Etxekalte
Etxekalte
2012, nobela
216 orrialde
978-84-92468-37-9
azala: Lander Garro
Harkaitz Zubiri
1977, Donostia
 
2007, narrazioak
Etxekalte
2012, nobela
216 orrialde
978-84-92468-37-9
aurkibidea

Aurkibidea

Lehen zatia

—1—
Josu

—2—
Herrera eta Etxebe

—3—
Nora

—4—
Josu

—5—
Etxebe eta Herrera

—6—
Nora

—7—
Josu

—8—
Etxebe eta Herrera

—9—
Nora

Bigarren zatia

—10—
Aingeru

—11—
Nora

—12—
Herrera eta Etxebe

—13—
Aingeru

—14—
Josu

—15—
Aingeru

—16—
Nora

—17—
Aingeru

—18—
Etxebe eta Herrera

—19—
Nora

—20—
Josu

Erosi: 16,62
Ebook: 3,63

Aurkibidea

Lehen zatia

—1—
Josu

—2—
Herrera eta Etxebe

—3—
Nora

—4—
Josu

—5—
Etxebe eta Herrera

—6—
Nora

—7—
Josu

—8—
Etxebe eta Herrera

—9—
Nora

Bigarren zatia

—10—
Aingeru

—11—
Nora

—12—
Herrera eta Etxebe

—13—
Aingeru

—14—
Josu

—15—
Aingeru

—16—
Nora

—17—
Aingeru

—18—
Etxebe eta Herrera

—19—
Nora

—20—
Josu

 

 

5

ETXEBE ETA HERRERA

 

 

Bulegoko komunetan inor ez dabilela egiaztatu ondoren, Etxebe ispilu aurrean jarri da, Giza Baliabideetako Ibon K. nagusiaren presiotik ihesi (Asko falta al zaizu txostena bukatzeko?) eta, bide batez, kopetaren erdian hazi zaion sumendia lehertzeko. Bihotzak ia buelta eman dio komun bateko atea ireki denean. Josu irten da bertatik, baina bonba botatzera itzuli behar izan du. Etxebek ispiluan islatuta ikusi du, nola Josu bere alboan jarri den arte ez den konturatu ez dagoela bakarrik.

        — Etxebe! Geroxeago pasatzekoa nintzen zurekin hitz egitera. Bazkalduko al dugu elkarrekin?

        Segundo erdi bat behar luke Etxebek, gogoratzeko lanez lepo dabilela eta ezin duela gonbita onartu, eta are denbora gutxiago behar du oroitzeko bere nagusi Ibon K. eta ditxosozko txostena; baina, hala ere, Etxebe motel ibili da, Josuk garaiz lortu baitu Etxeberen ezezkoa indargabetzea:

        — Lagundu egin behar didazu. Mesedez —hitz horiekin joan da Josu komunetik, Etxeberen erantzunaren zain gelditu gabe.

        Paper eta pantaila girotik fritanga kiratserako tartean Etxebek ez du istant bat ere pasatu geroko aitzakiak prestatzen: Hori ez da nire estiloa. Grabatutako elkarrizketak entzuten eta pasarteak transkribatzen eman du goiza, eta entzule jarrera horrekin iritsi da tabernara. Josuk aitortza dirudien bakarrizketa batekin monopolizatu du hitza. Ez al dira inoiz ahitzen aitarekiko kontu freudiar hauek?, pentsatu du Etxebek.

        — Ezezagun bati hainbeste kontatzea ez da normala, ezta?

        — Nik ere egin izan dut —erantzun dio Etxebek, ez baitu asmorik pentsatzen duena aitortzeko—. Ezagun bati kontatuko ez zeniokeena konta diezaiokezu ezezagun bati. Badakizu ezezagunak ez diola inori kontatuko, axola zaizun inori ez behintzat.

        Etxebek espero zuenaren kontra, Josuren hitz jarioak ez du etenik. Bulegora itzultzeko ordua igaro da.

        — Pentsa zure aitari gertatu izan balitzaio.

        — Imajinatu ere ez dut egin nahi.

        Nire aita ez ezazu zure kontuetan sartu, pentsatu du Etxebek.

        — Giza baliabideetan daukazuen informazioa behar dut. Batetik, ziur nago han izango dituzuela lehengo enplegatuen zerrendak, lan arriskuei buruzko planak, jendeak bajak noiz hartu dituen eta horrelako kontuak; eta, bestetik, teorian hor egon behar ez duten arren, lepoa egingo nuke osasun txosten batzuk edo langile batzuei buruzko informazioa edo espero ez ditugun beste gauza batzuk aurkitu ahal izango zenituzkeela, ordenagailuetan edo... Entzun dut informazio zaharra beste areto batean dagoela.

        — Behin izan naiz han. Paper zabortegi bat da.

        — Nire kasa bilatzen ari naiz, baina zure laguntza oso garrantzitsua izan daiteke.

        Ez dirudi Josuk hizketan epe mugarik duenik: berriro atera ditu bere haurtzaroa eta nerabezaroa, eta unibertsitatera joan zen garaia, berriro unibertsitatea, eta nola gogoratzen zuen Etxebe garai hartan, eta ez zitzaiola asko kostatu bulegoan ikusi zuen hura Etxebe zela konturatzea.

        Etxebek bulegora itzuli nahi du, bakarrik, zain dauzkan lanei lehenbailehen aurre egitera.

        — Ez dizut gezurrik esango, Josu: benetan harrituko nintzateke zerbait aurkituko banu, eta gainera ez dakit zeren bila zabiltzan zehazki, baina saiatuko naiz.

 

 

Azal epelaren kontra igurtzi du aurpegia Herrerak. Ohaidearen azal leuna eta ahots nerabea. Unibertsitatean zer ikasi nahi lukeen kontatzen ari zaio. Herrerak biziki maite du hitz horien doinua, aspaldiko amets gozo baten musika dira. Bat-batean etena.

        — Zergatik begiratzen diozu hainbeste pareko dorre horri? Hain aspergarria al naiz?

        Herrerak musu eman dio kopetan.

        Lanbide Eskola batean Kimika ikasi zuen Herrerak eta, lan batetik bestera ibili ondoren, ikasketei lotutako enplegua aurkitu zuen: orain parean duen dorrea bezalakoetan ere ibiltzen zen legionella eta gisako gaitzak zeudenetz ikuskatzen, bakarrik bueltaka kotxez, egun batean Donostian eta hurrengoan Barakaldon, eta lagunartean barrez esaten zuen mundua bere erara salbatzen ari zela. Orduan erabaki zuten Etxebek eta biek etxea erostea. Segidan etorri zen langabezia.

        — Beste nonbait zaudela dirudi beti.

        Herrerak ez daki hemen beste era batera egoten, baina une hauek ezinbestekoak ditu oreka mantentzeko, Etxeberekin pertsona bat eta hemen beste bat izateko, tartetxo honetan zoriontsua balitz bezala, eta Etxeberen beharra ere badu, nahiz eta jadanik ez dakien zergatik.

        Estuago besarkatu du Herrerak ohaidea, eta hura berriro hasi da kontatzen zergatik bizi nahi lukeen gurasoen etxetik kanpo; Bilbon, Gasteizen edo Iruñean, oraindik ez du erabaki.

 

 

Aulkian erdi etzanda dago bere pareko gaztea. Etxeberen galderek erantzun laburrak besterik ez dituzte jasotzen. Mutila erlojuari begira hasi da.

        — Konturatuko zinen esateko ezer interesgarririk ez daukadala.

        Elkarrizketaren hasieran bezala, Etxebek patxadaz azaldu dizkio galdetegiaren helburuak, aste honetan hogeigarrenez, aurreneko aldia balitz bezala.

        — ...langileak gusturago egon daitezen.

        Parean duen gazteari barre txikia atera zaio.

        — Eta erabat isilpekoa da: doan bota ditzakezu bururatzen zaizkizun guztiak.

        — Nire izena ez da inon agertuko?

        — Erabat isilpekoa da.

        — Konforme. Segi galdetzen.

        — Beste elkarrizketatu batzuek esan dituzten gauzak aipatuko dizkizut. Adibidez, zure lankide batek esan zidan inork ez duela ezer oparitzen eta protesta egin beharra dagoela, batez ere orain, lan hitzarmena negoziatzear dagoenean.

        — Esaten dute enpresa hondoratzen ari dela. Nik ez dut sinesten. Baina hala balitz ere, ez dut bekain bat ere mugituko. Izorra daitezela. Orain dela hiru urte bota ninduten beste enpresa batetik beste hogeita hamar tiporekin batera, lan karga murriztu zelako, guztiak aldi baterako kontratua genuenak. Gelditu zirenek kezka bakarra zuten: guk istilurik ez sortzea. Esan ziguten: zuek lasai, eskaerak handitzen direnean, zuek sartuko zarete lehenengo, beti ere orain iskanbilarik ez badago. Oraindik dei horren zain segitzen dut.

        — Ez zaitu kezkatzen lanik gabe gelditzeak?

        — Asko.

        Aulkian postura erosoa ezin bilaturik hasi da mugitzen.

        — Neure burua entzuten dut eta ez zait gustatzen esaten dudana, baina horrela sentitzen dut.

        Etxebek mingainari eutsi dio. Papereko gidoiari lotu zaio berriro.

        — Zure beste lankide batek esan dit berari ondo iruditzen zaiola soldatak hobetzearen alde presioa egitea, baina ezin dela ahaztu benetako arerioak ez direla zuzendaritzakoak, lehiakideak baizik, saltzen ez duten enpresetan lanik ez dagoelako. Are gehiago orain, Anaitasuna S.A. enpresa talde handi batean sartu denetik, taldeekin ere lehiatu behar delako: hemen gertu dagoen Laguniker, Txekiako fabrika hori, laster Txinan eta Brasilen eraiki nahi omen dituztenak...

        — Arrazoia daukala irudituko zaio, ziur.

 

 

Loa aspaldiko kontua iruditzen hasi zaio Herrerari. Aukera duen bakoitzean erdi etzanda jartzen da, baina lokartuko dela dirudienean, burua lanean hasten zaio. Gaur Etxeberen ahotsa daukan esaldi bat dabilkio: ahaztu aurretik, aitak dirua sartu digu kontu korrontean.

        Gauaren erdian jaiki da Herrera ohetik kalera joateko. Ahaztu aurretik? Aurrezkiak xahutzen ari dira. Laster ez dute hileroko gastuak ordaintzeko dirurik izango, eta Herrerak ezingo die gurasoei eskatu, emateko zeukatena hiru seme-alaben artean banatu dutelako jadanik. Nola ahaztu?

        Farolek argiztatzen duten Donostia barea zeharkatu du Herrerak paseoan. Mirakruz Gaina pasatu arte eutsi arren, azkenean atera egin du sakelako telefonoa. Herreraren ahotsak oihartzuna egiten du eraikin isilen kontra:

        — Zure etxe aurrean nago.

        Erotu egin ote den galdetu dio telefonoaren bestaldekoak, gurasoak alboko logelan dauzkala, alde egiteko berehala. Herrerak ez dio gaizki hartu. Bere buruarekin harritu da. Lasaixeago dago orain. Korrika txikian itzuli da etxerantz, aspaldiko partez surfeko taula hartu eta egunsentian Zurriolako hondartzan uretara sartzen lehena izateko.

 

 

Giltza eskatzera ausartu izan balitz, orain ez luke kezkatu beharko bere jokabidearen zergatia arrazoitzen. Egin izan bazenu, beste zerbaitek kezkatuko zintuzke, egon lasai, ondo egin duzu, errepikatu dio Etxebek bere buruari. Baina fitxategien gelarako atea zeharkaezina dela ia sinetsi duenean, ordenagailuan bilatzeari ekin dio.

        Eguerdia iristear dela hurbildu da Ibon K., presaka, Etxeberen mahaira.

        — Bukatu al duzu txostena? Zuzendaria urduritzen ari da.

        Epemuga atzeratzea lortu du Etxebek, baina berandu dabil berriro.

 

 

Sofan hondoratuta, Herrerak ezin du ulertu telebistan zer esaten ari diren. Beste zerbait dabilkio gogoan. Alboan eserita daukan Etxebek, ordea, telebistari buruzko kontuak besterik ez ditu hizpide.

        — Zer moduz lanean? —eten du Herrerak.

        Etxebek harrituta begiratu dio, baina disimulatzen saiatu da.

        — Harrokeriarik gabe, lanez gainezka, baina laster hobetuko da nire egoera, kontratua berritzen didatenean. Horrek lasaitzen nau. Badakit orain lanarekin itota ibiltzea ez dela alferrik izango.

        Erantzunak ez du Herrera batere konbentzitu, baina ez du gehiago entzun nahi, hariari jarraituz, agian, Herrera haserraraziko duen zerbait esan dezakeelako Etxebek, eta gaur ez da horretarako egun egokia. Hurrengo batean zorrotzago galdetzeko kemena bilduko du. Bihar beste egun bat izango da. Akaso Etxeberekin gustura egoteko aukera izango du. Herrera ez da arriskatuko espektatiba hori zapuztera.

 

 

Gaixo dagoela esateko deitu du bulegora. Ohearen epelean gelditu dira: batetik, Etxebe ordenagailuari lotuta, Ibon K. eta Josurengandik ihesi eta elkarrizketen txostena behin-betiko amaitzearren, eta, bestetik, Herrera, aste osoko surf saioek ekarri dioten soseguaz gozatzeko asmoz. Eta, bide batez, gaur kalera irten izan balira erabiliko zuketen dirua ez dute gastatuko; gaur, behintzat, ez dute kontu korronte meharra are gehiago argalduko. Herrera inoiz ez da xahutzailea izan, ezta soldata dezentea izan duenean ere. Bere lagun gehienek baino askoz gutxiago behar izan du beti gustura bizitzeko. Baina ez dago ohituta hilabete bukaerara dirurik gabe iristera. Eta bai, damu da Etxeberekin hipotekatu izanaz. Ez du horretan pentsatu nahi, baina berehala desagertu da gaur lortua zuen lasaitasuna.

 

 

Igerilekura berriro?, esan nahi du Etxeberen aurpegiak; Gaur asteazkena da!, Nora ere ba al doa?, baina ezer ulertu ez balu bezala abiatu da Herrera. Goizean surfean desosegua kentzea lortu duen arren, iluntzean gustura asko murgildu da igerilekuan. Jo eta txiki ekin dio. Motz gelditu zaio igerilekua, pareta ukitzen du berehala, igerilekuz igerileku joango litzateke, baina igerileku motz hauxe da dagoen guztia, eta lehertu beharrean jarraitu du pareta batetik bestera igerian. Etxera itzulitakoan landare sentitu nahi luke.

        Berehala nekatu da. Igerilekuaren bazter batean gelditu behar izan du, ura leporaino. Zaharragoa sentitzen da bat-batean, bizitzan igaro den denboraz benetan oraintxe konturatu izan balitz bezala.

        Nora ikusi duenean utzi dio gauza horietan pentsatzeari. Hark ere gaurko igeriketa saioa amaitu duela dirudi. Herrera ur barruan jauzi eginez joan da Nora dagoen lekura. Zain dauka.

        — Etxean gelditu al da Etxebe?

        — Buru-belarri lanean ari zen alde egin dudanean.

        Galderaren truke galdera:

        — Txintxo al dabil Josu?

        — Ez dizut ezetz esango, ondo portatzen ari delako, eta egia esan harrituta nauka, baina noiz lehertuko zain nago.

        Herrerak gaia aldatu nahi du, baina Norak aurrea hartu dio:

        — Eta Etxebe, txintxo al dabil?

        Galderak ezustean harrapatu du Herrera. Ez daki zer erantzun. Esan diezaioke ezetz, abandonatuta daukala, edo, bestela, erantzun dezake azken hilabeteetan gaizki dabiltzan arren, inoiz ez dela Etxeberen ondoan bezain goxo sentitu. Baina erabaki baino lehenago jarraitu du Norak galderak egiten:

        — Asko galdetzea ez bada, zure etxetik hurbilago dago Zuhaiztiko igerilekua, ezta?

        — Hemen Bidebietan lagun bat daukat. Hau da, orain zurekin bi. Eta atsegin dut lagunak bisitatzea.

 

 

Izenak nahi ditu.

        — Ez duzu jarri nork esaten duen zer —kexatu da Ibon K., Giza Baliabideetako arduraduna, Etxeberen txosten bukatu berria irakurtzen hasi bezain azkar.

        — Elkarrizketak isilpekoak ziren.

        — Nor den nor jakitea komeni zaigu.

        — Badakizu ezin dudala hori egin.

        Ibon K.k hasperen sakona egin eta, irribarrea ahoan, aulkitik altxa da Etxeberen mahaira zakar abiatzeko, baina berehala itzuli da bere lekura.

        — Dena grabatuta dago, ezta?

        Etxebek baiezkorik ere ez du egin buruaz.

        — Esadazu txostenaren dokumentua eta elkarrizketak non gorde dituzun eta neronek egingo dut lana.

        Etxebe hitz egokien bila ari da, baina aurreratu egin zaio Ibon K.:

        — Ezin duzu imajinatu zer estu dabilen enpresa. Ezin ditugu orain arazo berriak sortu. Bizpahiru egunetan bukatuko dut elkarrizketen lan hau.