Etxekalte
Etxekalte
2012, nobela
216 orrialde
978-84-92468-37-9
azala: Lander Garro
Harkaitz Zubiri
1977, Donostia
 
2007, narrazioak
Etxekalte
2012, nobela
216 orrialde
978-84-92468-37-9
aurkibidea

Aurkibidea

Lehen zatia

—1—
Josu

—2—
Herrera eta Etxebe

—3—
Nora

—4—
Josu

—5—
Etxebe eta Herrera

—6—
Nora

—7—
Josu

—8—
Etxebe eta Herrera

—9—
Nora

Bigarren zatia

—10—
Aingeru

—11—
Nora

—12—
Herrera eta Etxebe

—13—
Aingeru

—14—
Josu

—15—
Aingeru

—16—
Nora

—17—
Aingeru

—18—
Etxebe eta Herrera

—19—
Nora

—20—
Josu

Erosi: 16,62
Ebook: 3,63

Aurkibidea

Lehen zatia

—1—
Josu

—2—
Herrera eta Etxebe

—3—
Nora

—4—
Josu

—5—
Etxebe eta Herrera

—6—
Nora

—7—
Josu

—8—
Etxebe eta Herrera

—9—
Nora

Bigarren zatia

—10—
Aingeru

—11—
Nora

—12—
Herrera eta Etxebe

—13—
Aingeru

—14—
Josu

—15—
Aingeru

—16—
Nora

—17—
Aingeru

—18—
Etxebe eta Herrera

—19—
Nora

—20—
Josu

 

 

2

HERRERA ETA ETXEBE

 

 

Bien artekoa berriro ondo balego bezala esnatu da eguna. Izerditan oraindik, Herrerak izaren goxotasunean hartu du babes. Kanpoan euria astintzen du haizeak, barruan berogailuaren epela dago, eta abesti baten lehen notak, Riders on the Storm. Laranja zuku freskoak borobildu du igande goiza. Etxebek ekarri dio, kafesnearekin eta tostadekin batera.

        — Berriro lo hartuko dut agian —xuxurlatu du Etxebek ohean etzaten ari den bitartean, Herreraren gorputzaren kontra.

        Astiro doa denbora. Ohe gainean dago une honetan Herrerak behar duen guztia. Gosaltzen bukatu duenean, Etxeberen ondoan etzan da. Space Oddity abestia ari dira entzuten, espazioan galtzen den astronautarena, bere mundutik urrun.

        Bafleak isildu direnean, Herrerak lepo aldean marra berde bakarra duen pijama beltz-beltza jantzi du eta jaiki egin da ordenagailuan musika berria aukeratzera. Pantailaren bazter batean Etxebe izena duen karpeta ikusi duelarik, gosariarengatik esker onez, haren gustuko talderen bat jartzea pentsatu du Herrerak, baina karpeta ireki duenean, inoiz entzun gabeko izenak besterik ez ditu aurkitu eta, zalantza handiz, Kokolo izena daramana abiarazi du. Bafleetatik Etxeberen ahotsa entzun da: «Galdera errazak dira, zu lasai». Herrerak larrituta klikatu du beste dokumentu bat, Retard izeneko bat, eta berriro ahots bera: «Otsailak hogeita sei, arratsaldeko laurak, lehenengo solairuko bilera gelan gaude». Ordurako Etxebek hartu du ordenagailuaren kontrola eta berehala isiltasuna egin da logelan, harik eta Etxeberen demandak urratu duen arte:

        — Badakizu ezin duzula hau entzun. Ez dute beste munduko ezer esaten, baina beti ziurtatzen diet isilpekoa dela.

        — Musika zela uste nuen. Barkatu.

        Parez pare daude, desafinatutako bi instrumentu bezala, nor bere pijaman bilduta: Herrerak obsesiboki janzten ditu arropa beltzak, berdez edo gorriz edo laranjaz zipriztinduta ia beti, eta pijama ere halakoxea da; Etxebe, berriz, etengabe saiatzen da kolore biziko arropak konbinatzen, baina inoiz ez du argi izaten kolore horiek noiz ezkontzen diren ondo eta noiz ez, eta, Herrerak kostata aitortu arabera, Etxebek ondorioztatu du orain jantzita daraman pijamak lixiba eta pailazoak konbinatzen dituen iragarki baterako egokia dirudiela.

        Etxebek gosariko trasteleria hartu du eta sukaldera joan da. Herrera urduri dago berriro. Logela itogarria egin zaionez, leihoa ireki du. Aurpegia zipriztindu dio euriak, giroa arnasberritzen hasi da.

        — Zertan ari zara? —galdetu dio Etxebek sukaldetik bueltan.

        Leihoak itxi eta pertsiana jaitsi du. Argi artifizialak itxuraldatu egin du logela.

        — Beroak ihes egingo du bestela.

 

 

Azken unera arte zain egoten dira. Gaur berriro egin dute. Bulegoko bere mahaiaren aurrean, munduan beste ezer ez balego bezala pasatu du Etxebek eguna elkarrizketak irakurtzen eta paperaren bazterrean oharrak idazten, azken txostenerako. Goizeko zortzietatik arratsaldeko seietara egin duen lanarekin pozik, etxera joateko jaiki denean, Ibon K. agertu zaio, Giza Baliabideen Saileko arduraduna, presaka doanaren itxurak egiten, zuzendariaren bulegoan bilera dutela jakinarazteko. Etxebe pasilloan barrena eskutik helduta eramatea baino ez zaio falta izan Ibon K.ri, Etxebe galtza urdin biziak eta alkandora horia eta grisa jantzita, Ibon K. traje gris estandarizatu batean sartuta.

        — Zer gertatzen da ba? —galdetu dio Etxebek, larritu egin baita, zuzendari nagusiak inoiz ez baitu agurtu ere egin, eta bera bezalako hasiberriei sailetako arduradunen bitartez heltzen baitzaizkie aginduak.

        Erantzuteko astirik gabe sartu dira Pedro Tolosa zuzendariaren bulegoan. Bizkarrean hazka egiten aurkitu dute. Etxebe eta Ibon K. ikusi dituenean, aulkitik altxa gabe, bizkarraldeko lanak amaitu ezinik, aulki banatan esertzera gonbidatu ditu.

        — Esadazu: zer moduz doaz elkarrizketak?

        — Denetariko iritziak biltzen ari naiz. Txosten polita geldituko da.

        — Jendeak kontatzen al ditu bere gauzak?

        — Batzuekin zailagoa izaten da, baina zertarako den konturatzen direnean, luze eta zabal hitz egiteko prest egoten dira gehienak. Elkarrizketak lan orduetan izateak lagunduko du ziur aski —esan du Etxebek.

        Zuzendaria irribarrea erakusten ahalegindu da. Ibon K.k lortu du, trebatuagoa baitago.

        — Lehen Iboni esan diodan bezala, txosten horrek beranduenera lau astetan bukatuta egon behar du. Badakizu enpresaren egoera ez dela aproposena eta pausoak eman beharko ditugula. Zure txosten horrek lagundu egingo digu.

        Ibon K.ren hitzen zain gelditu da Etxebe, baina hark, jaikitzeko batere asmorik gabe, keinu batez kanporanzko bidea seinalatu dio Etxeberi. Zuzendariak, bizkarraldeko zereginetan berriro, Ibon K.ri begira, telefonoa hartu du eskuetan.

        — Dei bat egin behar dut.

        Bi enplegatuak pasillora irten direnean, Etxebek ezin izan dio galderari eutsi:

        — Arazoren bat sortu al da orain presaka ibiltzeko? Txostena amaitzeko oraindik beste lau hilabete nituela esan zenidaten.

        — Pentsatzen dut proba gisa sartu nahi zaituela estutasunetan, praktika aldia bukatzen zaizunean enpresan jarraitzea eskaini edo ez erabakitzeko.

        Etxera abiatu aurretik, Etxebe bere mahaitik pasa da eta paper mendi bat sartu du zorroan, ohera joan baino lehenago irakurtzen jarraitu ahal izateko.

 

 

Bidebietako dorreei begira gelditu da. Garbi eta hotz dago zerua, Herrera beltzez doa goitik behera (kamisetaren lepo aldetik sorbaldara doan marra berde soil bat salbu). Lehen horrelako dorreetan egiten zuen lan. Orain Herrera zorrotz saiatzen ari da erlijio soilik fisiko baten antza duen diziplinari lotzen: esnatu, paseoa, enkontrua, igerilekua, gimnasioa... Etxebe ez da ia plan horietan sartzen. Herrerak ezin izaten du konbentzitu kalerako, ezta lagunekin egoteko ere, ez batzuenekin ez besteenekin. Ez du etxetik irteteko asmorik eta, ateratzekotan, inor topatuko ez duten nonbaitera eta denbora epe jakin baterako. Herrera etsituta dago Etxeberen kontrol beharrarekin: muga bitxiak ezartzen dizkio bere buruari, bere bizitzan zer egin berak erabakitzen duen irudipena izateko asmoz, ez dezan sentitu bizitzak eraman egiten duela.

        Herreraren gaurko lorpena, biak elkarrekin Etxeberen aitaren etxera afaltzera joatea izan da, etxetik ateratzeko behinik behin. Etxeberen aitak eta haren bikoteak, Margak, adeitsu hartu dituzte, eta mahai gainean kroketak, urdaiazpikoa, zainzuriak, patata tortilla, jateko eman nahi dietenaren aurrekari.

        — Gaizki elikatuta ikusten gaituzue? —esan du Etxebek euforia arraro batekin.

        Lepo afaldu dute.

        Marga isila da. Herrera mutu dago. Etxebe eta bere aita nahikoa dira elkarrizketak hitzez gainezka egin dezan. Margak konplizitatez begiratzen dio Herrerari.

        — Igo al dizute soldata? —itaundu du aitak, Herrerak aldiro espero duen galdera.

        — Oraindik ez, elkarrizketen lantxoa bukatzen dudanean. Orduan egingo didate kontratu iraunkorra. Baina moldatzen naiz, hala ere. Ez dut askoz gehiago behar, benetan.

        Margak Herrerari begiratu dio berriro. Ordaintzen ari diren hipoteka mailegua du gogoan Herrerak, Egia auzoan 320.000 euroko etxe txikia eta 15.000 euroko kotxea, eta ospatzeko nola joan ziren Lasarteko jatetxe hartara (bankutik ezkondu gara, esaten zuten pozez zoratzen), eta orain dauzkaten diru sarrerak, eta korapiloa egin zaio sabelaldean, eta dzanga edan du ardotik.

        — Aurrekoan ez nizun ondo ulertu zer egin behar duzun elkarrizketen kontu horrekin.

        — Motibazio plana deitzen diote. Modan dagoen gauza horietako bat da. Enplegatuak elkarrizketatzen ari naiz, jendea gusturago egoteko zer egin daitekeen ikusteko, eta enpresa horretara molda dadin. Badakit gero aholkuei ez dietela kasurik egingo, baina behintzat txosten batean idatzita geldituko da.

        — Soldata igotzearekin poztuko da jendea —esan du aitak.

        — Gauza gehiago ere egin daitezke.

        Margak aipatu du berak lan egiten duen enpresan ere antzeko zerbait egiten ari direla, eta hortxe bukatu da gaia. Janaria ez, ordea: bakailao ajoarrieroa eta postrerako gazta tarta, euskal gauzari buruzko berriketa amaigabeaz hornituta. Berandutu denean, Etxebe eta bere aita sukaldera joan dira tuperrak betetzera. Halako batean, bien arteko elkarrizketaren haria eten egin du aitak:

        — Bihar bertan sei mila euro sartuko dizkizuet kontu korrontean. Egoera egonkortzen zaizuen bitartean, erabili lasai.

        Margak eta Herrerak argi entzun dute egongelatik.

        — Benetan eskertzen dizut, aita, baina ez ditugu beharko.

        Herrerak izkin egin dio Margaren begiradari.

 

 

Makinatik kafea hartzeko zain ilaran dagoen batek disimulurik gabe aztertu du Etxebe goitik behera. Gaur ere ez nuen konbinazioarekin asmatuko, pentsatu du Etxebek, jantzita daramatzan poloa eta kazadora koloretsuak disimuluz aztertzen dituen bitartean. Ezezaguna, ilara utzita, zuzen-zuzen hurbildu zaio.

        — Unibertsitatean irakasgai batzuetan elkarrekin egon ginen gelan, ezta?

        Etxebek, ez dela akordatzen erantzutearekin bat, kafea eskuan duten lankidez inguratutako aretoari begiratu panoramikoa eman dio, solasaldi hasi berriaren testuinguruaz kezkatuta.

        — Hamar urte baino gehiago izango dira, baina fisikoki ez zara hainbeste aldatu —jarraitu du ezezagunak—. Gogoratzen dut gelan etengabe parte hartzen zenuela eta irakaslearekin oso kritikoa zinela.

        — Gaztetxoak ginen orduan.

        — Kalean ere ibiltzen zinen...

        — Joango al gara tabernara kafea lasaiago hartzera?

        Enpresa honetan dagoenetik Etxebek estreinakoz egin dio gonbita norbaiti. Arriskutsua bihurtzen ari zela iruditu zaion egoera honetatik ateratzeko ez zaio ihesbide hoberik bururatu. Ezezagunak pozez hartu du proposamena. Tabernan, oroitzapenen emaria agorrezina dela esango luke Etxebek, bulegora itzultzeko asmorik ez duela ezezagunak, eta bai, zalantzarik ez dago gelakideak izan zirela, baina Etxebek orain ordenagailuaren aurrean eseri eta txostena idazten jarraitzeko irrika besterik ez du sentitzen, eta unibertsitate garaiko kontu horiek betirako isilarazteko, bulego honetan inori interesatu behar ez litzaizkiokeelako, sasoi hartan izan zena jadanik ez delako. Orduko kemena bai, nahi luke, baina beste helburu batzuetarako, gaur egun helduagoak iruditzen zaizkionetarako. Sotilago jokatzen ikasi du behintzat. Hitz egiten duenean, adibidez, nabarmen ez gelditzen.

        — Nitaz akordatzen ez bazara, neure burua aurkeztu beharko dut: Josu naiz.

        — Niri Etxebe deitzen didate.

        — Hori ez nuen gogoratzen.

        Etxeberi asko kosta zaio Josurekikoak amaitzea, honek lanera bueltatzeko gogorik ez duela dirudielako, baina azkenean Etxebe itzuli da bere mahaira. Pantailari begirik kendu gabe pasa du arratsaldea, zeregina betetzen ari denaren plazeraz; behar zuen dosia odolean barna dabilkio.

        Afalorduan iritsi da etxera. Sofan topatu du Herrera, telebistak anestesiatuta. Egunean zehar aparteko ezer ez zaiela gertatu kontatu diote elkarri. Etxebek ozpinduta nabaritu du Herrera eta, eztabaidarik ez sortzeko asmoz, ez dio ia hitzik egin. Etxebek, bere kautarako, Herrerarekiko harremanaren eguneroko balantze azkarra egin du: zorte handia daukagu, gorabehera arruntak bai, baina ederki doa dena.

        Berehala joan dira ohera, baina Etxebek ezin du lo egin. Unibertsitate garaiak etorri zaizkio gogora, eta ez malenkoniaz. Ez zaio gustatu Josu delako horren jite berritsua. Beste zerbaitetan pentsatzen ahalegindu da. Begiak bildu ezinik, sabaia beltz, zuzendariarentzako txostena buruz idazten aritu da.

        Iratzargailuan goizeko ordu biak dira Herrera ohetik isilka irten denean. Bi minutu ere ez dira pasatu Etxebek, gaueko isiltasuna asaldatuz, kaleko atea ixten entzun duen arte.

 

 

Arnasari eutsi dio. Itolarria sentitzen du, baina baita hutsune sakon bat ere sabelaren erdian, eta lasaitasunaren antza duen zerbait ere bai. Nabarmenegi geratu aurretik utzi behar izan die birikei aire berria hartzen, ama eta aita jabetu baino lehenago. Herrerak badaki kezkatuta begiratzen diotela. Urrun sentitzen ditu, jator eta borondate oneko. Beraiena beste mundu bat da ordea. Ez duzue nire egoera ezagutzen, esango lieke Herrerak; Herrera jauna, Herrera andrea, ezin duzue ulertu nik gauzak nola ikusten ditudan eta ez dizuet ezer leporatzen hala ere, gehienetan ez, nerabezaroa gainditu nuenetik ez behintzat, baina Herrerak badaki aitak edo amak bere kolkorako pentsatuko luketela Ume honek zer daki ba gutaz?, eta, hala ere, ez lioketela hitzez adieraziko. Eta oraindik ume txiki bat dela iruditzen zaio Herrerari, gurasoak nahigabetzeko beldur den kakanarrua. Beraz, Herrerak isilik egotea erabaki du, eta hitz egin behar badu, gurasoen parametroetan erosoa izan daitekeena bakarrik esatea.

        — Ondo al zaude orain?

        Orain?, pentsatu du Herrerak; zer ari zara gogoratzen, ama? Bat-batean bere burua ikusi du egongelaren erdian, zorrotz beltzez jantzita, besaulkiaren kontra, eta parean gurasoak, semea inguratuta baleukate bezala.

        — Ondo, bai —erantzun die Herrerak.

        Etxebe etorri zaio burura (oso ondo, oso ondo, oso ondo): iratzargailu bat dirudi, auskalo zer beldurretatik esnatzeko, etengabe errepikatzen dio bere buruari: zer zortea dudan, zeinen ondo nagoen. Agian lokatza belaunetaraino ez sentitzeko. Lanean zer moduz galdetzen dionean, Etxebek arinkeriak bakarrik kontatzen dizkio, edo zoragarri atera zaizkion egitasmo txiki-txikien berri ematen dio. Oso ondo, oso ondo, oso ondo. Nekagarria da Herrerarentzat, hainbeste ezen orain Herrera ari baita hori egiten gurasoen aurrean. Lehen dena kontatzen zien. Ikasi du ez dela egokia, hobe dela isiltasuna.

        Arnasari eutsi dio, ia ito arte, eta ezerez horrek baretasuna besterik ez dio ematen. Amaren hizketa hotsa entzuten du, baina ez du ezer sentitzen. Aitaren begirada ez ikustea nekezagoa zaio: azkazalaz urratu du hatz lodiaren ertza; likido hori odola da. Zauria sakontzen jarraitu du.

        — Berriro hasi al zara?

        — Zertan, ama?

        Aita mutu, ama salto batean abiatu da Herrerarengana. Eskuak heldu dizkionean, amaren eskuak odol pixka batez zikindu dira. Amak zakar altxa dio kamiseta bizkarraldetik. Aitari begira esan du:

        — Gutxienez ez dauka zauri arrastorik.

        Zuek erotu egin zarete, kexatuko litzateke gustura Herrera, nahiz eta gezurra dela jakin. Baina diziplinaz gogorarazi dio bere buruari: Ez, Herrera, ez hitz egin, antzeztu, izan egokia, eta gero egin nahi duzuna.

        — Joan beharra daukat. Deituko dizuet bihar.

        Igogailuan birikak inoiz baino gehiago uzkurtu zaizkio, oxigenorik ez, harik eta atea ireki den arte. Kalean kotxe saldoen ondoan arnasberritu da. Zaratak eta mugimenduak lasaitu egiten dute. Ezer ez pentsatzeko ahalegina eginez iritsi da helmugara. Atezain automatikoan erantzunik jaso gabe ireki diote atea, eta laugarren solairuan ere halaxe. Zain duen lagunak itzulingururik gabe eraman du logelara. Institutu amaierari buruz hitz egiten dion bitartean utzi ditu arropak lurrera erortzen. Haren gorputz ia nerabearen aurrean, Herrerak uste du lilura sentitu behar lukeela. Parean dudan hau ez da Etxebe, pentsatu du Herrerak; gorputz biluzi honek aldizkari bateko azalerako balioko luke. Baina enkontru hauetan ere Herrera ez da lehen bezala pizten eta ez du ulertzen zergatik. Badaki bisita hauek errutina besterik ez direla jadanik, eta, hala ere, nahiago du atea zeharkatu eta ohiturari jarraitu, batez ere orain, heldulekurik gabe gelditzen ari den garai irristakor honetan. Diziplina handiz erantzi ditu arropa beltz guztiak, eta, aldi berean, pentsatu du hobe duela ohean luze etzanda dagoen ia nerabe horrekin egoskortzea baino beste norbaitengana hurbiltzen saiatzea, Norarengana adibidez, duela gutxi ezagutu duen Etxeberen lankide horrengana.