu dira tarte baterako. Medikuaren arabera belaunekoa osatu egin zaion arren, denbora gehiago beharko du surfa egiteko seguru sentitu arte. Gainera, orain badu arreta osoa eskaini beharreko zeregina. Jagole lanez bakarrik arduratu nahi luke, baina une honetan etxe-atarira baino beste alderantz okertzen zaio begirada. Hondartzan txakur bakan batzuk dabiltza korrika eta jolasean, jende gutxi paseoan. Josu umea zenean, etxeko laurak hara joan ohi ziren, orduan askoz txikiagoa zen Groseko hondartzara, ez Kontxara. Neguko zenbait asteburutan ere ibiltzen ziren han. Ama joaten ez zenean, aitak ez zuen ondo jakiten zer egin bi semeekin. Zuek jolastu, esaten zien. Josuk uste du agian lotsatu egiten zela, ez zuela bere burua eroso ikusten berarentzat egokia ez zeritzon jarduera hartan.

        Etxe-atariari begira daramatzan bi orduetan ez du joan-etorri askorik ikusi. Zeharka erreparatzen dio hondartzan gertatzen ari denari. Haur batek eman dio atentzioa: ostarteetan zehar antxeta batek hondar gainean egiten duen itzalaren atzetik dabil zoratu beharrik. Amak bazter batetik barrez zaintzen du haurra. Josuren umetako hondartza txiki hartan, aitak sarri ez zuen asmatzen bi semeekin nola jokatu, baina maiz agintzen zien zer ez egin, uda urrun batean itsasoak txakur hil bat ekarri zuenean bezala, puztua eta orbainez betea. Aitak ez zien ikustera hurbiltzen utzi.

        Hondartzan dagoen ama horrek besarkatu egin du oihuka ibili den semea, baina hark inguruan dabilzkion itzalak seinalatzen jarraitzen du.

        Josuk itxi egin ditu begiak.

        — Ni nauk tontoa, tontoa, tontoa.

        Begiak ireki dituenean, etxe-atarira begira gelditu da. Ez du ezer pentsatu nahi. Denbora asko eman du horrela. Azkenean, ideia bakar bat besterik ez du nahi bere buruan: oinak lurrean, Josu, ez ibili itzalen atzetik. Norantz jo erabaki bitartean, leku berean jarraitu du. Laster agertu da etxetik irteten aspaldi ikusi nahi zuena: Aingeru Tolosa, Pedro Tolosa zuzendariaren semea, makuluen gainean hondartzarantz.

        Josu bere kautan hitz egiten hasi da:

        — Ez naute tontotzat hartzen. Askoz sinpleagoa da: tontoa naiz.

        Txakur bat hurbildu zaio saltoka, ileak erabat bustita. Umetako gorpu hartaz akordatu da. Ferekatu egin du alde egin aurretik, etxe-atariaren zainketa behin betiko utzi baino lehen. Taberna bateko komunera joan da barruak hustera.

 

 

Horrela jarraitzen baduzu, ez zara inor izango. Esaldi horrekin amets egin du Josuk. Kalean zehar doa eta topatzen duen pertsona bakoitzak aurpegiratzen dio. Amak haserre esan dio. Norak mespretxuz. Lankideek indiferentziaz. Parrandako lagunak kez, jendez eta musikaz gainezka dagoen taberna batean banan-banan hurbildu zaizkio esalditxoa errepikatzera, kabroi halakoak, ezin ditu haien aurpegiak bereizi. Eta aitak, sofan eserita esan dio (Ez Indonesia eta ez Jamaika; kontratu iraunkorra egiten dizutenean, biok elkarrekin oporretan Londresera joango gara), baina berehala aldatu zaio umorea, orain arduratuta dirudi: Ezin duzu horrela jarraitu.

 

 

Eserlekuan erdi etzanda dago Alberto Zuriarrain, parean duen garagardoa ahaztuta. Tabernan dagoen zaratarekin ere sendo entzuten da gizon honen ahotsa.

        — Zuen aitaren kontuarekin ahal bezain azkar goaz. Arazoak dauzkagu.

        Isilik eta patxadaz, Josuk urrundik bezala begiratzen dio sindikatu horiko ordezkariari.

        — Ez zara horretara etorri, ezta? Oraingoan nor kaleratzea nahi duzu?

        Hasperen egin du Josuk. Zuriarrain ondo eseri da eta ahotsa garbitu du, luze hitz egiteko prest.

        — Josu, uste dut konfiantza nahikoa badugula. Beraz, azkenaldian behin eta berriro iritsi zaidan zurrumurru bat kontatu behar dizut, nahiz eta nik badakidan gezurra dela. Jendea esaten hasi da zu diruaren bila ari zarela soilik, enpresak eskaintzen duena baino diru gehiago nahi duzula, besterik ez. Enpresaren kalte-ordainak ez dituzula onartu nahi, eta zure jarrerak arriskuan jartzen duela azkenean adostasunen batera ailegatzeko aukera.

        Josuk txalo txiki batzuk jo ditu. Zuzen begiratu dio Zuriarraini.

        — Ez al zarete inoiz aspertzen inauteri honetan?

        Zuriarrainek mehatxuzkoa izan nahi duen begirada jartzeko ahalegina egin du, baina erdibidean gelditu da, asko jota Josu zorrotz aztertu nahi lukeenaren jitea erakutsiz. Josu ondo pasatzen ari da. Ez da akordatzen noiz sentitu zen horrela azken aldiz, hogeita hamaika eskutik edukitzearen segurtasunez. Ez dizkio kartak berehala erakutsi nahi parean duenari, lasai gozatu nahi du Zuriarrain urduri ikustearen espektakuluaz.

        Josuk bere irudia imajinatzen du Zuriarrainen begietan, bi ordu lehenago ispiluaren aurrean ikusi duen berbera, errealista izan nahi lukeen etsipen moderatuarekin: Josu, kaskamotz, burua soiltzen, zimurrak non agertuko diren nabarmen kopetan eta begi ertzetan, eta aurpegi iluna, barreak ere desagerrarazten ez duena, baina indarra, indarra aurpegieran, azal dezakeen kemenaren isla.

        Nabarmena da Zuriarrain zabuka dabilela urduritasun eta haserre sentimenduen artean:

        — Ez al didazu ezer esan behar?

        Kartak banan-banan erakusten hasi da Josu: lehenik nomina bat.

        — Zergatik kobratzen duzu hainbeste?

        Hurrengo karta, pentsio plan pribatua.

        — Zuzendaritzako askok gustura hartuko lukete zurea bezalako erretiroa.

        Hirugarren karta, izenez betetako orri pila bat.

        — Zerrenda beltz baten itxura hartzen diot nik, datu pertsonalez betea. Ba al dakizu nola iritsi zen zuzendaritzara informazio hau?

        Gero karpeta erakutsi dio, antzeko formatua duten folioz gainezka.

        — Beste garagardo bat eskatuko dizut? —galdetu dio Josuk.

        Zuriarrain eserlekuan eroso nola eseri asmatu ezinik dabil.

        — Zer nahi duzu?

        Biak isilik gelditu direnean, tabernan dagoen buila inoiz baino ozenagoa da. Hasi gara hizketan, pentsatu du Josuk, azkenean.

        — Niri zer interesatzen zaidan argi dago: enpresari buruz dakizun guztia. Kontua da zuk zer nahi duzun, ipurdia bistan gelditzea hainbeste estimatzen dituzun lankideen aurrean edo benetan dakizun guztia niri kontatzea.

        Tarte batez pentsakor egon ondoren, Alberto Zuriarrainek zabal hitz egin du. Hiru hitz erabili ditu gehien: hasieran desinbertsioa, gero birkalifikazioa eta azkenean krisia. Josuri ez dio inoiz tonu horretan hitz egin, umil antzean, xehetasun bakar bat ere ahaztu nahi ez balu bezala. Esaldi bat errepikatu du maiz:

        — Hiltzen utzi dute.

        Enpresaz ari da, hiltzen utzi dute. Funtsean nagusiek azken urteetan izan duten asmoari buruz aritu da Zuriarrain, eta proiektu horren porrot partzialaz. Anaitasuna S.A., Tolosa jaunaren enpresa, korporazio baten barruan dago eta talde horretan badago antzeko produktuak eskaintzen dituen beste enpresa bat, Laguniker, askoz eraginkorragoa, hara bideratu baitira baliabide onenak, baita ere langile fidelenak, eta Txekiako fabrikara eramango dute ekoizpenaren zatirik handiena, eta ia beste guztia azpikontratatu. Anaitasuna S.A. hirigunetik hurbileko auzune batean dago, lehen periferia urruna zena, eta udaletxeko adiskide batzuekin adostua zuten enpresa dagoen eremua birkalifikatzea, etxebizitzak eraiki ahal izateko baimena ematea, eta horretarako ezinbestekoa zen enpresak kiebra jotzea, azken urteetan enpresa hiltzen uztea. Baina krisiak moteldu egin du dena.

        — Langile fidelenak beste enpresara eraman nahi dituzte, beraz?

        — Bai, baina orain inork ez daki noiz itxiko duten Anaitasuna S.A., bihar, etzi edo bi urte barru.

        Josuk eserlekuan bizkarra beherantz irristatzen utzi du. Edaten ari den garagardo kaskarra gustura hartzeko modukoa iruditu zaio, freskoa eta indartsua. Bare sentitzen da, sabelaldeko korapiloa askatu balitzaio bezala.

        — Joan aurretik, galdera bat besterik ez: zure ustez, nire aitak zer pentsatzen zuen bene-benetan zutaz?

        — Ez dakit nora iritsi nahi duzun.

        Josuk irribarrea erakutsi dio Zuriarraini, gero bostekoa eskaini, eta patxadaz alde egin du, abistuka, umetako kanta bat: Ni naiz kapitain pilotu, ni naiz kapitain pilotu, niri behar zait obeditu, obeditu.