Etxekalte
Etxekalte
2012, nobela
216 orrialde
978-84-92468-37-9
azala: Lander Garro
Harkaitz Zubiri
1977, Donostia
 
2007, narrazioak
Etxekalte
2012, nobela
216 orrialde
978-84-92468-37-9
aurkibidea

Aurkibidea

Lehen zatia

—1—
Josu

—2—
Herrera eta Etxebe

—3—
Nora

—4—
Josu

—5—
Etxebe eta Herrera

—6—
Nora

—7—
Josu

—8—
Etxebe eta Herrera

—9—
Nora

Bigarren zatia

—10—
Aingeru

—12—
Herrera eta Etxebe

—13—
Aingeru

—14—
Josu

—15—
Aingeru

—16—
Nora

—17—
Aingeru

—18—
Etxebe eta Herrera

—19—
Nora

—20—
Josu

Erosi: 16,62
Ebook: 3,63

Aurkibidea

Lehen zatia

—1—
Josu

—2—
Herrera eta Etxebe

—3—
Nora

—4—
Josu

—5—
Etxebe eta Herrera

—6—
Nora

—7—
Josu

—8—
Etxebe eta Herrera

—9—
Nora

Bigarren zatia

—10—
Aingeru

—12—
Herrera eta Etxebe

—13—
Aingeru

—14—
Josu

—15—
Aingeru

—16—
Nora

—17—
Aingeru

—18—
Etxebe eta Herrera

—19—
Nora

—20—
Josu

 

 

11

NORA

 

 

Insomnioaren sindikatua osatu behar dugu, pentsatu du Norak. Goizeko zortzietan aitak deitu dio telefonoz, handik gutxira Josuk, biek egunkariko albisteari buruz hitz egiteko. Nora, berriz, goizeko seietatik dago esna, altzarietan pipien aurkako likido usaintsua brotxaz ematen. Hasieran spray poteekin ekin zion egurra konpultsiboki zipriztintzeari, baina eraginkorra ez zela ikusi zuenean, Secundino Esnaola kaleko pintura denda batean galdetu zuen.

        Urduritasuna nabaritu du telefonoaren beste aldean.

        — Larunbatetan inork ez al du lasai lo egiten Donostian?

        — Irakurri al duzu egunkaria?

        Albistearen arabera, sindikatu horiko eta marroiko kide bana, hain zuzen lan hitzarmena negoziatzearen arduradunak, soldatetan eta pentsioetan gainsari handiak kobratzen ari dira enpresaren aldetik.

        — Hemen ere, negoziatzaile ustelak.

        — Kontu honek alde ona ere badauka: Zuriarrainenak egin du —poztu da Nora.

        — Oraingoz ez behintzat.

        Albistean ez da Alberto Zuriarrainen izena agertzen. Gainsarien hartzaileak Harkaitz Perez eta Jon Mikel Igoa dira, sindikatuen ardura nagusia izan gabe negoziazioetan dabiltzan bi gazte.

        — Abisu bat da. Enpresak badaki Zuriarrain gai dela egoera bideratzeko eta horregatik ez du oraingoz zikindu.

        — Kontraerasoa hasi da, beraz. Zure zuzendari horrek, Pedro Tolosak, badaki hariak mugitzen.

        — Ez zen zaila, gure lagunak zein diren ikusita.

        Telefonoa eskegi duenean, Norak lehen baino kemen handiagoz ekin dio pipien kontrako tratamenduari. Likidoa eman ondoren, plastikoz estali behar ditu altzariak, zirrikiturik utzi gabe, pipiak bertan ito daitezen. Ez dute beren borondatez alde egingo. Akabatu egin behar dira. Arnasbiderik gabe pipiak altzarietako ezkutalekuetan hiltzen direnean, oraindik ez dira plastikoak kendu behar, pipiek jarri dituzten arrautzak ireki eta haiek ere kimikak itotzen dituen arte. Tratamenduak berrogei egun iraun behar duela esan diote, baina Norak, badaezpada, denbora gehiagoan eustea erabaki du.

        Noraren etxeak, Noraren etxea ere ez denak, itxura berria du: plastikoetan bilduta daude altzariak, eta lehen armairuen barruan zegoen guztia plastikozko poltsetan dago orain, etxe osoan barreiatuta.

 

 

Tabernan eserita egon den bitartean, nahiko ondo zegoela zirudien, giro sargoriak eragingo ez balio bezala, baina kotxera joateko jaiki bezain azkar arnasestuka hasi da Manuel. Norak ez daki zer egin laguntzeko. Pausoa moteldu eta gelditu egin da Manuel. Atsedenalditxoaren ondoren itzuli da bere onera, kotxera iritsi eta eseri denean.

        — Garai hartan ez genekien kaltegarria zela. Hautsez beteta bukatzen genuenean, ez zen gure gustukoa, baina lasai asko bueltatzen ginen etxera. Niri emazteak garbitzen zizkidan laneko arropak. Orain bera ere beldurtuta dago. Gaixotu egingo dela uste du.

        Norak ez daki zer esan. Martxan jarri du kotxea. Berandu iritsiko dira bilerara. Trintxerpen bizi dela esan zion Manuelek aurrekoan, Noraren etxetik hurbil, eta elkarrekin joatea proposatu dio Norak. Biek dute interesa, beste inor aurrean egon gabe hitz egin nahi dutelako. Manuelek, Josuri buruz:

        — Mutil hori inoiz ez da nire gustukoa izan. Aitari arazo asko sortu zizkion. Eta orain ere ez naiz fidatzen.

        Nora aspertuta dago Josuri buruz gaizkiesaka nola egiten duten entzuteaz. Sarri ikusi du Josu burugaldu, baina Zuriarrainen gisako jendea ez dago lehenengo harria botatzeko egoeran, eta Norari ez zaio iruditzen Manuel posizio horretatik hainbeste urrundu denik. Garai hartan inork ez zekien amiantoa kaltegarria zela?, pentsatu du Norak. Baina ez du ezer esan. Lehenetsi egin du barruan darabilkien beste kontu bat norbaiti azaldu ahal izatea, eta hasteko ez zaio bururatu Manuel baino pertsona egokiagorik.

        — Aingeru Tolosak deitu dit, enpresako zuzendariaren semeak. Donostian dago berriro, eta nirekin hitz egin nahi duela esan dit. Ez dakit joan behar nukeen. Balioko al du ezer bideratzeko?

        Manuelek baietz erantzun dio. Nora, ordea, ez da lasai gelditu. Manuelek hitz egin bezain azkar jabetu da aurretik ere bazekiela Manuelek zer aholkatuko zion. Zertan ari naiz, pentsatu du Norak, babes bila? Horregatik ez diot galdetu aurrena Josuri edo Anderri?

 

 

Igerilekuan kilometroak egin arren, ezerk ez duela sosegatuko iruditzen zaio Norari. Berehala etsi du. Igerilekuko bazter batera joan da, Herrerak bukatu arte itxarotera. Inguratu zaionean, elkar agurtu eta berehala galdezka hasi da Nora:

        — Giza Baliabideetan...

        Baina ez du aurrera jarraitu. Norak uste du ez dela zuzena Herrerari informazioa eskatzea, orain arte, Herrera galdezka etorri zaionean, Norak ez diolako ezer kontatu nahi izan.

 

 

Igeldon elkartu dira laurak. Bilera irekia antolatu aurretik ezinbestekoa iruditu zaie, baina orain, mahaiaren bueltan eserita, udako bero sapak izerdia baino ez duela sustatzen dirudienean, ez du ematen inork hitz egiteko gogorik duenik. Manuelen arnas hotsa ozen entzuten da.

        — Bihar nola eskatuko diet konfiantza izan dezatela? —galdetu du Anderrek.

        — Mesfidantza puntu bat ere ez zaie gaizki etorriko —erantzun dio Norak.

        — Barkatu, baina esan duzun hori ez zait errealista iruditzen.

        — Barkatu, baina konfiantza handiegiak artaldeetan bakarrik ikusten dira.

        — Kritikarako gaitasunaz ari zara, ezta? Bada ni teorian ados nago zurekin, baina praktikan lan hitzarmena negoziatzeaz ari naiz, eta, gainera, amiantoarekin egin dituzten kalte guztiak ordainarazteaz, eta hori lortu ahal izateko presioa egin behar dugu. Esango didazu nola izango garen eraginkorrak gure enpresa zoragarri horretan, kontuan hartuta ez dugula gogorik ezta kafe bat hartzera elkar gonbidatzeko ere.

        Norak hogei urte inguru zitueneko hainbat pasarte gogoratu ditu bat-batean eta, bide batez, mesfidantzaren baliagarritasuna goretsi du bere baitan, munduan bizitzeko ezinbestekoa delakoan, ingurukoei begiratzeko, Anderri, Josuri, Manueli so egiteko; baina ez du ezer erantzun nahi izan, taktikoki, bai baitaki dena bertan behera uztear daudela, mesfidantzatik harago jendearen animoa oso higatuta dagoela. Bai: mesfidantza aspaldi gainditu zuten, orain elkar ezin eramana nagusitu da, berak ez dauka formula magikorik; une honetan mahaiaren inguruan dauden laurak elkarrekin mantendu behar ditu.

        — Saiatzen jarraitu behar dugu —esan du Norak isilune luze baten ondoren.

        — Lehen zaila bazen, orain auskalo —ihardetsi dio Anderrek.

        — Konturatu al zarete egoera inoiz baino argiagoa dela? —galdetu du Josuk garagardoa mahai gainean utzita—. Enpresan pozoitu ziren langile horiek; zuzendaritzak bere esku dagoen guztia egingo du arazoa estaltzeko, eta guk egiten dugunaren arabera aldatuko da emaitza.

        Norak hasperen egin ondoren hitz egin du:

        — Eskema bezala oso... eskematikoa da, baina egoera zure buruan bakarrik dago argi, errealitatean oso beltz dago.

        Anderrek baietz egin du buruaz, eta orduan hasi da eztabaida, Nora eta Ander indar handirik gabe, Josu fede itsuaz. Norak ondo ezagutzen du Josuren aldarte hori. Bikote izan ziren garaian boladak izaten zituen, goraldiak, puztuki baten gisan husten ziren euforia egunak, eta beherakada bortitzak, putzu batean hondoratzea bezalakoak. Baina orain Norak inbidiaz entzuten du Josuren diskurtsoa, indarrez gainezka, itxura ezin hobearekin, ilea garbi eta txukun, arropa ondo lisatuta, begizulorik gabe, Norarekiko harremanaren aparrean zegoenean bezala. Josuren aldarteari jarraiki, Nora prest legoke baxualdi luze bat nozitzeko baldin eta istant honetan egoerak eskatzen dion bezainbesteko kemena biltzeko gai balitz. Horregatik utzi dio Josuri pentsatzen duen guztia lasai azaltzen, Norak badakielako, neurri batean, Josuk arrazoi duela. Ander isilik dago. Azkenean Josuren grina nagusitu da eta hurrengo egunetarako zereginak banatu dituzte: lankide eta senideekin egin behar duten bileraren gai ordena ondo landu, ahalik eta jende gehiena gonbidatu, nork bere sindikatuko kideekin bakarka egoera argitu, eta gaixo egon daitezkeen lankide gehiagoren bila jarraitu.

        Norak ez die esan Aingerurekin hitz egiteko asmoa duenik. Lotsa ematen dio.

        Manuelek ez du fitsik esan ordura arte, baina bilera amaitzear denean hartu du hitza:

        — Zuriarraini kontatuko diot nik gutxi gorabehera hemen hitz egin duguna.

        — Gero zuzendaritzari konta diezaion —erantzun dio Anderrek.

        — Horrela adostu dugu hasieran eta orain bete egingo dugu hitzartutakoa.

 

 

Erneguak gainezka egin dion arren, Norak razionalizatu egin nahi du une honetan sentitzen duena: Ez dakizu Aingeruk zer pentsatzen duen, aitaren semea izanagatik ezin duzu automatikoki zaku berean sartu, ahalegindu egin behar zenuke bera ere zure alde jartzen, horretarako ere gai zara.

        Hondartzaren inguruan paseoan ibili da lehenik. Josuri telefonoz deitzekotan egon da berriro, baina ez zaio egokia iruditu, edo agian ez da ausartu. Eta azkenean etxe-atarira abiatu da eta bi aldiz pentsatu gabe sakatu dio atezain automatikoaren botoiari. Igogailuan topatu duen bizilagunari kortesiazko irribarrea egiteko gai ere ez da izan. Lasai hartu, Nora, pentsatu du, ziur aski alferrikako tramitea izango da eta.

        Atea ireki dionean, pozik ikusi du Aingeru. Itzulingururik gabe, makuluen gainean arin mugituz gidatu du Nora korridore luzean zehar egongelara. Norari deserosoa iruditu zaio haren ahots tonu alaia, eta are gehiago bera egongela zuri handiko sofa marroi batean eseri denean larruzko beste sofan jartzera lagunkiro gonbidatu duenean. Norak ez ditu kontatu korridorean zehar ikusi dituen ate guztiak, baina asko ziren. Etxe luze horretan nonahi dago abangoardista itxurako dekorazioa. Nora lekuz kanpo sentitzen da, pittin bat higuinduta, lehendik ez baitio denborarik eskaini Aingerurekin elkarrizketa izango zuen eszenatokia aurreikusteari.

        Chicago izan da estreinako hizpidea, Aingeruk sustatua, baina Norak aurrerabiderik ematen ez dionez, berehala lotu zaio Norak telefonoz azaldu dion gaiari:

        — Inoiz ez nuen ezer entzun horri buruz.

        Alde egiteko gogoari eutsi dio Norak:

        — Argi gelditu da amiantoa erabili zutela.

        Aingeruren ihardespena espero du Norak, baina Aingeru informazio gehiagoren zain dago.

        — Garai bateko zenbait langileren testigantzetatik lortu dugu informazioa. Enpresak bere aldetik ezer egiten ez badu, askoz zailagoa da datu guztiak lortzea.

        Norak informazioa amaitutzat eman duen arren, Aingeruk galdera asko dauzka. Xehetasun txikienak ere interesatzen zaizkio. Arratsalde osoa eman dute horretan. Aingeruren jarrerak ezustean harrapatu du Nora, pozgarria iruditu zaio.

        Gaua iritsi da eta oraindik ez dute afaldu. Aingeruk behean dagoen Wok jatetxe txinatarrera gonbidatu du, baina Norak etxera joateko gogoa du, hitz egin dutenari buruz hausnartzera eta ideiak ordenatzera, eta, gainera, uste du ez litzatekeela aproposa biek toki publiko batean elkarrekin afaltzea. Gonbitagatik eskerrak eman dizkio eta korridorera abiatu da. Aingeruri gehiago kosta zaio makuluekin sofatik jaikitzea. Kanpoko atera iritsi direnean, Aingeruk lotsatuta hitz egin du:

        — Eskertzen dizut hau guztia kontatzea.

        — Zuzendariaren semea zara, baina pentsatzen nuen agian laguntzeko gogoa izango zenuela.

        Nabarmena da Aingeru gustura dagoela, eta ez du isilik gelditzeko asmorik:

        — Ni ere akordatzen naiz gurasoei buruz izan genuen elkarrizketa hartaz. Hura parranda ona izan zen, bai. Bueno, ona eta nahiko sakona; zilborrestea eten eta kontu horiek.

        Norak ahaztuta dauka gau hura. Bulegokoen afaria izan zen, zepelin olinpikoa: ia denetik egin zuen, Hertzainak desentonatuta kantatzetik Lady Gaga gogotsuegi dantzatzera, garagardotik gintonikera, tartean Aingerurekin izan zuen elkarrizketa hura, zertaz hitz egin zuten zehatz gogoratzen ez duena, tartean taxian botaka egitea, azkenean dutxa hotza hartzen lagundu zion Josuk, eta biharamunean aje galanta.

        — Salmenta sailekoek Kontxan bainatzen bukatu zuten.

        Aingeruk xehetasun handiz deskribatu du lankide bakoitza zer arropekin itzuli zen etxera, saileko batek kontatu omen zionaren arabera. Norak barre egin du, negar malkotan amaitu arte. Baina pasarte osoa zehatz-mehatz kontatu bezain laster, isil-isilik gelditu dira biak. Nora deseroso sentitu da bat-batean. Ez daki zer esan. Egoera luzatu denean, Norari nabarmena iruditu zaio Aingeru ere hitzen bila hasi dela, eta nahiko arin lortu du zerbait esatea:

        — Hitz egingo dut nik aitarekin. Kontu hau uste baino azkarrago konponduko dugu.