Etxekalte
Etxekalte
2012, nobela
216 orrialde
978-84-92468-37-9
azala: Lander Garro
Harkaitz Zubiri
1977, Donostia
 
2007, narrazioak
Etxekalte
2012, nobela
216 orrialde
978-84-92468-37-9
aurkibidea

Aurkibidea

Lehen zatia

—1—
Josu

—2—
Herrera eta Etxebe

—3—
Nora

—4—
Josu

—5—
Etxebe eta Herrera

—6—
Nora

—7—
Josu

—8—
Etxebe eta Herrera

—9—
Nora

Bigarren zatia

—10—
Aingeru

—11—
Nora

—12—
Herrera eta Etxebe

—13—
Aingeru

—14—
Josu

—15—
Aingeru

—16—
Nora

—17—
Aingeru

—18—
Etxebe eta Herrera

—19—
Nora

—20—
Josu

Erosi: 16,62
Ebook: 3,63

Aurkibidea

Lehen zatia

—1—
Josu

—2—
Herrera eta Etxebe

—3—
Nora

—4—
Josu

—5—
Etxebe eta Herrera

—6—
Nora

—7—
Josu

—8—
Etxebe eta Herrera

—9—
Nora

Bigarren zatia

—10—
Aingeru

—11—
Nora

—12—
Herrera eta Etxebe

—13—
Aingeru

—14—
Josu

—15—
Aingeru

—16—
Nora

—17—
Aingeru

—18—
Etxebe eta Herrera

—19—
Nora

—20—
Josu

 

 

12

HERRERA ETA ETXEBE

 

 

Zain dago Herrera, batere sosegurik gabe. Azkenaldian bere egoera naturala hori dela dirudi. Are gehiago gaur. Gauerdiko albisteak entzun ditu irratian. Etxebe ez da ageri. Aspaldi honetan ahaztuta zuen galdera bat itzuli zaio Herrerari: Bakarrik geldituko banintz munduan? Agian ez zait hainbeste falta horretarako, Etxebek nire bizitzatik alde egitea besterik ez, eta akaso ez da hain larria, edo bai, bada; orain neure buruari kostata eusten badiot, zer egingo nuke Etxebe desagertuko balitz? Batere heldulekurik gabe geldituko banintz? Hasteko, etxea utzi beharko nuke, ordaintzeko gai ez nintzatekeelako, eta gurasoenera itzuli.

        Eta Nora?, pentsatu du Herrerak; oraingoz egitasmoa baino ez da.

        Sakelako telefonora deitu dio Etxeberi, baina erantzunik ez. Telebistaren kanalak banan-banan pasatu ditu intereseko zerbaiten bila, eta amaitzean berriro ekin dio. Herrerak badaki egun hauetan Etxebe berandu arte gelditzen dela bulegoan, lankideek etxerako bidea hartzen dutenean besteen paperetan eta ordenagailuetan usnaka ibiltzeko, baina inoiz ez da hain berandu iritsi. Harrapatu egin dute, pentsatu du Herrerak, azkazalen inguruan odola atera arteko zauriak egiten jarraitzen duen bitartean.

        Sarrailan giltza hotsa entzun duenean, atera hurbildu da Herrera. Paretik korrika igaro zaio Etxebe, komunera. Belauniko jartzeko denbora izan du botaka egin aurretik. Herrerak kopetatik heldu dio, amak lehen berari egiten zion bezala. Zabuka joan da Etxebe ohera, Herrerak eskaini dion kamamilari ere uko eginda.

        — Nondik zatoz?

        — Bulegotik.

        — Ordu hauetan?

        — Kotxean bueltaka ibili naiz.

        — Nora zindoazen?

        — Inora ere ez.

        — Etxebe, zer gertatu da?

        Etxebe kostata hurbildu da ohearen ertzera. Jantzita zeramatzan kaleko arropek osatzen duten nahas-mahasaren azpitik karpeta urdin bat atera du, egunero bulegoan inprimatu dituen paperak ekartzeko erabiltzen duen berbera. Izen-abizenen zerrenda luze bat dakar paperetan.

        — Berehala kaleratu nahi dituztenen izen zerrenda prestatu dute.

        — Orduan, egia zen egoera txarra zela eta aztertzen ari zirela zurekin batera nor gehiago bota?

        — Zer inporta du horrek.

        — Hortaz, zertarako erakusten didazu zerrenda hau?

        Etxebe zerrendako zenbait izen seinalatzen hasi zaio Herrerari.

        — Elkarrizketatu egin nituen. Lasai hitz egiteko esan nien, dena isilpekoa zela, eta orain zerrenda honetan daude, baina gaizkiesaka aritu zirenak bakarrik.

        — Zure elkarrizketetatik atera dituzte izenak?

        — Jende gehiago ere badago, baina nire elkarrizketetan mihigaiztoa erakutsi zuten guztiak zerrenda honetan daude. Zer egin dut!

        — Zuk ez zenien izenik eman, ezta?

        — Kontatu nizun zer gertatu zen. Baina pentsa, zuk ere zalantzan jartzen duzu.

        — Izen horiek ez dituzu zuk eman. Ez da zure errua.

        — Baina jakin egin behar nuen zertan ari nintzen. Badakit zuk ere hori pentsatzen duzula.

        Herrerak ez dio erantzun. Komunera joan da eta eskuetan dituen odol arrastoak garbitu ditu. Gosea itzuli zaionez, afaria prestatuko du.

 

 

Bilera-gela txikian esperoan dago Ibon K.

        — Nire ordenagailuan ibili zara.

        Etxeberen erantzuna hasperen labur bat izan da, eta segidan esaldi bat:

        — Nire elkarrizketetako informazioarekin osatu duzue kaleratuen zerrenda.

        Barrez hasi da Ibon K., baina berehala atertu zaio.

        — Etorri errealitatera, Etxebe. Enpresa honetan denok ezagutzen dugu elkar. Nor kaleratu jakiteko ez dugu zure beharrik.

        Etxebe jaiki egin da eta badoa aretotik, buruan bueltaka darabilena esandakoan:

        — Ezagutu zintudanetik iruditu zitzaidan zirku honetako pailazoa zinela, zure postutxoa mantentzeko edozein lelokeria egiteko prest, baina ez nuen espero nirekin horrela jokatuko zenuenik.

        — Aitortzeko ordua iritsi denez, esan behar dizut esperantza banuela zure elkarrizketa horietatik kale gorrira bidaltzeko hautagairen bat edo beste lortuko genuela, baina egia esango dizut: zure txosten horrek ez du ezertarako balio, ezta horretarako ere. Eta ea behingoz konturatzen zaren ez zaitudala nik bota. Nahiago dut zu bezalako inozo bat sailean, anbizio gabeko bat, eta ez labana eskuan ibiltzen den horietako bat.

 

 

Orbanez zipriztinduta du Herrerak gorputz osoa. Sofa egin du bere bizileku. Amaiezinak dira lo kuluxkak. Indarberrituta esnatu da gaur ere. Harrituta dago bere buruarekin. Bizitzan estreinakoz argi ikusten ditu gauzak, zer egin, nola, noiz; nolanahi ere iraganari buruzko hausnarketak dira, aldatu ezingo lituzkeen gertaerak, eta uste du horregatik iritsi dela egoera honetan zokoratuta sentitzera, baina orain ez du eserita gelditzeko asmorik.

        Logelara joan da zuzenean, dena argitu arte hitz egitera: ordaindu ezin duten mailegu hipotekarioaz, funtzionatzen ez duen harremanaz, zereginik eta zentzurik gabe luze egiten zaion egun bakoitzari buruz. Ohean botata aurkitu du Etxebe, sukar galdatan dirudi, baina termometroan hogeita hamasei eta erdi gradu. Herrera logelara sartzen sumatu bezain azkar, azken orduetako leloa errepikatu du Etxebek:

        — Zer egin dut? Zer lotsa!

        — Nahikoa da, Etxebe. Esan dizute zure txostenak ez duela zerikusirik kaleratuen zerrendarekin.

        — Berdin du egia zein den. Elkarrizketatu nituenek zalantzarik gabe pentsatuko dute ni izan nintzela salataria.

        Korrika altxatu da ohetik komunera. Herrerak logelako aulki batean eserita entzun ditu botaka hotsak. Pentsatu du Etxebek berriro esango diola kaleratuen zerrendak publiko noiz egingo dituzten zain dagoela, orduan ezingo duela kalera irten, beldur delako zerrendako norbaitek edozein bazterretan harrapatu eta iraindu egingo duela, umiliatu plazaren erdian, edo egurtu, eta gainera arrazoia eman beharko diola. Aitzitik, komunetik bueltan, Etxebe arrastaka eta mutu sartu da ohean.

        — Nahikoa da, Etxebe. Jaiki eta segi bulegora behingoz. Bilatu informazioa, ekarri etxera eta horrekin zerbait egiten saiatuko gara.

 

 

Parranda amaigabe baten ajea balu bezala sentitzen da Etxebe. Salako bazter guztietan dauden paper mendiek buruko mina areagotu besterik ez diote egiten. Herreraren galdera etengabeek borobiltzen dute giroa. Egunak eman dituzte paper hauek irakurtzen. Orain informazio baliagarriena aukeratzen eta hurrenkera egokian jartzen ari dira. Etxeberen lana da, paper hauetan agertzen den gehiena Herrerari ezezagunegia zaiolako, baina Herrerak ez du horregatik isilik gelditzeko asmorik.

        — Zer egingo dugu honekin?

        Etxebek ez dio erantzun, ez duelako nahi berriro azalpenetan beste ordubete galdu.

        — Nik Norari emango nioke —esan du Herrerak.

        Esku artean dauzkan paperak erortzen utzi ditu Etxebek.

        — Ezta pentsatu ere. Josuri emango dizkiogu.

        — Nor da hori?

        — Eskertzen dizut egin duzun guztia, Herrera, arrazoi zenuen, baina orain nire erara jarraituko dugu.

        Nora iritsiko garen ez dakit, pentsatu du Etxebek, baina zorrak kitatzen hasi behar dut. Aje gorputzaldiak pentsamendu bakoitza bost aldiz entzutera behartzen du, azkenerako zentzuzkoak izateari uzten diotela.

        — Ez zaizu Nora batere gustatzen —leporatu dio Herrerak.

        — Ez naiz bere asmoez fidatzen.